Aste Santua, fedea

2022ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Urte sasoi honetan, udaberriarekin batera, Aste Santua deitzen den aste oso bat izan ohi dugu gogoan. Beharbada, oporraldi txikiaz gogoratuta gehiago, santutasunean pentsatuta baino. Negu luze baten ondoren, nork ez ditu egun horiek gustuko? Bost eguneko oporralditxoa garai honetan, eguzki epelaren igurtziarekin, ederki disfrutatzen dugu. Baina denok ez ditugu era berdinean igarotzen lanik gabeko egun seinalatu hauek. Bada jende multzo bat, agian urtez urte murrizten doana, euren erlijioarekin edo euren fede eta sinesmenaren inguruan mugitzen dena egun santu hauetan, nahiz eta turismo pixka bat egiteko edo deskantsatzeko erabili.

Ni neu, egon ninteke aipatutako jende-multzo horretan edo multzotik kanpora, baina berari begira. Bietan batera egongo banintza ere —hori fisika kuantikoa litzateke— , ez nioke gogoeta batzuk egiteari uko egingo; beharra sentitzen dut eta idatziz egitea egokia dela iruditzen zait.

Hasteko, esan nahi dut bai gogoetak eta bai iritziak nireak —nik idatzitakoak behintzat— direla eta ez dudala inoren eta ezeren aurka egiteko asmorik. Beraz, ez nuke inor mespretxatua, iraindua edo baztertua sentitzea nahi. XXI. mendeko leihatilatik begiratu nahi dut Aste Santuko ospakizunen plazara, gaur aurkitzen naizen isil gune honetatik, barrenera bilduta, inguruan ditudan beste leiho batzuk zabalduz betiere. Batzuk atzo ireki nituen: ekialdeko leihoa, aire goxoa eta isila dakarrena; mendebalekoa, aire freskoagoa, arrazoimenaren ukituarekin freskatzen zaituena; hiru erlijio handien leihoa, haize hotza eta bortitza, baina ireki beharrekoa. Gaur, berriz, beste hauek ditut irekita: filosofiarena (batez ere peremnea deitzen den hori), neurozientziaren leiho berria eta fisika kuantikoaren leihatila txikia, garrantzitsuak.

Distantzia honetatik ederki ikusten dira kaleetan zehar, mendeetan, urtez urte egin dituzten ibilbide berei jarraituz, Nazareteko Jesusen nekaldiko une desberdinak irudikatzen dituzten pausoak dantzan, harantz eta honantz, piztutako kandela-argiak dardarka dituztela. Nork esango luke tronu horren azpian, ezkutatuta, 50 gizon baino gehiago doazela, sardinak latetan bezala, indarka eutsi ezinean, mila kilotik gorako pisua duen pausoa.

Desfilea, izugarria; amaigabea. Turuta eta danbor hotsik ere ez da falta kostaleroek erritmorik gal ez dezaten. Pauso batetik besterako tarte luzeak ere ongi beteta daude. Ez da kukurutxo-luze duenik falta. Oinutsik doazenak ere asko dira, penitenteak omen. Gurutze bat sorbaldan dutela ere asko ikusten dira, denak ilaran, bata bestearen atzean. Hara hor non ikusten ditudan bizkarra bistan, haragi gorritan, bazterrak odolez zipriztinduta, kolpeka zigortzen direnak. Ez al dago inor basakeria hori salatu dezakeenik? Hori maltrato animal baino gehiago da.

Fedea, sinesmena? Hau dena ikusita, nork ez luke esango oraindik ere badela fedea gizakiarengan. Eta ziur nago desfile horietan halako penitentzia eginez agertzen diren pertsonek fedeak bultzatuta egiten dutela. Horrela zen fedea duela 2.000 urte, 500 urte, atzo eta gaur ere bai, XXI. mendean. Zertan aldatu da, orduan, gizakia eta bere jarduera denbora honetan guztian? Kristau existentzialismoan, oso gutxi (hitza bera eta korrontea berriak badira ere). Erlijioek ez dute aurrerapenik egin. Gizakia eta Jainkoa urrunduta bizi dira. Fedeak berak urrundu ditu.

Fedea beti erlijioarekin lotu izan dugu, baina sinestea edo ez sinestea une guztietan darabilkigun zerbait da. Gezurra eta sinestea elkarren ondoan dabiltza. Gezurra asko erabiltzen omen dugu, askotan nahi gabe, inkontzienteki, baina sinetsi ere hala egiten dugu. Fedea eta sinesmena gauza bera da, nahiz eta fedea aipatzen dugunean zerbait sakonagoa dela dirudien. Gizon-emakume fededunek «sinesten dut, sinesten dut» abesten dute elizan. Sinestea da fededun izatea.

Fedea gure garunaren erditze bat da. Sinestea beharrezkoa du. Burmuinak bere lanetan jarraitzeko lehena eta geroa beharrezkoak ditu, ez zaio oraina gustatzen. Erlijioak gertatutakoan eta gertatuko denaren ustean oinarrituta daude. Beraz, lehenean eta geroan. Adimenak duen oraina pentsatzea bera da. Baina pentsatzen duena iragana edo etorkizuna da.

Beraz, ahaztu Deskartesek esan zuen hura, cogito ergo sum, eta gerturatu zaitez zeure gorputzera eta ingurunera, eta utzi gehiegi pentsatzeari. Sentitzea oraina da. Ezin da bizi iraganean eta etorkizunean —hori buruak bakarrik egin dezake—, orainean bakarrik baizik. Entzun zure bihotzaren taupadak, konturatu zure arnasketaz, ikusi loratzen baratzeko lehen loreak, besarkatu maite duzuna, ingurukoa... hori dena oraina da. Jainkoa bertan, zuregan duzu. Bizia bera da. Ez dago hausturarik.

Burua bai, behar dugu egunerokoan funtzionatzeko, baina kito. Behatu bere pentsamenduak, min handia egin dezaketelako norberarengan eta besteengan, gehienetan jakin gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.