Austeritatea pribatizatzea denean

Izaskun Garikano
2010eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Duela egun batzuk, Paul Krugman Princetongo ekonomia irakasle eta Ekonomiako Nobel saridunak artikulu batean Britainia Handiko gobernuaren austeritate plana aztertu zuen; plan horren ondorioz, arlo publikoan 500.000 lanpostu deuseztatu nahi dituzte. «Plan hau beharko lukeen kontrako norabidean doa erabat. Zergatik egiten du hau gobernu britainiarrak? Benetako arrazoia ideologian datza: kontserbadoreek defizitaren aitzakia erabiltzen dute ongizate-estatua murrizteko», dio Krugmanek.

Gobernu britainiarra arlo publikoan hartzen ari den erabaki latzek ez dute zerikusirik bere ekonomiaren arazoekin; horiek ez dira konponduko lanpostu publikoak suntsituagatik. Buruzagi politiko britainiarren erabakiak itxuraz bakarrik dira neutroak; aitzitik, ideologia kontserbadoreak mugituta, ongizate-estatuaren kontrako erasorik gordinena mozorrotzen dute.

Joera berbera hartu dute Hego Euskal Herriko gobernuek. Lehenik, soldatak murriztu zituzten; hori omen zen egin beharreko ekarpena, arlo pribatuan luzaz pairatzen ari ziren krisi egoera zela eta. Gero langile taldeak murrizten hasi ziren, lanpostuak amortizatuz eta ordezkapenak zeharo gutxituz, bai EAEn, bai Nafarroan. Aurretik ere langile taldeak urriak ziren, eta eguneroko lanari ia aurre egin ezinean zeuden, batik bat osasungintzan eta irakaskuntzan; horrek langileak mobilizatzera eraman ditu.

Erabakiok krisiaren aitzakiaz hartu ziren, baina argi dago ez dutela egoera hobetuko. Zergatik hartzen dituzte, orduan? Muturreko ideologia kapitalistaren fruitu direlako, eta horren helburua, zerbitzu publikoen zatirik handiena esku pribatuetan uztea.

Murrizte politikak,pribatizazioa helburu

Horren adibide dugu Eusko Jaurlaritzak Funtzio Publikoko sailburuordearen bitartez bere arloko langileen kontra egin nahi duen gurutzada. Eurek sinatu zuten Mahai Orokorreko akordioa, eta eurek hautsi zuten bost hilabetera, soldatak jaitsiz eta enplegu publikoa deuseztatuz. Orain beste zerbaitekin hasi dira, absentismoarekin. Datuak manipulatu egiten dituzte: absentismoa %10ekoa dela diote, baina, gure datuen arabera, ez da %6ra iristen (gaixotasun, istripu edota amatasun bajak). Sailburuordeak langile publikoei buruz hitz egiten duenean horiek tranpatan ari direla dirudi: «Legezko itxura duten sasi-baja ugari hartzen dituzte, abusu ugari ezkutatuz». Horrelakoak esanda, iraindu egiten dituzte egunez egun gogor lan egiten duten behargin hauek, baldintza gaitzetan ari baitira -bitarteko urriak, planifikazio eza eta era guztietako murrizketak direla medio-.

Baina horrek ez du axola, mezu faltsu hori -«funtzionarioak pribilegiatuak dira, garestiak eta langile txarrak; desagertu egin behar dute»- pixkanaka finkatu egiten baita gizartean, erregulazio espedienteak, kaleratzeen mehatxua edota lan erreforma basatia jasaten duen jendearengan.

Nafarroan ere arlo publikoan antzeko zerbait gertatzen da. Moderna Plana dugu gizarte elkarrizketaren azken «produktua». Sinatzaileak: UPN eta PSN, Opus Dei, UGT eta CCOO. Horien asmoa argia da, politika publiko jakin batzuen kudeaketa esku pribatuetan jartzea. Planak 2030. urteko Nafarroa marrazten du, eta hori gauzatzeko fundazio pribatu bat sortu dute, diru publikoz lagunduta. Moderna Planak, besteak beste, funtzio publikoaren izaera aldatu nahi du, eta «funtzionarioak bizi guztirako izatea» galarazi.

ELAk Azterketa Bulegoaren txostenean hau jakitera eman zuenean polemika piztu zen, eta, Cernin Martinez Nafarroako Gobernuko ekonomia, politika eta sustapeneko zuzendariak esan zuenez, «esaldi hori hanka-sartzea izan da», baina, halere, «administrazioa errotik erreformatu beharra» dagoela ere gehitu zuen, eta galdera bota: «Zergatik izan behar du lanpostu batek bizi guztiko zerbait, guztion zergekin ordainduta?». Dena dela, Martinezen arabera, «horrek ez du esan nahi berehala egingo denik; lanpostuen izaerari buruz hartzen diren erabakiek ez diete egungo funtzionarioei eragingo».

Harritzekoa da zenbateko antza duten hitz horiek CEOEko buruzagi batzuek botatakoekin, horiek «funtzionario berriei enpresa pribatuan ohikoa den egonkortasuna aplikatzeko» eskatzen baitute; berdin da osasun sisteman, irakaskuntzan, diru-laguntza, beka edota baimenak emateko lan egiten duten. Baina gogoratu beharra dago funtzionarioen lanpostua finkoa bada, berme bat izateko dela: arlo publikoari dagozkion gaiak askatasunez ebazteko segurtasuna, hots, interes politikoen menpe ez egotea.

Horren guztiaren jatorrian Hego Euskal Herriko gobernuen ideologia kontserbadorea dago. Horiek krisia aitzakiatzat erabiltzen dute, eta arlo publikoaren irudia zikindu nahi dute, herritarrak langile hauen kontra jarri eta gero pribatizatu ahal izateko. Arlo publikoa erabat murriztuta, zerbitzuak emateko beharrak iraungo du, baina horiek pribatizatu eta azpikontraten bidez eskainiko dira; ondorioz, horiek ematen dituzten beharginen lan-baldintzak eta zerbitzuak okertu egingo dira.

Horrelako etorkizuna ari dira taxutzen interes pribatuak eta horien ordezkari gisa jokatzen duten politikariak. Baina ez zaie erraza gertatuko. Arlo publikoko milaka langilek greba egin genuen maiatzaren 25ean, baita Hego Euskal Herrian ekainaren 29rako deitu zen greba orokorra ere. Europan zehar gauza bat nabarmen ikusten da: erasoari aurre egiteko bide bakarra mobilizatzea da. Arlo publikoko zenbait langilek honela uste du: «Oraindik ez datoz nire kontra». Horiei mezu bat eman nahi diegu: mobilizatu beharra dago, nork bere esparruan, ahal duen neurrian. Bestela: «Nire bila datozenean bakarrik egongo bainaiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.