Bizkartzainarekin eta biktima bihurtuta? Ez!

Tere Saez Barrao.
2011ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Lehenik eta behin, onartu beharra daukagu andreen artean aniztasuna dagoela, baita genero-indarkeria motaren bat jasaten dutenen artean ere. Aniztasuna dago, besteak beste, andre bakoitzaren arrisku mailaren arabera, harekiko bizipen subjektiboaren arabera eta norbere segurtasuna sendotzeko baliabide edota neurrien arabera.

Horregatik, ados gaude hala eskatuz gero bizkartzainak izateko aukera eduki behar dutela emakumeek. Horrek, ordea, honako hau ere esan nahi du: bizkartzainen kontua aztertu egin behar da, eta, kasu guztietan neurri horren alde edo kontra egiteko, parametro hauek hartu behar dira kontuan.

Lehenik, beharrezkoa ote den bizkartzaina jartzea, andrearen bizia arriskuan dagoelako; hala nahi izanez gero, berehala jarri beharko litzaioke. Harrigarria da nola orain arte ez zaien bizkartzainik jarri egoera ezinago krudel eta nabarmenetan ere; emakume jakin batzuei eta azken urte hauetan baino ez dizkiete jarri.

Bigarrenik, galdetzea ea bizkartzaina izateak beren autonomia sendotzeko balio ote dien emakumeei. Eguneko ordu guztietan bizia kontrolpean izateak nekez bermatzen du pertsona baten autonomia. Biktima gisa bizitzera behartzen du, eta biktima bat dela sentiarazten dio. Ingurune hurbilenekotik baztertu dezake, ezin baititu bizkartzainak harekin partekatu. Baldin eta noiz edo noiz bizkartzainak alde batera utzi eta bere bizimodua egitea erabaki duelako zerbait gertatuko balitzaio edo zerbait gertatzeko arriskuan jarriko balitz, izugarria izango litzateke bere buruarekiko erruduntasun sentimendua; genero indarkeria jasaten duten emakumeei gaur egun sentiarazten zaiena baino askoz handiagoa —telefono deiren bat erantzun dutelako, salatu ez dutelako…—. Seme-alabekin ere arazo handiak izan ditzakete, ezertxo ere ulertzen ez dutelako eta filmetako agente berezien antzera ikusten dituztelako.

Benetako segurtasuna bermatzen al die ordu guztietan? Ez. Tratu txarren emaileak bere egina duenez «lehenago hilda, ni gabe baino», zirrikituak bilatuko ditu han edo hemen, egon bai baitaude; lehen ere esana dugunez, emakumeen bizitzan bai baitaude hainbat une bakarrik egon behar dutenak, inguruan bizkartzainik izan gabe. Baldin eta tratu txarren emailea kalean badabil, emakumeentzako bermerik eta segurtasunik onena da tratu txarren emaileak berak izatea bizkartzainak, eta huraxe egotea haien begiradapean eta kontrolpean. Ez diezaiotela begirik kendu, inolaz ere. Oina kalean jarri orduko, kontrolatuta eduki dezatela, ordu guztietan eta une oro. Eta ondorioz, ordutegi mugatua izan dezala… Gainera, horrek badu beste alde on bat ere: larrutik biziaraziko diotela zer den norbere bizimodua, mugimenduak eta pentsamenduak kontrolpean edukitzea, hark tratu txarrak eman dizkion emakumearekin egin bezala.

Bizkartzainak neurri ezinbesteko eta ezin hobetzat proposatzeak, berriz, lehentasuna kentzen dio prebentzioari eta herritarren parte hartzeari, genero indarkeriaren kontrako borrokan. Egia da, bateragarriak izan daitezke; baina, hasieratik babes horretan jarriz gero indarra, litekeena da gainerako neurriak ez hartzea eta, batik bat, uztea gizartea sentiberatzeari eta trebatzeari, jendeak uler eta norbere larruan senti dezan tratu txarren emaileak baztertzea eta arbuiatzea dela herritarren modurik egokiena genero indarkeria darabiltenak borrokatzeko.

Hala, gainera, litekeena da huts egitea emakumeak ahalduntzeko eta haiek beren buruarekiko iritzi ona lehengoratzeko ahaleginean ere. Hain zuzen, eta babestuta egongo direnez, ez baita beharrezkoa izango zalantzan jartzea —pixkanaka baina modu eraginkorrean— ez gizarte honetako sistema patriarkala eta ez generoaren araberako desberdintasun harremanak. Beraz, litekeena izango da hurrengo maitasun edo bikote harremanen batean ere halako egoeran gertatzea berriro ere.

Arrazoi horiengatik, uste dugu ez dela eskatu behar neurri orokor gisa. Aitzitik, nabarmendu nahi dugu haiek kontrolatu behar direla: tratu txarren emaileak. Emakumeei, berriz, arreta osoa eta banakakoa eskaini behar zaiei, bizimodu duin bat egiteko bermeak eman behar zaizkie, eta autodefentsarako neurriak eta norbere autonomia lortu ahal izateko bitartekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.