Duela bi urte, Ficobaren bosgarren urteurrena ospatzen zela eta, etorkizuneko erronketako bat jarri genuen gai izan behar genuela eduki eta formatu berriak asmatzeko, azoken dinamismoari eusteko gure inguruan. Une hartan, oraindik ez ginen krisi ekonomikoan, baina sintomak sumatzen ziren zikloa amaitzen ari zela. Geroago, bere gogortasun osoa erakutsi zuen krisiak, eta, ordu arte gauzak egiteko geneukan modua aldatu beharraren aurrean kokatu gintuen oso egoera ekonomiko negatiboari aurre egin ahal izateko.
Ficoban, gure neurrian eta gure aukeren arabera, azoka-formatu berri bat garatu dugu, eta, horren ondorioz, gure bezero nagusia, erakusketaria, gure jardueraren erdigunean bertan kokatu dugu. Haren ondoan jarri gara, eta itsasontzi berean gaudela erakutsi diogu, hitzez ez ezik, ekintzez ere bai. Horren haritik, neurriak hartu ditugu, besteak beste, fakturazio aldakorra. Erakusketariek azokak erakartzen duen bisitari-kopuruaren arabera ordaintzen dute. Proposamen hori erabat berria da, eta guk dakigula, horrelakorik ez da praktikan jarri beste inongo azokatan.
Ez da izan berrikuntza bakarra; zirkuitu hermetiko bat ere asmatu dugu, bisitaria pabiloietan barna gidatzen duena. Horrela, bisitari guztiak azokan dauden stand guztietatik igarotzea ziurtatzen da. Gainera, gune bat sortu da azoketako pabiloietan bertan, i-gune izenekoa, hainbat aretotako hitzaldiak hartzen dituena. Ficoba Fundazioak antolatzen dituen azoka guztietako funtsezko bi alderdiak bateratu dira horrekin, erakusketa-atala eta dibulgazio-atala. Azken batean, berrikuntza-multzoa, eta horren jatorrian Ficobaren ikuskera dago, azoka egite hutsetik harago doana.
Egia da azokak eboluzionatuz joan direla azken urteetan, eta, pixkanaka, saldutako metro karratuen bolumena haztea helburu bakarra zuten azoka-antolatzaileen ikuspegi hori galduz joan da. Ficoban, aspaldi geureganatu dugu azoka-jardunaren beste ikuspegi hori. Geure burua azoketarako edo hartzen ditugun gertaera askotarikoen (kongresuak, kultur ekintzak, bilerak...) zerbitzu-enpresa baten gisa jarri dugu.
Azoken kontzeptu zabalago baten aldeko aldaketa horretan, nabarmendu beharra dago azokak komunikazio profesionalaren gune bilakatu direla. Leku egokiak dira informazioa eta jakintza trukatzeko eta zabaltzeko. Produktuak erakuste hutsetik harago doa. Horrelako gogoetak, gaur egun, ohikoak dira azoken munduko ospe handiko adituen iruzkinen artean. Azoka-munduaren etorkizuna sendotzeko oinarriak dira, eta aspalditik daude Ficobaren filosofian sartuta, erakundea azoka-antolatzailea den aldetik. Era berean, gogoratu behar da sektoreak, beste askok bezala, garapen iraunkorra bere egin duela. Ficoba aspalditik ari da lanean alor horretan, eta, bere garaian, aukera izan genuen Europan CO<->2 isuriak konpentsatzen zituen lehenengo azoka izateko, Gipuzkoako planta fotoboltaiko garrantzitsuenetako bat edukitzeko, Bioterra azokaren eta antzekoen bultzatzaileak izateko. Azken hori, gaur egun, erreferentzia bat da Estatuan, zentzu zabalenean ekologiaren ingurukoa den aldetik.
Ficobak bere egin duen azoken ulertzeko modu berri horrek erakusketarien babesa lortu du, eta, hedaduraz, jendearena ere bai. Egia esateko, atsegina da egiaztatzea azken urteetako ekitaldi ekonomiko zailenetarikoan Ficobak eboluzio positiboa izan duela emaitzetan, eta horrek aurten bertan esplotazio emaitza positiboak lortzeko aukeran kokatu gaitu.
Egitatea da ekonomia sendoek azoka-sektore sendoa izaten dutela. Eta Gipuzkoa, zalantzarik gabe, hala da. Gaur egun, azokek erakargarriak izaten segitzen dute, marketineko tresna diren aldetik. Agian, horregatik segitzen dute azoka-instituzio berriak sortzen (hurbilenak, Nafarroako Erakustazoka edo Miarritzeko Halle Iraty). Gainera, berezitasun komun bat dute. Haietako asko, esaterako gurea, lurraldeko herrietan eraikitzen dira, eta ez hiriburuan. Izan ere, erakustazokak eta azokak lehen mailako tresna ere badira euren inguru hurbileneko ekonomia berriz aktibatzeko eta bultzatzeko. Adituek berek onartzen dute hedadura txikiagoko proiektuak, irismen nazionaleko eta nazioarteko proiektuak bezain garrantzitsuak direla lurraldeko ekonomiaren zabalkuntza babesteko eta bultzatzeko.
Berrikuntza, azoken arloan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu