Atzerritarren Lege zaharrak urtea bete du

Mikel Mazkiaran<br /><br />SOS Arrazakeria
2011ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Espainiako Aldizkari Ofizialean 2009ko abenduaren 12an kaleratu zen 2/2009 Lege Organikoa, 4/2000 Lege Organikoa aldatzen zuena, atzerritarrek Espainian dituzten eskubideei eta askatasunei eta haien gizarte integrazioari buruzkoa. Eta, nahiz eta ohitura den gobernuak ez betetzea bere buruari ezarritako epeak, ezinbestekoa da artikulu hau hastea salatuz sei hilabete baino gehiago daramatzala atzeratuta lege hori garatzeko arautegiak.

Lau zuzentarau gainditzeak eta pertsona jakin batzuei inoiz kendu behar ez zitzaizkien eskubideak konstituzioak aginduta berriro ezartzeak ez du zuritzen legeak dituen 71 artikuluetatik 60 baino gehiago aldatzea; hori egin izanak behartzen gaitu atzerritarren lege berri bati buruz hitz egitera, erreforma bati buruz beharrean. Lege berria da formari dagokionez, baina ez edukiaren aldetik. Eta alderdi berrienen emaitza zalantzazkoa da, legeak indarrean urte bat bete ondoren. Edonola ere, aurreko araua (1985ekoa) 15 urtean aldatu gabe egon izanak eta egungo legea (2000koa) laugarrenez aldatzear egoteak gonbidatzen du gogoeta egitera, eta zerikusia du gobernuak immigrazioa Atzerritarren Legearen bidez kudeatzeko duen temarekin.

Herritarren %69,74 etorkina duen herrialde batek (baimen iraunkorrak eta komunitatekoak gehituta), zeinak egonkortasun administratiboa eta familiak elkartzeko gero eta eskari gehiago dituen, beharrezko du integrazio plan on bat, gutxieneko komun batzuk ezarriko dituena erkidego autonomoetako integrazio planei dagokienez —askotan dibergenteak dira—. Hainbat jatorritako immigrazioa daukagu, desberdin banatua; finean, geratzera datoz immigranteak. Eta «integrazio ahaleginaz» hitz egiten duen lege bat daukagu, araurik eta baliabiderik gabeko prozesu baten azken emaitza gisa. Orain urte asko ez dela, etorkinen ahaleginak lagundu zuen BPG handitzen, eta belaunaldien arteko erreleboa eta Gizarte Segurantzako kotizazioak segurtatzen zituen. Orain, ahalegina neurtzen da integrazio hertsigarri gisa, proba ez gainditzekotan arauzkotasuna galtzeko arriskuarekin.

Azken batean, lege horrek, baimenak luzatuz egonkortasuna eman beharrean, oztopo gehiago jarri ditu, legea garatu ez delako; oztopo horiek desberdintasunak areagotzen dituzte bertokoen eta immigranteen artean, eskubideei dagokienez. Lege hori ondare txarra da gaur egun gizartearen aurrean «ahalegina» egiten dutela eta «etorkin onak» direla erakutsi behar duten gurasoen seme-alabentzat (Javier de Lucas).

Krisi ekonomikoek hainbat ziklo dituzte, eta beharrezko dira ebaluatzeko noraino dagoen integratuta biztanleria immigrantea —azken urteetan era esponentzialean hazi da—. Immigrazio politika errealista batek izan behar du epe luzerako perspektiba, eta, Espainiako migrazio egoera ikusita, herritartasunaren eta eskubide politikoen alorrera hurbildu beharko luke. Ordea, apustu ari dira egiten atzerritartasuna denbora jakinerako dela pentsatuz, fluxuak kontrolatuz eta itzultzeak kontuan hartuz.

Krisi ekonomikoa pasatuko da, baina lege anakroniko hau aplikatzen zaien immigranteen seme-alabak geratuko dira. Baliabide eskaseko garaietan, ezberdinarekiko izularria hautesleei «beldurra sartuz» kudeatzeak kalkulatu ezinezko ondorioak izan ditzake. Topo egingo dugu diskurtso populista eta xenofoboa txitatzen ari den arazoetako batekin. Legeek (atzerritarrenak izanda ere), hurrengo belaunaldiei transmititu behar diete badaudela muga etikoak eta giza duintasunari dagozkionak, ezin direnak gainditu. Norbaitek uste badu baduela baimen bereziren bat muga hori gainditzeko, gero ez dadila kexatu ohartzen denean pazientzia ere mugatua dela.

Lorenzo Chaconek berreskuratu du Coetzeek Hegoafrikakoei bertakoei buruz esana: «Andre eta umerik gabeko gizonak dira, inondik datozenak, eta inora itzularaz daitezkeenak». Espainiako migrazioaren argazki nagusia ez da hori; Alcantara familia da, hainbat hizkuntzatan eta koloretan. Atzerritarren Legeak lehen argazkian jarri du arreta, eta zahartuta jaio da; Hiritartasun eta Integraziorako Plan Estrategikoak amaitu du iraunaldia, beste plan batek erreleboa hartu aurretik; 2011rako aurrekontuek erdia baino gehiago gutxitu dute integrazio politiketarako dirua, eta Espainiak «gorrotoaren delituak» direlakoen daturik ematen ez duen herrialde bakarretakoa izaten segitzen du, nahiz jada osatua den tratu berdintasunerako eta diskriminaziorik ezarako Kontseilua. Gauza asko dago egiteko «isiltasun aldi» honetan zentzuz aritzeko.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.