Aretxabaletako Eguzkienea sustapeneko etxebizitzen jabeei

Amaia Arroyo Sagasta. Elixabete Garmendia
2010eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Bruesa Inmobiliariak bultzatutako Aretxabaletako Eguzkienea sustapenak hamabi etxebizitza bloke hartzen ditu bere gain. Horietako bi BOEkoak dira, eta bere sustapena beste enpresa batek hartu zuen. Bruesak kudeatzen dituen hamar blokeetatik lau ez dira entregatu oraindik, eta, salerosketa kontratuak oraindik betetzen dituzten arren, ez betetzeko epea gainean dago.

2010eko ekainean, Aretxabaletako Eguzkienea sustapeneko etxebizitza bloke batzuen obrak gelditu egin ziren. Ez zegoen horren ziurtasunik, baina, egunak joan egunak etorri, jabeok ez genuen obretan inolako mugimendurik ikusten. Irailaren 1a izan zen Bruesa Inmobiliariak Bruesa Construccionesen egoera larriaren berri eman zigun eguna. Gu lasaitzen saiatu ziren, obrei irailaren bukaeran berriro ekingo zietela esanez; Aretxabaletako alkatea Interneteko Mondraberri.com albistegian irten zen Bruesarekin izandako bilera azaltzeko eta obrei berriz ekiteko data berresteko. Baina irailaren 30a iritsi zen, eta denak geldi jarraitzen zuen. Data horretan bertan, Bruesa Inmobiliariak jabe bati esan zion, agiri kontu baten luzapena zela medio, obrekin urriaren 15ean jarraituko zutela. Data hori jada igaro da, eta obrek geldi diraute. Bruesa Immobiliariak berriro ere aitzakia jarri du, atzerapenaren arrazoia burokratikoa dela esanez, eta obrekin urriaren bukaeran jarraituko dutela esan dute. Zer uste izan dezakegu jabeok datei buruz, ez badituzte inoiz betetzen? Zer egin beharko genuke? Eseri eta, besterik gabe, itxaron?

Jabeok bete dugu gure zatia: etxebizitzaren prezioaren erdia ordainduta dago. Gainera, orain arte, obren mugimendu falta pazientziarekin bizi izan dugu. Baina, pairatzen ari garen desinformazioaren aurrean, erantzun beharra daukagu. Behar-beharrezkoa da jabeak batzea eta egoera honetan zer egin behar dugun erabakitzea. Ez dakigu noiz arte luza daitekeen itxaronaldi hau, eta, hori dela-eta, gure jabetza eskubideak defendatu behar ditugu.

Aipatutako guztia dela-eta, urriaren 22an, ostiralean, 19:00etan, Aretxabaletako Arkupe kultur etxean bilerara deitzen dugu. Etortzera eta parte hartzera animatzen zaituztegu, eta, horretaz gain, egoera berean dauden pertsonei deialdia luzatzea eskertuko genizueke.

Zuen parte-hartzea aldez aurretik eskertzen dizuegu.

Ez hutsik egin!

Amaia Arroyo Sagasta. Aretxabaleta.

Osakidetzaren Etxeko Ospitalizazio Zerbitzuari,esker onez

Hiru hilabete dira gure ama (Carmen Lasa Eguren) joan zela, berak esango lukeen moduan.

Une hartan eta heriotzaren ondoren lagun izan zaituztegun guztioi esker ona adierazten saiatu gara, baina geratu zaigu zerbait egin gabe; eta, orain, zorra kitatzera gatoz. Gure ama, azken egunetan, Osakidetzak daukan Etxeko Ospitalizazio Zerbitzuaren bidez artatu zenuten. Eta horri esker, etxean hil zen, medikuarekin eta erizainarekin batera senitartekook inguruan gintuela, bere -eta denon- betiko tokian.

Etxera etorri zineten erizain eta medikuei-Belen Almeida eta Miriam Berruete doktoreak- bihotzez eskertzen dizuegu izan zenuten arreta azkar, profesional eta gizatasunez betea. Amari ez ezik, familiakooi ere lagundu zeniguten modu horretara.

Eta bide batez, hala, nabarmendu nahi dugu zer-nolako garrantzia eta balioa daukan Osakidetzaren Etxeko Ospitalizazio Zerbitzuak.

Eskertuta benetan,

Elixabete Garmendia. Garmendia Lasa familiaren izenean (Ormaiztegi).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.