Irlandaren mendebaldeko kostan,Connemara eskualdean dago Ballynahinch—Baile na hinse, jatorrizko izenez—, nortasun markatuko herri txiki bezain ederra, inguru zoragarrian kokatua eta horrexegatik hain zuzen, bidaiari askoren helburu bihurtzen dena. Ez da erraza, nolanahi ere, paradisu txiki hartaraino heltzen. Helduleku gutiziatu baina nekez ezagutuaren sinbolo bihurtu da. Gida batean hara joateko garraioak kontsultatu, eta zera da irakurriko duzun gauza bakarra: Ballynahinch Connemara trenaren geltokia 1895.eko azaroaren 1ean inauguratu zen, baina 1935.eko urtarrilaren 29an itxi zen betirako.
Irlandarren tradizioan kontatzen da nola behin harako bidean galduta zebilen bidaiariak galdera egin ziola nekazari bati Ballinahinch amestu hartaraino heltzeko moduaz, eta hark erantzun: «Ni, zure kasuan, ez nintzateke bide horretan ausartuko, hain da oztopoz eta arriskuz betea».
Ipuin irlandarrak balio dezake gure oraingo egoera adierazteko. Badakigu zein den gure bidaia kolektiboaren helburua, trabaz eta oztopoz betea aurkitzen dugu bidea, eta hala ere ausartu eta abiatu egin gara. Bide-orria ondo prestatu beharko, beraz. Hasteko, elkarrekin egiteko bidea da, eta ez bakoitzak bere kontura. Oinarrizko adostasunak garatzeko, plaza publikoan elkartzea komeni zaigu orain. Herritarron elkargunea antolatu, eta geure artean argitu, lehenik eta behin, zeintzuk diren, maila indibidual zein kolektiboan, ditugun premia demokratiko larrienak; horietatik zeintzuek daukaten une honetan lehentasuna, eta ondoren, zer urrats konkretu egin beharko dugun eskubide horiek lehenbailehen eskuratu ahal izateko.
Eskubideen inguruko eztabaida da une honetan nagusi, eta Estatuak agertzen duen jarrera eskubideen bahiketa gisa defini daiteke: berak gordetzen du zer nori baimentzeko azken hitza. Berak markatzen ditu gure eskubideen mugak.
Jarrera horrek ez du, ordea, inolako legitimaziorik. Erabakitzeko eskubideak herritarren eta herrien beraien esku egon behar du, horixe baita, hain zuzen ere, demokrazia ororen oinarria.
Kontua da, orduan, ea nola irabaz dezakegun eztabaida hori, parean Estatua bera agertzen zaigunean, indar osoz eta aldatzeko asmorik gabe.
Arrazoi demokratikoz bete beharra daukagu gure aldea, hori baita bidaia hau modu egokian hasteko lehen baldintza. Eta uste dut, zinez, modu bikainean betetzen ari garela lehen baldintza hori. Baina ez da berau nahikoa.
Ondoren, herritarron indar guztia arrazoi demokratiko horren alde jarri beharra dago; ez alderdi baten edo bitan, herri osoan baizik; ez eta ere egun baten edo bitan denak kalera irtenda, berau ere ez baita nahikoa, ikusten denez; herritarron konpromiso eta parte-hartze zuzen eta jarraitua behar dugu. Herritar sozialki antolatuak behar dugu izan, prozesuaren protagonista bihurtu. Gizarte zibilaren aktibazio jarraitua ezinbestekoa da.
Une eta aldi guztiak ez dira horren aldeko gertatuko, eta ikusiko dugu, adibidez, hauteskundeak hurbildu ahala, alderdien arteko tirabirek hartuko dutela bizitza publikoan espazio nagusia. Baina halako koiunturan ere jakin beharko du eskubideen aldeko herri mugimenduak norabide sakonari eusten eta eztabaida elektoralak ere zentzu baikor horretan baldintzatzen.
Arrazoi demokratikoaren aldeko eztabaida ez da erraza gertatuko, argudio sendo eta argiak eskaini behar baitira beti, eta maiz kontzeptu berdinak entzuten dira esanahi kontrajarriak adierazteko ere. Giza eskubideak unibertsalak direla aldarrikatuko dugu, eta era berean demokraziak nortasun propioa ere behar duela izan. Zentzu berean, eskubide indibidualak eskatuko ditugu, baina kolektiboak ere bai, eta sarri ideia-ardatz horien inguruan sortzen dira iritzi eta jarrera kontrajarriak. Baina zorionez giza eskubideen nazioarteko dotrina eta arautegia gaur egungo Estatuen diskurtsoa eta praktika baino askoz aurreratuago daude, eta are gehiago aurreratu du dagoeneko eskubideen aldeko herri mobilizazioak mundu osoan, bere antolaketa modu desberdinetan, eta horregatik laugarren eta bosgarren belaunaldiko eskubideez ere mintza gaitezke egun, eta ez soilik iragan mendeko eskubide formal hutsez.
Euskal herritarrok posiziorik aurreratuena hartu behar dugu eskubideen aldeko lanean. «Normalizazioa» lortu behar dela dio boterearen diskurtsoak gaur. Badakigu normaldua diotenean zer esan nahi duten, baina badakigu, halaber, euskal gizartean gaur, modu baketsu eta demokratikoan arituz, gizarte zibila aktibatuz eta pedagogia demokratikoa, akordioaeta mobilizazioa erabiliz, gehiengoa gizarte eredu berrizalearen alde abiatuko dugula, eta horixe da biderik eraginkorrena.
Azkenaldian ibili dugun bideak irakaspen baikorrak ere ekarri dizkigu, eta haien artean aipatzekoak dira nazioartetik zabaltzen ari diren elkartasuna eta laguntza. Sintomatikoa da oso, arrazoi demokratikoen bideari ekin diogunean eta bidean jartzen diguten traba bakoitzaren gainetik salto egin, urrunetik ere entzuten diren txaloak. Errazago mintzatzen da gaur euskaldunon eskubideez eta bake eta askatasun nahiaz Westminsterren edo Bruselan, kasu, Madrileko edota Gasteiz eta Iruñeko parlamentuetan baino. Bada gero esanguratsua.
Ballynahinchera bidaia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu