Autodefentsa feminista, gure aldarria eta jarduna

Saioa Iraola Miren Aranguren EHBFko kideak
2010eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Emakumeok biktimak, biktimak, biktimak eta abar». Instituzioetatik zein komunikabideetatik indarkeria patriarkalaren inguruan jarduten dutenean, edo hau ekidite aldera hartutako neurrien arabera, emakumeok soilik biktimak gara. Horrela bada, indarkeriaren izate osoa ezkutatzen dute, emakumeok geure burua defendatzeko eta gure arteko elkartasun zubiak eraikitzeko dugun gaitasuna oztopatuz. Egoera hau izanik, indarkeriaren erroetara jo eta hori amaitzeko beharrezko den jokabide, jarrera eta tresna multzoak jarri ditugu martxan; autodefentsa feministaren izatea jarri dugu martxan. Emakumeok geure burua defendatzeko dugun gaitasunean sinesten dugu; beraz, eraso bakoitzaren aurka konpromisoa eta elkartasuna agertzen dugu; kalean, espazio publikoan zein pribatuan aske sentitu nahi baitugu. Baina nekatu gara instituzioen itxurakeriaz eta martxan jarritako neurri urriez; beraz, emakume orok norbere buruan eta gorputzean ditugun gaitasunen lanketatik abiatuz egingo diogu aurre indarkeriari. Emakumeok, gure bizitzaren jabe izan nahi dugulako, subjektu agente bilakatu eta aurre egingo diegu eguneroko erasoei.

Emakumeon arteko elkartasuna eta antolakuntza abiapuntu izanda, autodefentsa feministak bidelagun ditu: indarra, babesa, autoestima eta konfiantza. Hein batean, emakumeok bizi dugun zapalkuntzaren aurka hartzen dugun jarrera da Autodefentsa Feminista. Bizitzeko jarrera, gorputzarekiko adierazpen anitzetan azaleratzen dugun jarrera, ahotsarekin eta begiradekin iradokitzen dugun jarrera, norberaren ezagutza eta mugak argi adierazteko baliagarri den jarrera da.

Indarra. Emakumeon kontrako indarkeria kasuak eraso isolatu moduan ulertzeak horien izaera integrala ezkutaraztea dakar. Horrez gain, erasoak modu isolatuan ematen direla sinestarazteak indarra kolektiboki batzeko zailtasunak dakartza, horiei aurre egiteko norberak dugun indarra azaleratzeko orduan. Beraz, autodefentsa feministak indarra norberaren buru eta gorputzetik gaindi azaleratzea eta kolektiboki indar batuketa lortzea ditu helburu.

Babesa. Egun, emakumeon kontrako indarkeriaren aurka abian jarritako babes neurriak asistentziazkoak dira. Behin erasoa gertatuta martxan jarritako protokolo babes asistentziazkoak. Indarkeriaren osotasuna, erroak albo batera uzten dituzte, pertsonon heziketa albo batean utziz. Heziketak pertsonen garapenean duen garrantzian sinesten dugulako, emakumeok geure buruaren jabe izaten ikasten dugu elkarrekin, elkarren artean babesa sentitzen ikasten dugu; urruneko babes neurrien menpe egon gabe.

Autoestimua. Sistema patriarkalak sortutako rol eta estereotipo bateratu eta sexisten eraginez, emakumeok geure buruarekiko exijentzia izugarria dugu, irudi estetiko zehatz baten gainbalioa, emakumeoi txikitatik barneratutako hezkuntza emozionalak eskutik dakarren maitasun eredu erromantikoa; beti emakumeok bestearekiko, gizonekiko eraiki gaituzte. Horrela, emakumeok subjektu paziente- biktima izatera mugatzen gaituzte; aldiz, autodefentsa feministaren bitartez, emakumeok subjektu agenteak garela sinestarazi eta egunerokotasunean praktikan jartzeko bitartekoak sortzen ditugu.

Konfiantza. Geure burua defendatzeko gaitasunean sinesten dugu, eta ez dugu salbatzailearen zain egoteko asmorik. Beraz, golpeei, irainei, gutxiespenei, mehatxuei, emakumeok, geuk, egin nahi diegu aurre. Nahi ez duguna egiteari utzi, maite gaituztela dioten erasotzaileei planto egin, gure bizi proiektuak askatasunean, menpekotasunetik kanpo garatzen segitzeko hautua egiten dugu. Horretarako, konfiantza da gakoa; geure buruarekiko konfiantza landuz lortuko baitugu erantzutea.

Beraz, emakumeok ditugun gaitasunen jabetzan sinetsiz eta horiek landuz; emozioen eta gorputzaren arteko lotura landuz; bakarka zein kolektiboki eguneroko eraso anitzei erantzuteko Autodefentsa Feministaren bidean martxan goaz.

Martxan Autodefentsa Feministaren bidean!!!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.