Irakatsi ziguten sagarrondoa norberarentzat landatzen dela, gaztainondoa seme-alabentzat landatzen dela eta haritza bilobentzat eta biloben bilobentzat landatzen dela. Haritza funtsezkoa izan zen mendeetan, etxearen mantenurako; eta ez bakarrik egitura egiteko, estalkia egiteko ere bai, Arabiako teila hedatu zen arte. Haritza, aldi berean, gure arbasoek landu, aldatu eta maitatu zuten lurrarekin etxea uztartzearen eta ainguratzearen ikurra izan zen.
Etxea zaintzea eta mantentzea -sua, mahaia eta tailerra- familiarekiko fideltasun betebeharra izan zen belaunaldietan. Gaur egun, gizarteak-elkarbizitza, elkartasuna eta lana- etxearen funtzioa ordezkatu du. Orain, bakea da gizartearen egitura eta estalkia den elkartasunaren ezinbesteko haritza.
Ereitea lurra prestatzea eta hazia lurpean sartzea baino askoz gehiago zela irakatsi ziguten; ereitea etorkizunean sinestea da. Irakatsi ziguten bazela soldatapekoa ez zen lan bat, ez zela derrigorrean egin beharrekoa eta esker onagatik edo gizartearen aitortzagatik ere ez zela egiten, eta horrek auzolana izena duela. Auzolana denei egindako ekarpena da, taldeari egindako ekarpena, eta, horren bitartez, etxea eta gizartea lurrean eta geroan sustraitzen da.
Gizartea toki eta denbora jakin bateko pertsonek osatzen dute, eta denboran aurrera egin eta lurrean errotzean, herria bihurtzen da. Denboran aurrera egiten duen gizartearen etxea da herria. Herriaren egitura eta estalkia -elkarbizitza eta elkartasuna- bakearen haritzarekin eta askatasunaren eguratsarekin egin behar dira, iraganerako ez direla eta etorkizunerako landatu behar direla jakinda.
Historiak eta bizitzak irakatsi dute askatasuna eta bakea ez zaizkiola inori oparitzen, eta bakarrik balio dutela bizitzaren borrokaren bitartez irabazten badira. Elkarbizitzaren osagai eta azpiegitura den bakea irabazten duenak, etorkizunera begirako zilegitasuna irabazia dauka, eta horregatik, bakeagatiko borroka eskuzabaltasunarekin lotua dago, eta ez da zuzena prezioez edo ordainez hitz egitea eta eztabaidatzea. Horixe da Euskal Herriak bere aurrean daukan erronkarik handiena. Historiak eta eskarmentuak irakasten digute herri baten askatasunaren eta duintasunaren alde buletin ofizial ponpoxoak sinatzen dituztenek baino gehiago egiten dutela sarritan presoek.
Telesforo Monzonek lehia politikoaren hiru mailako sailkapen erakargarria egin zuen. Telesforok zioen alderdien bitartez instituzioetan egiten zen borroka begi bistakoena zen aldea zela, eta epe laburrekoa; bazela lehia ideologikoa, sozial eta ekonomikoa, modu ezkutuagoan garantzen zena eta horren eraginak epe luzeagorakoak zirela; eta gaineratzen zuen lehia politikoaren maila sakon eta transzendentalenean dagoela sentimenen, ikurren eta identitate eta balioen geruza. Telesforok ez zuen inoiz idatzi politikaren ikuspegi hori, baina garatu egiten zuen, lurraldetasunaren ikurra Arrano Beltzean bilatzen zuenean edo gure hizkuntzarekiko, gure Ama Lurrarekiko edo gure askatasunaren borrokalariekiko maitasuna adierazpen erromantikoen-nahiz eta pixka bat arranditsuak izan- defenditzen zuenean.
Bizitzak irakatsi digu arrisku bati aurre egiteko ezinbestekoa dena bakarrik sartu behar dela bidaia-zakuan, hau da, ideiak, helburuak eta irmotasuna. Eskarmentuari esker ikasi dugu altzairua bezain gogorra izatea dela garrantzitsuena; epe luzera begirako helburuekin irmoa, eta malgua norbanako, talde eta egun bakoitzeko erantzunen eta kezken aurrean. Euskal Herriari etorkizuna interesatzen zaio, eta orain bi mila urte baino gehiago Zesarrek idatzi zuen heroiak, batez ere, galdutako gerretan azaltzen direla eta ez direla ohikoak izaten irabazitako gerretan.
Enborra etxearen egitura bihurtzen denean, hau da, enborra etxe bihurtzen denean, amaitzen da haritza. Bakea irabazteko gai izango gara, eta orduan bakarrik irabaziko dugu ekimen eta zilegitasun politikoa eta beste herriekin elkartasunean oinarrituko den gure herriaren etorkizuna. ETAk jakin behar du lurreko zerua memoria kolektiboan dagoela-presoak, biktimak eta zapalduak- eta historiako une enblematiko baten gaudela, eta horrek maila handiko erantzuna eskatzen duela, zeinaren ikur nagusia izan behar den bakearen haritzak sinbolizatutako alde-bakarreko eskuzabaltasun askea.
Bakearen haritza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu