Bakearen gerra

Josu Torre › Deia
2010eko urriaren 12a
00:00
Entzun
Liu Xiaobok merezi izan du aurtengo Bake Nobel Saria, Oslon egoitza duen epaile jakintsuen erabakiaz eta mundu erdi inguruk ez du onartu ez onartuko erabaki hori. Iaz Barack Obamari eman zioten eta ia mundu osoko inork ez du ondotxo ulertzen zergatik eman zioten. Inork ez duelako armada aberatsagorik ludian barreiatuta eta ez da erabat bateragarri armada eta bakea hitzak biltzea. Akaso, bai. Izan ere Alfred Nobel asmalariak utzitako dirutzaz ematen dira bere izena duten sariak. Haren asmakizunik handienetarikoa dinamita izan zen eta jakina da dinamita hitzak zer adierazten duen gizaki gehienentzat.

Aspaldi eskatu nion egunkari honen zuzendariari astebete askotan egunean zutabe bat eginik ere ez genuela aseko berri garrantzitsuenen aipamen hutsa ere. Etxe inguruan ere eragina izango duelako, egun hauetako hego haizeak baino hauts gehiago harrotuz, kutsu euskaldunetik urrun samar dagoen Audientzia Nazionalak erru gabe utzi dituela euskal presoen argazkiak txosnan jartzeagatik. Ez du erabaki honek ere iritzi bateraturik izango ez Euskal Herrian ezta enparauan ere.

Nik betetzekotan zirrikitu honek behar luke tokirik, egunotan duela 43 urte, Bolibian erail zuten Che Guevara gerrillari argentinar-kubatar handiak. Orduan berak bezalako bizarra handitzen laga banuen, egun ere hark egindakoak miresmenik handi eta bereziena merezi du, askoren ustez.

Mario Vargas Llosak eraman du dinamita asmatzearen ondorioz lortutako beste dirutza eder bat. Historian zehar espainolez den edo izan den idazlerik hoberenetakoa izateak ez du zergatik ahaztu arazi behar bere ideologia edo ikuspegi politikoa. Telebista edo irrati tertulia batetan entzun nuen «totalitarismoen» kontra dagoela eta egon dela beti, Errusia, Kuba edo Txina eredu bezala ipiniz. Ez da, bada, eskumako totalitarismorik?

Evo Morales ere, amaitzeko, zoritxarreko albiste izan dugu. Majinabat pazientzi erakutsi du, Che handia hil zuten herrialdeko presidenteak, hainbat bileretan. Baina futbola holakoa da. Izan dezagun gerra hau bakez!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.