Adoretsu euskaldunok kurtso hasiera berrian, zergatik ote?. Bada baikortasunaren geografia zehatza gaur gurean, lekuz leku aipa daitekeena.
Bilbo da lehen tokia. Urriak 2. Manifestazio jendetsua kaleetan, eskubide zibil eta politikoen alde. Hori baino gehiago, intuizio bat dabil kale inguru hartan, populuak bildu eta agerpen indartsua egiten badu, honek lagundu egin dezakeela, sendo lagundu, udaberria urreratzen. Alde batetik pauso batzuk eman direla ikusten da, baina beste aldeak itxikerian eta blokeoan dirauela, eta ez zaio piztu den esperantza izozten utzi nahi. Konpromiso sendoak hedatu eta harilkatu nahi dira, alde guztiak lotu aldaketarako konpromisoan. Do ut des, nik urrats bat egiten badut, egizu zuk bestea, eta egin dezagun aurrera guztiontzako baikorra den bidean. Manifestazioaren amaieran gertatu da gaizkiulerturen bat, baina emaria ederra da herritarron begietara, Bilbo berrituan.
Gernika da bigarrena. Irailaren 25etik dator adierazpena, inoiz gurean egin den jendarteko itunik zehatzena eta argiena proposatuz. Oinarrian, benetako transakzioa burutzen da adierazpen horretan. Gatazkaren alde guztiak eremu konpartitura ekarriko dituen konpromisoa: norgehiagoka bortitza bake eta konponbide demokratikora bideratuko duen itun soziala. Zentzu horretan, halabeharrez, alde bitara zuzentzen dira eskariak: ETAri, nazioarteko komunitateak egiaztatzeko moduko su-eten iraunkorra eta aldebakarrekoa aldarrikatzea, jarduera armatua behin betiko uzteko borondatearen erakusle gisa. Estatuei, aldiz, jokabide antidemokratiko guztiei amaiera eman eta euskal herritarren eskubide zibil eta politikoak osotasunean bermatzea.
Ordizia hirugarren. Unea iritsi da, urriaren 16an. Autodeterminazioa den eskubidea gauzatzeko unea Europan bertan, Eskoziaren adibidea hartuta. Euskal Herriari bidea zabaltzen dio, geure une geopolitiko berean nazioak independentziara modu demokratiko legitimoan irits daitezkeela ziurtatzen baitu. Kosovo da aurrekari hurbila, askok ezkutatu nahi lukeena, baina aplikazio praktiko itzela duena euskaldunontzat: zilegi egiten baitu independentziaren aldarri aldebakarrekoa, berau autodeterminazioaren eskubideari eutsiz eta modu demokratiko gardenean burutzen baita, nahiz eta ordura arte gainezarri zaion Estatua aurka agertu. Nazioarteko komunitateak bermatu egiten du independentziarako bide demokratiko hau aipaturiko kasuan. Aurrekari oso garrantzitsua da, are gehiago kasu berriak gertatuko balira Europan bertan.
Iruñea laugarren. Urriak 12, independentziaren aldeko martxa berdea. Kontrastasun handiko unea suertatzen da, Madrilekin alderatzen baita: han Estatu behinola inperiala izandakoaren krisi eta degradazioa nabarmendu egiten da, desfile militar anakronikoan, Venezuelarekin izandako aferan, gobernu presidenteak jasandako tratuan. Hemen, gurean, etorkizunerako proiektu independentista marrazten da kolore biziz kaleetan. Agerpen sinbolikoa da oraindik, egia, baina arestian aipaturiko geografiekin bat eginik, sakonera handiko promesa bezala agertzen da herritarron begietara. Batez ere kontrastearen filtroa jartzen badiogu. Zein da, izan ere, nafar edo gasteiztar gobernu autonomikoek eskaintzen diguten kudeaketa edota etorkizuneko proiekzioa. Zein da, Madrilen, oraingo gobernu presidente pitzatuaren ordezkorik ziurrena, eta zer etorkizun marrazten digu euskaldunoi. Zein da Parisen Sarkozyren destape ideologiko eskandalosoak agerian utzi duen geroa.
Baiona dator, beraz eta ondoren bosgarren, euskaldunon geografia baikor hau osatzera. Ez dira soilik sindikatuetako afiliatuak, ez dira bakarrik SNCFko grebalari tinkoak, badira oraingoan Baionako lizeoetako ikasle gazteak, euskaraz argi mintzatzen zaizkigunak kaleetako protesta sostengatuan, Sarkozyren politika neoliberal, baztertzaile eta arrazisten aurka, erretiroaren atzerapena edota etorkinen aurkako jazarpena errefusatuz.
Euskal Herrian gaur egosten ari den aldaketa sakona ez da, beraz, paisaia aldaketa hutsa. Mamia bera aldatzera datorren mugimendua dabil gurean, leku batetik bestera hedatzen ari den geografia baikorrean.
Baikortasunaren geografiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu