Bikaintasuna unibertsitatean: zertaz ari gara?

Iñaki Antiguedad Paula Kasares EHUko eta NUPeko irakasleak
2010eko urriaren 31
00:00
Entzun
Orain egun gutxi UPV/EHUk eta UPNA/NUPk, nork bere bidetik, Nazioarteko Bikaintasun Campusa izendapena jaso dute. Unibertsitateotako kide gisa, harrotasun puntu bat izan dugu, neurrikoa beti ere. Hala eta guztiz, gogoeta eginda, hainbat kezka ere sortuak zaizkigu.

Kezka bat bikaintasuna bera da, zertaz ari gara? Deialdiaren arabera baloratzen diren irizpideak, besteak beste, espezializazioa, aliantzak eta nazioartekotasuna dira. Inon ez da, berez, kontuan hartzen gizarte garapen iraunkorra bultzatzea edo unibertsitateok berezko duten zerbitzu publiko izaerari lotutako irizpide integratzaileak. Hortaz, non geratzen da bikaintasunaren barne dimentsioa?, gizarte baten aurrean, barruan, bikaina izate hori? Kanpotiko begiradapean egoteak eramaten gaitu, adibide baterako, kanpoko «talentudunak» erakartzera gure inguruko gizarteko bihar-etziko talentudun gazteak unibertsitatean oztopo-lehiaketara kondenatuak diren bitartean.

Beste kezka bat, unibertsitate publikoen finantziazioa neurri inportante batean bikaintasun-irizpideon menpe egotea da. Are kezkagarriagoa, izan ere, egungo finantziazioa (Eusko Jaurlaritzatik zein Nafarroako Gobernutik) nahikoa ez dela kontuan hartuta.

Kezka ere, larria, euskal lurraldeetan diren unibertsitate publiko bien bikaintasun-aipamenok Euskal Herria bera uzten duten lekua. Batetik, UPV/EHUk koordinatzen duen Euskampus proiektua; bestetik UPNA/NUPekoa, Zaragozako Unibertsitateak koordinatzen duen Iberus proiektuaren barnekoa. Adierazgarria da aliantzak baloratzen dituen deialdira nor bere aldetik aurkeztu izana, nor bere taldean. Hortaz, Euskal Herriko unibertsitate publikoen elkarlana sustatzeko orain arte izan diren ahaleginak ez dira adierazpen formaletatik asko urrundu. UPV/EHUren eta UPNA/NUPen arteko 1995eko lankidetza hitzarmena, edo 1999ko Comité de Enlace de Universidades de Aquitania, Euskadi y Navarra, kasuko, horren isla argiak dira. Noizko adierazpen formalei eginbidea eman?

Bestalde, saritutako proiektu estrategikoen espezializazioek ez dituzte islatzen ez UPV/EHUtik ezta UPNA/NUPetik ere gaur diren potentzialitate guztiak. Kasurako, goi-mailako ikasketek kultura eta hizkuntzaren transmisioan duten garrantziaz jabeturik, zergatikUPV/EHUk ez du espezializazio-ildo legez aurkeztu hizkuntz gutxituena, egun unibertsitate horretako ikasleen %51 nagusiki euskaraz ikasten egonda? Zergatik UPNA/NUPek partekatzen duen proiektuan memoria, patrimonio e identidades espezializazio-ildoa Errioxako Unibertsitatearen Centro de Estudios Lingüísticos de la lengua castellana izenekoaren eskutik etorri? Non dira Giza eta Gizarte Zientzien presentzia proiektu estrategikootan? Non UPNA/NUPek eta UPV/EHUk partekatzen dugun bertoko hizkuntza eta kultura? Non txertatu unibertsitate bien estatutuetan zein euskararen normalkuntzarako proiektuetan diren adierazpen formalak, hizkuntza eta kulturaren inguruan elkarlanean aritzekoak?

Nazioartekoan Euskampus proiektuan mugaz gaindiko campus bat sortzeko asmoa dago, Bordeleko unibertsitatearekin, ardatz atlantikoan jakintzaren erreferente bihurtu nahian. Aldi eta alde berean Iberus proiektuan mugaz gaindiko campus bat sortzeko asmoa dago, Toulouseko eta Paueko unibertsitateekin, Mendebaldeko Pirinioetako Bio-erregioaren erreferente. Gauzak horrela, zein lekutan geratzen dira nazioarteko bi egitasmootan Angeluko eta Baionako campusak, Bordeleko eta Paueko unibertsitateen modu bateko edo besteko inplikazioa dutenak? Margo nahasiegia irudikatzen zaiguna.

Gogoeta sakonagorako beharra dakar hainbat alorretan ematen den ez-aliantzen helburu horrek, bai, baina oraingoan, eta ikuspegi unibertsitario batetik, ezin kritikatu gabe utzi Euskal Herriko bi unibertsitate publikoen arteko aliantza eza, saritu berri diren proiektu estrategikoek elikatu egiten dutena, bidea zuzendu ezean. Are gehiago, unibertsitate-mailako elkarlanean egin daitezkeen urratsek, dudarik gabe, campusetatik kanpoko eragina izango dutela jakinda.

Sinergiak, bai, Herri bezala aurrera egitekoak. Europatik datorren haize berriak kalitatearen hizkera, ebaluaketaren kultura, gaitasuna bermatzeko beharra... dakartza. Ados. Baina beste erronka bat eransten diogu: UPV/EHUk eta UPNA/NUPek, kalitatez eta gaitasunez, gauza izatea beren egitura osoa, sinergian, inguruko gizartearen zerbitzura jartzeko; orduantxe erakutsiko dute bikaintasuna, kanpora eta barnera. Europan, unibertsitatearen eredu zentralista gainditzeko aukera badago, inguru aldakorrera moldatzeko eta, gure kasuan, Euskal Herriko unibertsitateen arteko elkarlan-gune sendoa sortzeko ere.

UPNA/NUPa eta UPV/EHUa Europako unibertsitate-esparruan nahi ditugu, barne, ez kanpo. Bai bata eta bai bestea, lehia jatorrean, sare eraginkor batean uztarturik, Euskal Herriaren goi-mailako unibertsitate-sistema modura kokatzea nahi dugu, kalitatezko hezkuntza, ikerkuntza eta zerbitzuak burutzeko, Euskal Herriaren barnera zein kanpora jarduteko, publikotik publikora autonomiaz bideratuta egonik, unibertsitatea egunez egun egiten dugun guztion esku-hartzeaz kudeatua izanik, eleaniztasunaren barruan euskara ezinbesteko ardatz hartuko duena, inguruko gizartean uztartua eta horren erreferentea arlo askotan.

Unibertsitateen arteko sareak Euskal Herriko garapenerako tresna garrantzitsua izan behar du. Bestelako garapen ekonomiko bidean, lehiakortasuna egungo sisteman bizirauteko saihestezina bada ere, bakoitzak bere zilborrari begiratuz ez baitago aurrera egiterik. Lurralde garapenean, ekonomia eta jendartea lurralde jakin batean kokatuta dauden neurrian, hurbilekoarekin lotuz lortu beharreko kohesioaren alde egin behar baita. Garapen sozialean, unibertsitate sareak jendartea gizatiarragoa izaten lagundu behar baitu, eremu guztietan.

Su horretan jartzean ikusiko da nolakoa den bikaintasuna. Bikaina den ala ez den.

Artikulu hau EHUko eta NUPeko irakasle hauek ere izenpetu dute: Juantxo Madariagak, Arantza Urkaregik, Koldo Zuazok eta Alex Arizkunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.