Andoni Aizpuru eta Xabier Euzkitze lagunei

Xanti Begiristain Madotz. Iban Laka. Endika de Miguel
2010eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Kaixo, Andoni eta Xabier:

Badakit oso saiatuak zaretela gauza guztiak ongi-ongi esan eta idazteko, eta, gainera, aitortu behar dut pertsona eredugarritzat jotzen zaituztedala alor horietan. Hala eta guztiz ere, denak pertsonak gara, eta ez da batere harrigarria noizean behin zertxobait pasatzea eta itzurtzea.

Andoni, zurekin hasiko naiz. Orain dela gutxitik aurrera, ETB1eko eguraldi mapan, egunero-egunero ikusten ditugu Ortzanzurieta eta Irurzun hitzak. Suposatzen dut ez dela izanen inoren borondate txarrarengatik, baina begiratzen baduzue Euskaltzaindiaren webgunean, ikusiko duzue bi kasuetan ere esaten dutela Ortzantzurieta eta Irurtzun direla euskal era arautuak; hortaz, ba, Andoni laguna, ez baldin badago beste arrazoi sendoagorik behinik behin horrela agertzeko, eskatuko nizueke bi akats horiek ahalik eta azkarren kentzeko.

Eta orain, zurekin, Xabier. Gaur egun, pilota partidetan sarritan agertzen ez badira ere Eratsun eta Mugairi herriak, egia da garai batean askotan agertzen zirela, Julian Retegi, Mikel Goñi eta abar zirela-eta. Esan bezala, gaur egun ez da oso arrunta hitz horiek agertzea, baina, hala ere, batzuetan oraindik ere, Iñaki Eskudero dela-eta edota Otxandorena dela-eta, agertu ohi dira Eratsun eta Mugairi herriak. Aitortu behar dut zuk zerorrek, Xabier, oso ongi esan ohi dituzula hitz horiek. Baina ez dakit inoiz erreparatu ote diozun, ETB1en beti agertu izan direla gaizki idatzita; alegia, Erasun eta Mugaire. Zalantzaren bat baldin baduzu, errepasatu pixka bat aurreko programak eta ikusiko duzu horrela dela.

Beno, Andoni eta Xabier lagun estimatuok, badakit ohitura txarrek batzuetan pisu handi samarra izaten dutela zuzenduak izateko, baina zuen prestutasunarekin ez dut zalantzarik egiten berehalaxe zuzenduko dituzuela hitz desegoki horiek.

Har ezazue besarkada bero bana.

Xanti Begiristain Madotz. Iruñea.

Maldan gora

Arratsaldea libre samar izanda, Gabriel Arestiri buruzko hitzaldi batera joateko hautua egin nuen. Bidebarrietako liburutegira sartu, eta jende gutxi topatu nuen. Dagoeneko, tamalez, harritzen ez nauen gauza. Jon Kortazar genuen hizlari, eta, honelako adituekin gertatzen den bezala, oso aspergarria izan zen hitzaldia; lehen partea, batik bat, jasanezina. Gutxi baziren agertutakoak, gehienak lozorroan egon ginen, Nietzsche, Supergizona, Jesus eta enparauak izaren azpitik sartzen zirelarik, tentuz lisatutako maindirea aldrebestuta. Honelako hitzaldi gogaikarriek ez dute batere laguntzen maldan behera.

Iban Laka. Bilbo

Donostiako Udala eta frankismoa

Bidebieta gaur egun Donostiako auzune bat da. Lehengo garaian, frankistek Altza udalerria Donostiako udalerrian txertatu baino lehen, etxetxo batzuk besterik ez bazeuden ere, oso ezaguna zen tiro-zelaiari esker. Gero, Francoren armadak Donostia eta Altza hartu ondoren, terrorearen sinbolo bihurtu zen tiro-zelai hori, presoak horra eramaten baitzituzten, bertan fusilatzeko. Lekuko zaharrek ziotenez, beldurgarria izaten zen bertatik ailegatzen zen entzunkizuna.

Gero, fusilamenduen kopurua beheititzen joan zen, Francoren totalitarismoak jarraitzen bazuen ere.

Francoren botereak 25 urte bete zuenean, kanpaina bat antolatu zuten 25 urte haiek ospatzeko. Kanpaina horri erdaraz 25 Años de Paz izenburua jarri zioten, eta horrela irakur zitekeen panel handi haietako iragarki gorri-hori haietan. Pio XII plazan erakusketa jarri zuten urte haiei buruz.

Erdarazko titulua aipatu dut, baina euskaraz ere egin zen kanpaina. Orduan ikusi nuen lehen aldiz Gobernua euskara erabiltzen. Hau dela eta, anekdota ederra konta daiteke. Hasieran 25 Pake Urte jarri zuten gorri, berde eta zuri koloreak nagusi ziren iragarki handi haietan (harrigarria koloreena, bai), baina erdaraz bakarrik zekienak, 25 años oso barneratua zuenez, 25 (años) pa-que-hurte irakurtzen zuen. Berehala aldatu zituzten iragarki horiek eta hortik goiti 25 urte pake esaldiarekin agertu ziren.

Kanpaina horren barnean, agindu bat agertu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean, eraikitzen ari ziren etxe multzo berri batzuei La Paz izena jarri behar zitzaiela. Haien artean Bidebietakoa. Agindu horren izenburua, hitzez hitz, Imposición del nombre de La Paz izan zen. Franco hil ondoren, garai hartako kartel eta seinaleak, kostata baina, aldatu egin ziren eta gaur egun, zorionez, oso jende gutxik erabiltzen du frankistek ezarritako izen hori, eta normalean Bidebieta izenez ezagutzen da berriro.

Baina Donostiako Hiria Antolatzeko Plan Orokor berrian, Donostiako Udalak, Memoriaren gaineko 52/2007 legearen 15. artikulua kontuan hartu gabe, bertako area Bidebieta-La Paz izenez bataiatu du, Bidebieta-iparra, Bidebieta-Bordaplata edo antzekoa jartzeko aukera duen arren.

Hainbeste denbora eta oraindik frankismoa jasan behar. Legea paper bustia omen da.

Endika de Miguel. Donostia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.