Arnasguneak gogoetagai

Pako Sudupe Elortza
2021eko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Dakizuenez, oraindik orain Nafarroako eta EAEko erakundeetako ordezkariak Etxarri Aranatzen izan dira, nagusiki edo behintzat modu nabarian euskaraz bizi diren herriek duten garrantzia aitortzeko eta balioztatzeko, eta halakoek erreferentzia izaten jarrai dezaten bultzada emateko. Zergatik ikusi da horren beharra?, arnasguneetako euskararen erabilera-datuek okerrera egiten dihardutelako. Egin dezagun gogoeta poxi bat arnasguneen garrantziaz.

Hasteko, aitortu behar dut arnasguneen kontu honek aspalditik irudi desatseginak sortu izan dizkidala gogoan: Ameriketako indio erreserbak, Hego Afrikako bantustanak... Bai, badakit ezberdinak direla hiru errealitateak, eta horien artean lotura arrazional handiegirik ez dagoela, nire garun irrazionalaren irudikeriaren ondorio baino ez direla, baina ez dezadan azkarregi gogoeta bertan behera utzi.

Etxarri Aranatzek bi mila eta bostehun bat biztanle ditu. Kontsultaturiko informazio-iturriek engainatzen ez bagaituzte, horietatik euskaldunak lautik hiru edo dira, hots, bi mila inguru, eta erabilerari dagokionez, bi solasalditik kasik bat, euskaraz egiten da. Bistan dagoenez, ezagutza horrekin erabilera hori altua da. Datu zehatz gehiago beharko genituzke egoera soziolinguistikoaz erretratu osatuagoa izateko. Pare bat mila euskaldun horietatik zenbatek egingo ote dute bizitza nagusiki Etxarri Aranatzen? Batzuk Altsasura joango dira lanera, beste batzuk Iruñera. Uste izatekoa da euskaldun horiei egunaren buruan maiz gertatuko zaiela gaztelaniaz egin beharra, eta, beharbada, bizi diren baldintza soziolinguistikoetan, askoz gehiagotan ere ezin dute euskara erabili. Eta baliteke, beharturik, erdaraz egiteko ohitura hartu izana —gurean erdaraz ondo ez dakiena, benetan errukarria da—, eta euskara gero eta atzenduago eta kamutsago izatea eta horregatik gutxiago erabiltzea.

Orduan, gauzak horrela, arnasguneetako euskaldun batek baino gehiagok pentsa dezake: zergatik esaten ari zaizkigu instituzioetatik, mendeetan gutxietsiak eta baztertuak eta jazarriak izan garen euskaldunon hizkuntza hau atxiki dugulako pribilegiatuak garela?, eta horregatik erantzukizuna ere badugula euskara gehiagotan erabiltzeko, euskaldun txarrak izan nahi ez badugu! Zergatik ez dituzte baldintza egokiagoak bermatzen euskara gehiagotan erabili ahal izan dezagun?

Euskaldunok erdara derrigor ikasi behar izan dugu, eta gaurko egunean ere derrigor erabili beharrean gara hainbat instituzio publikotan, eta zer esanik ez pribatuetan, eta gainera instituzioek berek aditzera ematen digute, gehienetan, era batera edo bestera —esaterako, ETB2ren bitartez, euskaraz hobeki moldatzen diren elebidunak ere erdaraz mintzatzera gonbidaturik—, biak ditugula gureak, eta horrenbestez, biak erabili behar ditugula, udalerri euskaldunetan eta ez direnetan, eta orain zer da-eta, arnasguneek gero eta arnasa euskaldun gutxiago dutela eta, euskaraz egitera adoretzen gaituzte! Kontraesanak?, hipokrisia?

Batzuek nahiago dugu euskaraz hitz egin eta euskaraz idatzi erdaraz baino, eta ez daukagu inork esan beharrik euskaraz egiteko, eta halakoak badaude udalerri euskaldunetan eta ez euskaldunetan ere, eta hala jarraituko dugu/dute, baina ez zait koherentea iruditzen helmuga bezala guztiz ezinezkoa den elebitasun orekatua duten erakundeetako ordezkariek udalerri euskaldunetako euskaldunei koherenteak izatea galdegitea.

Koherentzia gehiago ikusiko nuke udalerri ez euskaldunetan —denok dakigu zenbat erdal arnasgune dauden!—, eta batez ere gure lau hirietan —Euskal Herri penintsularraz ari naiz—, benetako kanpaina eraginkorrak egingo balituzte instituzioek, haiek gero eta euskaldunagoak izan daitezen, eta kanpainekin batean, baliabideak eta neurriak hartuko balituzte, euskararen erabilerak behera egin beharrean gora egin dezan.

Hala egitera, ziur egon, egun euskal arnasa galduz doazen arnasguneak ere arnasberrituko lirateke erabilera areagotuz, eta euskararen ardura arnasguneetako euskaldunen gain egotetik denon bizkar gainera egotera igaroko litzateke.

Euskal udalerriak ez dut uste behiala, Errenazimentuaren hasmentan, Italian errepublikak izan ziren bezalatsuko udalerri aske euskaldunak izan daitezkeenik, egun indarrean dauden legeekin; denak ere, 1978ko Konstituzio espainiarrentzat sakratutik eratorritakoak, eta egungo joan-etorri guztiz hedatuak kontuan harturik, eta halakoak gero eta euskal arnasa gutxiagorekin gera litezke, pixkanaka lurralde osora hedatuz joan ezean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.