Benetakoa da

Erlantz Urtasun Antzano Historialaria
2010eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Liburu bat hartu eta, maiz, bere azala erakargarria bada, txokolate gozoa balitz bezala, horren irekitzekotz gogoa pizten ohi da, grina, txirrinta. Horregatik bakarrik, hainbatetan, liburua zabaldu eta pixka bat irakurtzeari ekiten diogu. Antzekoa gertatzen ahal zaigu kontrazalarekin, hots, bertan laburki idatzirik eta era xumean eskaintzen den tartetto edota proposamena aise geureganatzen dugu. Arrunta da, halaber, egilearen argazki tipi bat kausitzea, haren biografia ere amuaren gisa guregan hurbiltzeko asmoz.

Hori guziori ez da kasualitatez burutzen, kausalitatez baizik. Erran nahi baita aukera oro erabiltzen dela gure arretaren liluratzekotz. Koloreak, irudiak, hizki mota, azal gogor ala fina, paperaren kalitatea, liburudendako sarreran betetzen duen apalategiko toki berezia eta ez ilunpetan dagoen bertze balda ziztrin hura,...

Den-dena ongi hausnarturik dago, aspaldi asmaturik, eta salmenta bikainaren erdiestekotz jakindura mota hori etengabe ari da hobetzen, diseinatzaile zahar edo gazteek informatikaren onurak ederki profitatuz.

Zoritxarrez, gero eta energia handiagoak egokitzen zaizkie teknika horiei, funtsean axola dena, balizko testuaren garrantzia eta bere sortzailearen bizimodua, haren kemena zein idazkiaren helburua bigarren maila batean uztekotz.

Ondorioa lazgarria da, egiatan. Izan ere, eta jada barruntatzen ari zarenez, irakurle maitea, argitaldariak ahalik eta azkarren eskuratu beharreko etekin errazen bila buru-belarri murgildurik, hagitz eskasak diren lanak salduen bilakatzen ditu industria honen makinariak, meritu itzela duten baina telebistan edota iganderoko gehigarrietan inoiz agertuko ez diren hamaika maisulan, berriz, praktikan maleruski ezezagun zokoratu eta isolatzekotz.

Beraz, aspaldi, liburu batez interesatzen naizelarik, nagusiki bere mamia hartzen dut kontuan, mezua ez bertzerik, apaindura pozoitsuaren gisa indarrean dezakeen parafernalia zuriari muzin eginez, eta «nork» nahiz «zertaz» galderei erabateko garrantziaren oparitzekotz.

Horrela, erran beharra daukat, hondar boladan bitxi zoragarriak ediren ditut, Fowler edo Beevor militarren ikerlan sakon bezain irakurterrazak kasu. Tartean, baina, jende anitzek, La verdadera historia del último templario del Camerún hunkigarria, kolesterolaren aurkako Deconstruye tu cocina en 200 fascículos edo Tú también puedes ser millonaria como yo y rejuvenecer tu depresión irakurtzen jarraituko du...

Bada, gauza bera gertatzen zait pelikulen arloan.

Lehen, gaztetan, haien gaineko sinopsia irakurtzen ohi nuen gose handiz, baita kritikarien iritzi ugari ere, ni pobrea, biziki txiroa izanik ez baitzen ahuntzaren gaueko eztula zinemak xahutu nahi zidan sosa, ez eta krispeten prezioa ere, palomitarik gabeko filmak zentzurik ez baitzuen, prefosta.

Gero, liburutegi publikoei esker maileguz hartu dudan makina bat DVD delakoekin irizpide berberari jarraitu diot, istorio bakoitzaren ideia nagusiak aldez aurretik ezagutuz, gidoilaria, aktoreak, zuzendaria, eszenatokiak, sariak.

Baina eta hemen, liburuekin jazotzen zaidan bezalaxe, gaurregun edozein zinta ikusten dut, izenburuei gehiegi erreparatu gabe, sorpresa abegitsu bezain atsegin baten peskisan, harriduraren berpiztekotz; eta bidean, laket ez badut, gustukoa ez dudana itzali eta kito, ez baitut ene aisialdia, beta urri preziatu hori, horren aise galarazikotz. Oroit, bertzenaz, Amenabarren Ágora penagarri gezurtia, non merkatalgintzak milioiak zakuratu baitzituen jantzien artean gorputzik ez zegoen tokian.

Haatik, zeri buruz ari haiz, Erlantz?

Bon, garbi da, aste hauetako euskal politikaz. Hemen hondamendiak dirau, hori begibistan da, kontxo, bai etxean bai nazioartean, eskubide edo gogoeta ezin petralagoak plateraren gainean zerbitzaturik. Halere, larunbatero, igandero, goitik prestaturiko, erabakiriko menua eskaintzen zaigu, atalak, eszenak zehatz-mehatz ordenaturik, zelofan zeharrargitsuz tolesturiko liburu mardul irakurtezina eskuetan pausatzen zaigu, eseriarazi eta lursagar guarnizioz lagunduriko zeluloidea irensten dugu garai bateko No-do hura balitz bezala.

Parte-hartze politiko herrikoia desagerrarazia, oinezkoon iritziez alegeran trufaturik, krisialdi ekonomiko betean lanik egiteke bizi izaten jarraitzen duten ideologia esparru, eremu guzietako profesionalak gaitasun intelektualik gabeko gizagaixoen gisa mintzo zaizkigu, kazetaririk gabeko komunikabideen bidez, hau da dagoena lelopean, futbolaren inguruko mundu finantzieroa edota Marbellako diru kontu folklorikoak ere politikero hauen parean izugarri demokratiko bihurraraziz.

Eta gu, ahoa bete hortz, burumakur, begien aitzinean benda, hesgailua ongi paraturik, zorroa hustu eta gure egungo nahiz etorkizuneko poltsikotik ari gara ordaintzen.

Orain eta hemen, denbora luzez iraunen duen abagune beldurgarri honetan, mundu osoan euskaraz karrikaratzen den egunkari bakarra, BERRIA maitagarria dugu bere tokian jarraitzen duen bakarra. Tamalez, pairatzen ari garena ez da liburu edo pelikula bat. Berdin dio Garaikoetxea horren protagonista, galai, eredu, narratzaile, kronikaria izan ala ez. Berdin dio jai egunetan zenbait lagun berdez mozorroturik janzten bada, gure bazterrak arrosaz, zuriz edo moreaz apainduz.

Gertatzen ari dena gure bukaera baita.

Eta, berriz ere diot, ez da liburu edo pelikula bat.

Benetakoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.