Historialaria. Erlantz Urtasun

Bertzeak

2010eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Betidanik onartezina iruditu zait hildakoei dagokien jabego ideologikoaren aldarrikatze maltzurra; hots, ongi deritzot hil direnen bizitzen berri emateari, baina ez dut uste zilegi denik defendatzerik ez duten lagun horiek egungo alderdiei atxikitzea.

Izan ere, orain eta hemen, batzuek diote hau eta hori haien arbaso nahiz eredu politikoak direla, hura baztertuz. Edota hura ere, komeni zaienean, lehengusu propioa dela adierazten dute.

Jakina, horrelakorik gertatu eta, komunikabideak adiskide, benetan jazo dena ezkutatzen maisuak ditugu politikariak, erran nahi baita bizitza osoan lan egin ez duten horiek.

Historia, edota istorioa, etengabe berridazten dute, errebisionista profesionalak dira, egiari nahitaez lotu beharreko dimisioei muzin eginez.

Zorionez, halere, gero eta nabarmenagoak dira harrapatzen dizkiedan gaiztakeriak, gezurrak, euskal eta mundu mailako oroitzapenen manipulazioa, alegia.

Hor dugu, kasu, argitaletxeren bat eta alderdi politiko zehatz batzuk burutzen ari diren haien egoera traketsaren hobetze ahalegina, oroimenaren gaineko izenburu handiz mozorroturik ageri dena.

Edota ene lagun idazle anonimo bezain miresgarriak dioenez, haien txiringitogintza hornitzen ari dira, hori ez bertzerik, bidean, berriz ere, guzion iritziaren gainetik igaro eta jorratu beharreko aukerak zapuztuko dituzten arren.

Nola zen kontu hura, urperatzen hasia zen itsasontzia eta arratoien ihesaldiarena? Bukaera onartu, bertzerik ez zuten, baina, ai maitea, dirua, lana, interesak, egoak, bekaiztiak...

Barregarria litzateke, dramatikoa ez balitz, lerro hauetan bertze alderdi eta argitaletxekoek horrezaz diotena plazaratzea, txisteak, haserrealdiak... Den-dena gure izenean isuririk...

Edota Iruñeko bertze lagun batek errana, «menuda castaña».

Ezin ahantzi, kasu, 1200 eta 1512 moduko gaiez baliatzen ari diren batzuk, funtsean Transizio zelakoan norbait izan nahi baina apustu okerra egin zuten horiek, hots, 1975 eta gero barruntatu zuten arrakastari, botereari hurbildu baina horren kudeaketa eskuratu ez zutenak.

Haien gurasoek, oro har, 1936an irabazi bazuten ere, 1975 ondorengo lehian huts egin eta EAJ/UPN alde aritu ez zirenez, jokoz kanpo geratu ziren, argazkietan ez agertzekotz.

Nola azaldu hauei eta mota guzietako artzain autoritarioei jende oro ez garela haien menpe makurturiko artaldekoak?

Nola azaldu «abertzaletasun historikoa» ez dela karlismoaren ondorengoa, indarrean den testuinguru sozioekonomikoarena baizik?

Nola azaldu Iruñeko Leon Iriarte koronel liberalak 1837an egin zuena ez zutela inoiz karlistek egin, ez eta Kanpion eta konpainiak ere? Ez eta Sabino Arana eta bere ondorengoek ere?!

Urteak zeramatzaten Iruñeko Leon Iriarte eta bere ehunka nafar gudariek karlistekin borrokan, tiroka, elkar hiltzen, Zumalakarregiren aurka, nafar independentzia aldarrikatu egin zuten arte, nafar hiriburua okupatu, bertan ziren espainiar militar buruak hil eta hondarrean Esparteroren armadak haiek preso hartu eta Iruñean fusilatu zituen.

Baina Leon Iriarte bezalako jendea ez da aipatu behar...

Joseba Tapiak berriki errana: «Gobernukoei eta karlisten buruei bost axola zitzaizkien foruak eta euskaldunen kezkak. Engainatuak izan ziren euskaldunak behin eta berriz, poltsa eta diruak bildu zituzten arte beraietaz baliatu ziren, 'gu zenbat gehiago hil horiek kantari', 'Engañatu ginduzen joateko mendira'».

Nola azaldu liberal eta karlisten alderdietan egun anarkista, marxista, sozialdemokrata, kristau demokrata edota ultrafaxistak deituko genituzkeenak izan bazirela? Elizaren aldekoak eta aurkakoak, espainiarzale eta aurkakoak...

Euskal munduaren hondamendia kudeatzen ari diren politikari zein «kulturgile» profesionalek horren aitormen publikoa inoiz eginen ez badute ere, haien eskemetan XIX. mendean sartzen ez ziren eta XXI. mendean sartzen ez diren bertzeak ere bizi baikara!

Bai, Nafarroa Garaian bertan hamaika gara bertzeak, arkumeak ez garenok, amore ematen ez dugunok, batzuk oso arraroak edota zuzenean espainolak ei gara, supermegabertzale omen direnen eskutik edozein gauza jan nahi ez dugulakotz.

XIX. mendean Iruñeko alkate izan zen Francisco Huder eredua dugu? Batek daki, baina Mariano Anso Zunzarren 1931n Iruñeko alkate zenak zioenez: «Lucho por el triunfo de la libertad, no menos tradicional en la tierra de los Mina que otras tradiciones acaparadoras del vocablo, sin mayor antigüedad, razón ni derecho».

Adibide bat jarriko dizut, irakurle maitea, hobeki uler nazazun: Leandro Villafranca Nafarroa Garaiko Frente Popular taldeko presidentea zen 1936an. Bere semea, Jose Javier, Iruñeko lehen talde troskistaren sortzailea 1932an. Biak ezkutatu ei ziren Orotz-Betelu herrian 36ko uztailaren 18a eta gero. Aita falangistek harrapatu eta fusilatu zuten. Semeak ihes egin ahal izan zuen, baina errepublikarren espetxe batean hil zen, 1938ko Katalunian, ezkertiarregia zelakoan edo.

Biek sortu zuten Iruñean La Liga de Derechos del Hombre. Ederki ezagutu zuten elkarte hori Soledad, Mariangeles eta Marian irakasleek! Bai, jauna, bai, emakumeek ere parte hartu zutelakotz! Bertan abokatuak, sendagileak, langile xumeak ziren. Iruñea, Agoitz, Uxue, Artaxoa, Gares, Bera, Oronotz, Zirauki, Elizondo, Ultzama, Dorreaga, Lizarra, Tuterakoak ziren...

Haatik, orain, 2010ean, Iruñeko euskal abertzale, euskaltzale, aurrerakoien eredua omen da Club de Tenis ezagunean bazkide dena, eta berari, edota bera bezalakoei eman behar ei diegu botoa, inongo eta inolako trukerik gabe, etorkizuna fosilizaturik. Denak elkarrekin, biribilketa alai bezain adinekoan, karriketan kantuz. Postaletako Folcloristas eta baskitos buenos eredutik urrundu gabe. Hori agintzen digute, ildo politiko guzietatik jada, ezker-eskuin, arkumeak garelakoan.

Lagun fin bati Iruñean entzuna: «Nos mandan votar a la Barcina, a la Barcinica o a la Barcinarro».

Eta gero, emaitzak dena delakoak izanda ere, inoizko hoberenak izan direla azpimarratuko dute. Oraindik erabaki ez dutena ospakizunaren tokia da, zalantzatan baitira Riviera Maya, Punta Cana eta Portaventura artean.

Baina batzuk, orduan eta orain, bertzeak gara, eta bertzeak izaten jarraituko dugu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.