Azaroak 25, legearen zuloak

Larraitz Ugarte
2010eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Iritsi da aurtengoan ere azaroaren 25a, urtero emakumeon aurkako indarkeriaren kontra borrokatzeko eguna. Estatu espainiarrean emakumeon aurkako indarkeriari aurre egiteko 1/2004 legea martxan jarri zenetik sei urte pasa diren honetan, eta nire lanagatik lege horren inplikazio eta aplikazioen erabiltzaile naizen aldetik, erreflexio batzuk egin nahi nituzke emakumeok eta jendartea orokorrean gogoetara bultzatzeko asmoz. Ikusten ari naizena partekatzeak bizi dugun errealitatearen argazki fidel bat ematea ahalbidetu dezakeelakoan, zintzotasun osoz idatzi nahi dut.

Legearen planteamendua, bikote barruko indarkeriaz bakarrik arduratzea oso kritikagarria izanik ere, zuzena da puntu batean: emakumeon aurkako indarkeriarekin amaitzeko beharrezkoa da plan integral bat, hau da, eremu ezberdinetan aldaketak egin behar dira, jendartea aldatuz eta gizon eta emakumeen arteko harremanak berdintasunez garatuz etorriko baita arlo honetan ere egiturazko aldaketa. Horretarako, hezkuntzan, hedabideetan, publizitatean, osasunean eta justizian, berdintasunaren aldeko eta indarkeriaren aurkako kultura hedatu, indarkeria ekidin eta biktimak babestu eta zaintzeko arau sorta bat jartzen da, egungo legeak aldatzen dituena. Ez dakit zuek baina nik oraindik publizitate erabat sexista baino ez dut ikusten, eta hezkuntza parekidearen aldeko apustua urteko hitzaldi pare bat baino ez den susmo sendoa daukat.

Eta, azkenik, zigor kodean aldaketak indarkeria erabili duenarentzat eta babesa biktimarentzat, baita emakumeen aurkako indarkeriaren epaitegi espezifikoen sorrera ere. Eta, horretarako, osasun arloan eta poliziaren eremuan bai, hor ikusi ditut protokoloak, genero indarkeria kasuak detektatzeko eta auzia justiziaren esku uzteko. Emakume batek antsietate atake batek jota edota lesioren bat izateagatik larrialdi mediku zerbitzuren bat erabiliz protokoloa martxan jartzen da, eta epaitegiek medikuen susmoengatik prozedura bat abian jarriko dute.

Protokoloa martxan jartzen da, eta hori ia-ia geraezina da. Emakume biktimarekin hitz egiterakoan, maiz «nik bakean utz nazala baino ez dut nahi, horregatik joan naiz salaketa polizia etxean jartzera, ez nekien hau guztia martxan jarriko zenik» edota «zauriak sendatu baino ez nuen nahi» esaten dizu. Baina emakumeak ez du jada botererik prozesua geldiarazteko erasotzailea bikote ohia bada (egia esatera behartua dago), eta oraindik bikotea bada erabaki dezake isilik gelditzea, baina prozesua geratzea ez dago ziurtatua.

Emakumea berriz ere ez da bere etorkizunaren protagonista, biktima pasibo bat baino ez da: estatuaren tutelak erabakiko du zer komeni zaion. Emakumeari zer komeni zaio? Indarkeria egoerarekin amaitzea eta horretarako beharrezko baliabideak eskura izatea zeintzuk erabili berak erabakitzeko. Estatuari zer komeni zaio? Indarkeria egileak, erasotzaileak zigortzea estatistikak sendotzeko eta bere irudia zuritzeko. Emakumeak babesten al dira? Argi geratzen ari da ezetz. Hildakoen zenbakiak hor daude, beldurrez bizi diren emakumeen zenbakiak ez dakizkigu, eta, ziurrenik, imajinatzen ditugunak baino handiagoak dira.

Legeak laguntza ekonomikoak, etxebizitza aldetikoak, lanpostua aldatzeko aukerak eta beste hainbat laguntza aurreikusten ditu. Esaterako, emakume batek bere bikotearen aurka salaketa jarri eta babes agindu bat eskatzen badu, hurrengo egunean aukera izango du behin-behineko neurri batzuk lortzeko babes agindua ematen bazaio: erasotzailea urrun mantendu eta ez komunikatzea, batetik, baina baita izaera zibileko behin-behineko neurriak ere (umeen zaintza, etxearen erabilera eta umeengatiko elikagaien pentsioa nagusiki). Biktima batentzat argi izpi bat den babes neurri sorta horrek, emakume batzuek era honetako salaketak jartzea errazten du, bestela denbora asko pasatutakoan lortuko ziren gauzak era azkar batean lortzeko itxaropenarekin.

Epaitegietan lanean dihardugunok ikusten ari garen fenomeno horrek ez die ezertan laguntzen feministok gai honekin ditugun aldarrikapenei. Dena ez da emakumeon aurkako indarkeria edo gutxienez emakumeon aurkako indarkeriatzat kontsidera daitekeen guztia ez da zigor prozeduratik bideratu behar kasu larriagoekiko ekiparazioa eginez. Ez da berdin atzo «puta asquerosa» deitu zidan esanez salaketa jartzea edota biolentzia psikiko edo fisiko iraunkor baten aurrean aurkitzea, baina protokolo eta prozedura zurrunek bientzako bide bera aurreikusten dute. Eta okerrena dena: emakumeari botere guztia kentzen zaio arazoari aurre nola egin nahi dion erabakitzeko.

Emakumeak berriz ere izaki pasibo bilakatzen baitira, zer nahi duten erabakitzeko inteligentzia falta zaielakoan edo, eta paternalismo kutsua duen poliziak erabakiko du zer den komeni zaiona: salaketa jarri eta prozesu penala martxan jartzea. Maiz arriskuak neurtu gabe. Izan ere, zenbat dira salaketa baten ostean hil diren emakumeak, zenbat euren bikoteak kartzelatik atera baino lehen desagertu behar izan direnak inork babesten ez dituelako, ez direlako baliabideak erasotzaileak kontrolatzera bideratzen? Zer gertatzen da erasotzaile batek prozesu judizial bat martxan jarri eta urruntze neurririk ez bazaio jartzen eta, gainera, eguneroko tabernan zerbeza edateko arazorik ez badauka? Lanean normal jarraitzen badu? Jendeak normal agurtzen badu? Bere haurrak normaltasunez ikustea ahalbidetzen bazaio eta maiz emakumea joan behar bada umeak eramatera? Nork babesten du emakumea orduan?

Lege honek zulo handiak ditu, eta zigor kodean aldaketak eginda, prozesu penal zurrunak jarriz, emakumeari protagonismo guztia kenduz eta bere babesa bermatu gabe, legearen eraginkortasuna oso zalantzakorra da.

Emakumeon aurkako indarkeriaren kontrako egunean hiru ondorio bota nahi ditut: bata, emakumeok indarkeria honen aurrean geure burua defendatzeko dugun eskubidea aldarrikatu nahi nuke, inork ez dezan zer komeni zaigun eta gure egoeraren arriskugarritasuna gugatik erabaki; bigarrena, jendarteak zigortu behar du erasotzailea, zigor prozesuak martxan egon edo ez, gizarte bazterkeriak zigor penalek baino min handiagoa eta gogoeta gehiago eginarazten baitu; eta, azkena, indarrak prebentzioan, hezkuntzan eta hedabideetan jarri behar dira, zigor kodeak horiek huts egiten dutenerako eta egoera batzuetarako baino ez baitira egokiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.