Traineruek aurtengoz egin dute berea, eta arraunak hartu duen bideaz gogoeta egiteko une egokia da. Prentsan, irratian eta telebistan asko hitz egin da arraun kontuez, baina funtsean arraunak hartu duen bidea elikatu besterik ez dute egiten, ez dira analisi sakonak egiteko zale. Bada kezkatzeko arrazoirik arraunaren geroaz, iraunkortasunaz eta, oro har, kirol ereduaz. Hona hemen bada nirea, arraun elkarte txikiek -gehienek- jaso nahi badute, kirol honen etorkizuna zuzentzeko lagungarri.
XIX. mendeko arrantzaleen nabigazioan, lehorrerako itzulera desafio eta lehia bihurtu zenekoa da gure arrauna, beste herri kirol batzuen bide bera egindakoa, beraz. Kanpotar baten begiez ikusita miraria ere izan liteke herri kirol hauek gaurdaino iraun eta nola dauden ikustea, eskaintzen duten espektakulua, kirol maila, afizioa, hedabideen jarraipena, federakuntzak eta abar. Irautea gure marka baita, nondik ote datorkigu gene komunitario hori, izan dena izaten jarraitzeko. Ez da kasualitatea, euskara, jaiak, usadioak, herri kirolak, kooperatibak... dituen herri bat XXI. mendean bizirik egotea. Gure marka da, gure izatearen muina, zaindu beharreko balioa. Ezaugarri horren barruan kokatzen da arraun mundua ere, hamahiru arraunlari, denak batera, gidari bat eta xede bat. Elkarlanaren ikur enblematiko izan liteke trainerua.
Ia orain arte arrauna herrikoia izan da, herri arteko norgehiagoka, apustuak eta saltsa noiznahi, kirol gogorrenarentzako osagai arruntak. Bertako arraunlariak, tokian tokikoak, eta inguruan nongotasun edo herri-pertenentzia sentimendu sakona.
Lehia desorekatua
Aldaketa nabariak jasan ditu, baina, arraunak azken urteotan, telebista emankizunek babesle handiak erakarri dituzte. Eta horien diruak, beti garaipen gose, klub batzuen filosofia erabat irauli dute, diruak txakurrari ere eragiten dio dantza. Fitxaketen bidez paregabeko selekzioak osatu dituzte, arraunlariak lehendabizikoz profesionalizatuz. Baina inon gutxi geratzen dena geratzen da arraunean: talde batzuek neurri batean profesionalizatuta dauzkate arraunlari gehienak, eta beste batzuek ez... eta estropada berean batzuk besteen kontra. Ia-profesionalak eta afizionatuak elkarrekiko lehian.
Herri bakoitzeko onenen fitxaketa dantza honen erdian arraun elkarte arruntek beraien arraunlari onenak galdu izan dituzte ordainik jaso gabe. Hala, estropadetan minutu bat atzetik etortzera ohitu dira, zinez desmotibagarria egunero entrenatzen den harrobiarentzako, eta are tristeago klubarentzako, urtetako lanaren ondorioz sortu dituen arraunlariak besteen diruak nola eramaten dituzten ikustean. Laburbilduz, bi arraun elkarte mota bereiz daitezke uretan: batetik, diruz tripulazioa osatzen dutenak -klub bizkaitar eta kantabriar batzuk- besteak ahulduz; eta, bestetik, gehienen kasua, nola hala geratzen zaienekin aurrera egiten dutenak.
Adibidez, Kontxa irabazi berri duen Urdaibaik estropadan bi bermeotar zituen soilik traineruan, bost galiziar, alikantar bat, hiru giputz eta hiru bizkaitar. Selekzio bat, talde profesionala, arraunlari gehienak beste klub batzuetatik diru truke banderak ekartzera etorriak. Eta zer sentitzen du Bermeoko herriak, harro al daude lortutako garaipenaz? Zer pentsatu behar dute herriko arraunlari gaztetxoek -baldin badaude- beraien tostetan bakarrik herriko birentzako tokia dagoela ikusita? Banderak bulegotan irabazten diren aroan sartzen hasi gara. Beste muturrean Orio. Bertako harrobian gaztetxotatik hezitako arraunlariekin, eta, hala ere, kanpora esportatzen bere arraunlari onenak. Oriok eutsi diezaioke apur bat, bere izaera bereziagatik, baina harrobian oinarritzen diren herriek ez dute zereginik izango etorkizunean eredu horrekin. Hara non geratu den Zarautz aurten, nahiz eta Urdaibaik eta Kaikuk batera baino arraunlari gehiago sortu azken urteetako lan bikainean.
Jakina da horren inguruko diskurtso nagusia: horrela doa mundu kapitalista, ez dago beste aukerarik kirola merkantilizatzea baino. Ez da egia. Hainbat kirolen bidea merkantilizazio hori izan da. Beste batzuena, ez. Eta kirol nagusietan ere, nongotasunean oinarritutakoak leku itzela dauka. Hor oinarritzen dira olinpiadak, adibidez, baita munduko futbol txapelketa bera ere. Diru fitxaketa onartzen ez duen nongotasunean. Herri bateko ordezkariak beste batekoarekin lehian. Egon litezke babesleak, baina arau horren barnean.
Eredu kontua
Telebistari bota behar ote diogu bada errua? Ez da berez txarra telebista, arraunaren erakusleiho bihurtu da, produktu egokia dirudi. Espektakulu paregabea da traineruen dantza itsasoan, nahiz eta egia esan iruzkinen aldetik oso maila eskasekoa izan azken urteotan. Pilotaren kasuan bezala aditu egokiak ekarriz, pedagogian asko irabaziko luke telebistaren emankizunak. Dena dela, telebistak berdin funtziona dezake nongotasunean oinarritutako ereduan, munduko txapelketek ere ez dute ikuslerik falta.
Arraun mundura dirua sartu izana ere ez da albiste txarra, desoreka hori guztia sorrarazten duena diruaren erabilera mota da: afizionatuen artean abantaila duten talde ia-profesionalak sortzearena. Horrek ez du asko iraungo, bitartean batzuk ospea lortzeko baliatuko dira, baina desoreka horrek ez du ez hanka eta ez buru. Arrauna kirol gogorregia da, hauskorra, animo gorabeheratsuek trainerua osatzeko zailtasunak dakarzkie elkarte askori. Toki askotan geroz eta gazte gutxiago dabil arraunean, kanpotarrez hornitzen hasiak daude traineru handiak, zerbait gaizki egiten ari den adierazgarri.
Harrigarriena da nola lortu duten filosofia hori arraun elkarteen barruan txertatzea, gehienak diru gutxikoak eta harrobizaleak izanik. Eragile gutxi batzuen interesei jarraika ari dira arraun elkarte gehienak, beren interesen aurka. Kirola-dirua binomioa ongi uztartzen noizbait ikasi beharko dugu. Arraun elkarteen esku dago ados jartzea eta piramide forma hartu duen etxea zimenduetatik berriz eraikitzea. Arrauna, azken urteetako bidean apur bat atzera eginda, oraindik gertu dago kirol eredu eutsigarri batetik. Nongotasunean oinarritutako lehia historiko gisa aurrera egitetik, esker onekoagoa arraunlari guztiekin, harrobi sortzaile eta zaintzaile, eta aldi berean beti bezain ikusgarri. Pentsa dezagun apur bat kirol ereduaz.
Arraunaren geroaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu