Baztan aldeko herri kox-kor batean, zeinaren izenik ez dudan gogoratu nahi, bizi zen denbora asko ez dela etxeko seme bat. Hirurogei urte ondo beteak zituela, buruak bero hala emanda, gogoa hartu zuen auto gidabaimena ateratzeko. Kosta ahala kosta. Izan ere, delako agureak ez aditu egiten zuen ezer, gorraizeagatik; ez ikusi egiten zuen deus begi batetik, eta lanbroan bestetik; gainera, bi makuluren beharra izaten zuen gizajoak etxetik irtengo bazen, belaunetako ajeen kariaz.
Beraz, eta bistako den moduan, haren seme-alabek entzun ziotenean tema tematia (karneta atera behar zuela eta kito; bakean uzteko berari), zer ez zen izan haien ustekabea lehenbizi, eta ezin ondo iritzi izan zioten halako kasketari hurrena. «Demontretan, aita -esan zioten trufaz-. Ez duzu ateraldi txarra horixe!». Eta berak erantzun zien lainezaz: «Ni ez naizela gai, eta zuek bai, mukizuak halakoak!? Hontzak birigarroari 'buru handi'». Etxetik kanpo ere, nahiko zer esan jarri zuen notiziak auzoan.
Esanak esan, gauza da, handik lau hilabetera, eguerdiko otorduaren tenorean, han sartu zitzaiela etxeko atetik aita xaharra gidabaimen berria astinduz, hego-haizea ataritik baino harroago, pozik, biktorioso: «Hona hemen nire gidabaimen agiri legezkoa, to! Hona hemen atera behar ez omen niana. Gainera, 'apartekoa' iritzi naitek, apartekoa!, halaxe jartzen dik-eta azalean: excepcional, alajaina! Zuetako inork ez dik egundo halako notarik atera ezertan; aita gauzaezak bai, ordea. Apartekoa izan ni! Leitu ondo: excepcional jartzen ez al dik hemen?». (Gidabaimena berezia eman baitzioten, ez arrunta, ezinduentzakoa; ez zera!). Barra-barra barreiatu ziren barreak herrian.
Apartekoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu