Auzolanaz zurrunbiloa indartu

2010eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
«Gero eta egonezin handiagoa sumatzen dut euskararen erabileraren inguruan», esan berri du Anjel Lertxundi saridunak BERRIA egunkarian, aspaldi honetan argitaratzen dituen zutabe alboraezin horietako batean. Eta beste honakoa gehitu du, gainera: «Mende erdi pasatu da, ordea, eta inpresioa dut letren alorrean aurreratu duguna ez ote dugun mingaina dantzatzerakoan galdu». Diagnostikoarekin erabat ados nago.

Izan ere, soziolinguistikako ikasketa buru izan nuen W. Mackey irakasle quebectar adituak aspaldian azpimarratzen zuenari eutsiz, Euskal Herrian, Anjel Lertxundik ondo gogorarazten duen bezalaxe, «orain mende erdi ikastolak, alfabetatze-sareak edo euskal prentsa bezalako ekimenak bultzatu genituen. Ekimen guztiak ere euskara letrazkoari begiratuta sortuak neurri batean. Erdaldunak euskalduntzeaz gainera, euskaldunak-ahozkoaren jario naturadunak- alfabetatu behar ziren, letradun egin. Letren prestigioa behar genuen». Eta asmatu egin genuen, orduko euskaldungoaren diagnostikoa halakoxea zelako. W. Mackey adituak ondo azpimarratzen zuen moduan, ezagutzen ez den hizkuntza ezin daiteke erabili, baina prestigiorik ez duen hizkuntza, jakin arren, ez da erabiltzen. Eta, nola ez, erabiltzen ez den hizkuntza, hil egiten da.

Baina gauza gehiago ere idatzi zituen W. Mackey irakasleak. Batetik, elebitasuna fenomeno pertsonala dela beti, eta inoiz ez soziala. Pertsonak dira elebidunak (edo eleaniztunak), eta ez gizarteak. Ustezko gizarteko elebitasun soziala diglosikoa da, desoreka funtzional motakoa ezinbestean, asimetrikoa prestigio eta erabilera alorretan, eta beti hizkuntza nagusiaren aldekoa.

Dena dela, horrek ez du esan nahi euskaldunok geure hizkuntzarekiko leialtasun handia ez dugunik, Txillardegik argitaratutako euskal talde elebidunen hizkuntza portaeraren azterketa matematikoan frogatua duenez, egoerarik txarrenean ere, euskaldunok normala litzatekeena baino gehiagotan eusten baitiogu geure hizkuntzari. Hala ere, argi dago geure hizkuntzarekiko fideltasuna erabilera alorrean hobetu beharra daukagula, bai ahozkoan zein idatzizkoan, familian zein lagun arteko funtzio informaletan eta nola ez, funtzio formaletan. Badago zer irabazi esparru horietan.

Eta horixe izan da Euskal Herrian gertatu zaiguna. Lehen baino euskaldun gehiago gara, baina batez ere, lehen baino euskaldun alfabetatu tasa askoz ere handiagoa dugu. Eta, bestetik, instituzioek garatu duten politika eskasa eta kontraesankorra izanik ere, euskarak duela mende erdi bat baino askoz ere prestigio handiagoa du. Eta, hain zuzen, euskaldun alfabetatu mordoa sortu dugulako eta euskarak prestigioa irabazi duelako eutsi diezaiokegu orain erabileraren erronkari.

Handia da beraz hizkuntza nagusien kontrako korrontean Euskal Herrian euskaldunok eginiko urratsa. Beste gauza bat da, SIADECOren sorreran izan zen Iñaki Larrañaga soziolinguista historikoak ondo esaten duen moduan, gauza bat da aurrera egin dugula aitortzea eta bestea, nahikoa egin dugula pentsatzea. Gaur gaurkoz, euskararen etorkizuna ez dago bermatuta, arazoak nagusi baitira: ofizialtasun falta edo maila eskasa, instituzioen hizkuntza politika eznahikoa edota aurkakoa, indar politiko zein sozial gehienen axolagabekeria, hizkuntza praktika txarra eta ideologia kamutsa, okerra ez denean, Joxe Manuel Odriozolak gogoratzen duen moduan. Horrekin batera ere, hor dago gizarte modernoak bultzaturiko euskaldun askoren zabarkeria zein militantziaren ahultzea, presio sozialaren amiltzea, profesionalizazio ustela, erabilpen esparru naturalen murriztea... Txepetx soziolinguistak aipatzen duen gutxieneko funtzionaltasun mailatik urrun gaude oraindik. Tamalez, hizkuntzaren normalizazio alorrean, Irlandatik gertuago gaude Israeldik baino Euskal Herrian.

Eta ingurune politiko eta soziolinguistiko honetan kokatzen da datorren abenduaren 3an Euskal Herri osoan ospatuko den 2010eko Euskararen Nazioarteko Eguna. Donostian, 50 eragile sozial baino gehiagok eta Euskararen Udal Patronatuak bat egin dugu, auzolanean egun horretan arratsaldez euskararen aldarrikapena Bulebarrean egingo dugun Zurrunbiloaren bidez indartzeko. Jadanik bost milatik gora herritarrek, familiak eta koadrilak bat egin dute nikereeuskaraz izena duen webgunera beren argazkia bidaliz. Zuk ere gauza bera egin dezakezu.Eta Errealak eta Athletik taldeek abenduaren 5ean ospatzen duten derbian ere gauza bera eginnahi dugu Donostian, zaleekeuskararen aldarrikapena kaleratuz.

Izan ere, esan beharrik ez dago bi Estatuetan ordezkari politikoen aurrean euskaldunok geure hizkuntzarekiko eginik dugun hautu irmoa indarrez erakusteko unea izan behar duela, baina baita euskarak gaur arte euskal indar politikoen artean izan ez duen eta behar duen posizio zentrala aldarrikatzeko momentua ere. Euskarak politikakeria gutxiago eta askoz ere Politika gehiago behar du. Euskararena gure herriak duen arazo politiko nagusiena da, eta, ondorioz, erantzun politiko nagusiena behar duena. Erabakitzeko eskubidea izan ala ez, geure etorkizuna ez dago bermatua baldin eta euskararen inguruko benetako akordio soziopolitiko nazionala eta ondoriozko hizkuntza praktika koherentea lortzen ez badugu.

Eta lan hori Euskal Herrian euskaraz lan eta bizi nahi dugun guztion lana da, zein-nahi delarik gure kokapen politikoa edota profesionala. Guztiok bat egin behar dugu lan horretan, guztiok izan beharko genuke EHEko kide. Gure herrian hain ezaguna izan den auzolana berreskuratu behar dugu euskalgintza alorrean, denon arteko euskararen aldeko zurrunbiloa indartuz. Gure herriari erabakitzeko eskubidea aitortu behar bazaio, lurralde batasuna lortzeko ez ezik, nagusiki herritar eleaniztunez osaturiko Euskal Herria sortzeko ere izan behar duelako.

Lopategi Beltza bertsolari bizkaitar handiak esan zuen moduan: «Anaia arrebak ez etsi / lehengo sustrairik ez utzi / arima kendu nahi digutenei, hortzak erakutsi / Herri libre bat iritsi / nahi badugu bihar etzi / arma benetan ziurrena den / euskarari eutsi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.