Alderdiak eta biktimak: ez dezagun iparra galdu

Jon Mirena Landa. Giza Eskubideen bulegoko zuzendari ohia.
2010eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Motibazio politikoak eragindako giza eskubideen bortxaketaren biktimen txostenaren jarraipena behar lukeena aurkeztu zuten abenduaren 1ean, Eusko Legebiltzarrean. Aurkezte hutsa albiste ona da, estatuaren ardurapean izandako bortxaketa larrien onarpena eta baieztapena esan nahi duelako, eta betetzeko dagoen ikasgaia da egian, justizian eta erreparazioan oinarritutako politika publikoak eskatzen dituena. Inoiz ez da berandu, asmoak onak badira. Batez ere PP eta PSE begirada altxatzen hastea eta bortxaketa mota hori badela ukatzeari uztea ona da: haientzat, noski, baina batez ere biktimentzat eta gizartearentzat. Ekarpen txiki bat gehitzen da pasa den legegintzaldiko 2008ko ekainean aurkeztutako txostenari txertatzen zaiona. Eta bide bat ikusten da, denen artean egin behar dena, eta inolaz ere etenik izatea onartu behar ez dena.

Baina nola ibili? Zein bide orrirekin? Alderdien arteko kontsentsuaz asko hitz egin da egunotan. Eta hori ere ona da. Prozesuak zaindu egin behar dira, biktimen zaurietan gatz gehiago bota dezaketen alderdien arteko desadostasunak saihesteko. Azken finean, haiek baitira plater hautsiak ordaintzen dituztenak.

Baina adostasuna ez da helburua. Helburua erreparatzea da-ahal den neurrian- egia egin eta argitara atera, eta justizia egin. Hildakoak eta zaurituak, torturatuak... hamarkadetan entzun behar izan dutenak eskubiderik ez zutela, esaten zutena gezurra zela, guk ordaindutako zergekin ordaindutakoen eskutik sufritu dutenak, euren osotasuna bortxatu dietenak, duintasuna, eta Estatuko aparatuetatik hil egin dituztenak eta lesioak eragin dituztenak; horiek guztiak gizartean oso irekia dagoen zauri bat dira eta leuntasunez eta lehentasunez tratatu behar dira.

Alderdi politikoek -batzuek beste batzuek baino gehiago-, Eusko Jaurlaritzak, Giza Eskubideen zuzendaritzak eta Biktimen arretarako bulegoak biktima horiek erdigunean jarri behar dituzte, eta erraza izango ez den komunikazioa hasi behar dute. Helburuak jardun publikoaren eta hartzaileen arteko gutxieneko sintonia lortzea behar luke izan. Eta hor topatzen da aurkeztu berri den txostenean hobetu behar den lehen frontea. Txosten berriak ez du kaltetuen zerrendarik jasotzen: aurreko txostenean, 2008koan atariko lan bat eginda, 109 hildako eta 538 zauritu identifikatu genituen. Artatuak izan daitezen zain dauden kasu konkretuak dira. Bai, txosten berrian ez badaude ere, kotoiaren lehen proba haiengana jotzea da, eta epe bat irekitzea biktima diren datuen ekarpena egin ahal izateko aukera izan dezaten. Aurreko txostenean lehen urratsa baino ez genuen egin, baina ez zen ez denborarik ez alderdi batzuen aldetik elkarlanik egon gizartean kanpaina ireki eta publiko bat egiteko biktima dena eta zerrendetan ez dagoena txertatzeko. Egungo txostena serioa bada, Gobernuaren ateak ireki behar dira pertsona horiek euren hitza esan dezaten, adierazi daitezen eta erroldan gehitzea eskatu ahal izan dezaten. Ezin da txostenik egon, ez aurrerako urratsik, ez politika seriorik, biktima horiek aintzat hartu gabe.

Ildo horretan, «bidegabeak diren sufrimenduen» erreferentzian «giza eskubideen urraketaren biktima» izan direnak gehitzea ongi etorria izan behar da, inor ez dadin alboratuta geratu. 80ko hamarkada amaieratik aurrera gertatu diren giza eskubideen urraketei garrantzia kentzeko tentaziotik alde egin behar da. Tortura, edo gehiegikeria polizialek edo gertatu diren beste elementu parapolizial batzuk besteen tamainako giza eskubideen urraketak dira, eta motibazio politikoarengatik eraginda, berdin-berdin. Ondorioz, bazterketarik gabe artatu behar dira eta berdintasunean.

Txostenak, beraz, fronte kritiko hori du: Non geratzen da jendea? Eta ondo uler dadila. Ez da kritika destruktiboa. Ekarpen bat da, umiltasnez, ni ikustera iristen naizen arte, motibazio politikoak eragindako giza eskubideen biktimak, orain arte ukatuak, diskriminatuak eta publikoki irainduak eta laidotuak ere izan direnak, ulertu ahal dezaten politika publikoak esanguratsuak izan daitezkeela haientzat ere: itzaletik atera daitezen, elkarrizketa baten hasiera gisa uler dezatela. Eta horrek esan nahi du, eta gogorra baina beharrezkoa izango da, haien egia entzutea. Eta zehaztu dezatela zer nahi duten erreparatzeko, hortik aurrera eskaera zilegia zein den atera dezagun. Ez du balio «despotismo ilustratuak»: herriarentzat baina herririk gabe. Biktimentzat baina haiek aintzat hartu gabe?

Txostena autismo gubernamentalean geratzen bada edo alderdi politikoen oreken menpe (eta ez dezagun ahaztu Alderdien Legea dela-eta ez dutela euskal gizarte osoa ordezkatzen) litekeena da txostenaren etorkizunak heriotzera eramango duten zauriak izatea, eta horrek zauriak sendatu baino gehiago infektatzera eramango du.

Beraz, poztu gaitezen emandako pausoagatik, baina orain ireki ditzagun ateak. Epe luzera begira, bazterketarik gabe, hierarkiarik gabe, alderdi politikoen kalkulurik gabe, lege oztopoak aitzakia gisa baliatu gabe, justizia letra larriz egiteko, nazioarteko zuzenbidea erreferentzia hartuta eta iparra galdu gabe. Politikak biktimentzat behar dute izan, eta beraien bitartez, gizartearentzat. Eta ez alderantziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.