Boterearen subsidiarioak ase ezinik

2011ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Bortizkeriaren oihartzunak atzera egin duen neurrian, berriro ere agerian geratu da «betiko demokratek» biktimak beharrezkoak dituztela. Berriro ildo ofizialistari heldu eta betiko diskurtsoan oinarritutako erretolika gara dezaten.

Eztabaidak, gaur, baldin eta eztabaidarik badago, ETAk bere jarrera militarra amaitu izanak ekarri duen krisialdia gainditzeko egin beharko litzatekeenak, errealitate ezagun baten aurrean jartzen ditu gizartea eta klase politikoa. Duela bat, bi edo hiru hamarkadako leku berean, baina aldagarri batekin, alegia, oraingoa ez da aski, ez du balio, agian, auskalo, beranduago beharbada.

Are okerrago, beste zerbaitez hitz egiten da, egonezin instituzionalean kokatu nahi da eztabaidaren arreta-gunea. Berriro piztu nahi dute ohiko iruzurra, komenigarritasun politikoaren arabera, gaia eremu judizialera eramanez. Espainiar gobernuak ez baitu su-etenik —batzuetan bai noski—, izan ere, memoriak hautatu egiten baitu ezkutatu edo ahaztu nahi duena, Galindo generalaren afera, adibidez.

Bi komunitate desberdin eta antagonikok, bakoitzak bere eskubide politikoak zilegi den bezala bilatzen dituenean, gatazka askotan zatiketarekin konpontzen da. Zipreko, Jugoslavia ohiko eta Sobietar Batasun ohiko, baita agian Belgikako ereduek joera naturala hori dela gogorarazteko balio dute. Ez baita zelai politikoan parte hartze hutsarekin arazo demokratikoa konpontzen, egitasmo guztien lehia bermatzean baizik. Hala ere, beste aukera bat da eraikitzea orube berri bat, hain zuzen ere, komunitate antagonikoek euren etorkizuna antola eta gara dezaten, lurralde eta politika «auzotasunaren» logikari jarraituz.

Ordaina —beti dago ordainen bat— konstituzioaren ukiezintasunari uko egitean datza. Konstituzioa eraldatzeko proposamenak aurkeztu beharra daude, bestela edozein irtenbidek emango du alde batek bestea garaitu izanaren itxura, eta porrota besterik ez du ekarriko.

Historiak berak agertzen digu euskal gatazka deitu den hori konponbidean jartzeko asmoz negoziazio prozesuren bati heldu zaion bakoitzean Madrilen aldetik azaleratu den sakoneko gakoa, alegia, Estatu espainolaren demokratizazio amaitu gabea hutsegite baten defentsa irmoan oinarritu dela, zer eta Espainiako ustezko ukiezintasunaren defentsan.

Komunitate politiko baten etorkizuna ezin da axolagabeki zimendatu ustezko komenigarritasunezko tabuetan. Oraintsuko etorkizuneko gertakariak benetan hauskorrak lirateke, ez balira arduradun gutxi batzuen nahia baino. Ez du ezertarako balio borondate politikoak, ez bada oinarritzen garapen sakon eta iraunkorretan, besteak beste mentalitatearen, eboluzioaren eta eskubidearen aitortzan.

Berdin zait baskongadoen aldetik edo hemen Nafarroan. Berdin zait EAJ edo Aralar. Une honetan bakarrik ez, askotan irakurri eta entzun izan diet hainbat belanaulditako erakunde abertzaletako buruzagiei euren helburua Euskal Herriaren askatasuna dela. Zalantzan jarri ezin badut nirea egiten dudan helburu horren aldeko jarrera, aitortu behar dut, ordea, ez dakidala nola egin daitekeen jomuga horren alde, ustezko zeharkakotasun funtzional batez, indar politiko espainiarrekin bat eginez.

Ez dut fidagarritasun handirik ikusten. Ez baita onargarria; batzuetan bai, besteetan ez, han bai, baina hemen ez. Ez dago zalantzarik euskal abertzaleok ez gatozela bat aske hitzaren praxiarekin.

Beharbada norbaitzuk esango dute agian ez gaudela une egokian horrelakoak azpimarratzeko, baina, Euskal Herria aske nahi dugunontzat, askatasunak esanahi bakarra dauka. Ez du esan nahi askatasun mugatua, beste nazio baten interesetara baldintzatua. Ez du esan nahi askatasun egokitua, legebiltzar atzerritar baten agintera. Esan nahi du askatasun osoa, geure etorkizunaren gaineko jabetza subiranoa.

Ez du esan nahi ere klase baten askatasuna, herri oso baten askatasuna baizik. Ez du esan nahi zati baten askatasuna, Euskal Herri osoaren askatasuna baizik. Euskal lurraren metro koadro bakoitza eta guztiarena.

Historiak agertzen digu ez dugula beti bide egokia hautatu, egia da, baina okerrak zuzentzen ikasita gaude. Orain bidean gaude, eta jakina, ez ditugu denak eskura, baina bide honetik goaz.

Lehen aske izatearen praxiarekin nebilen bezala, uste dut abertzale izatea ere zehaztu beharra dagoela. Abertzale izatea, nazionalismoa, ez baita estatutu batean jaso eta ituntzaileen interesak bermatzen duen zerbait. Abertzale izatea, nazionalismoa, beste gauza bat da. Hausnarketa honen edukiak zaharkitua eman dezake, baina abiaburu hauetatik zenbat eta gehiago aldendu, hainbat eta zailago jarriko zaigu nahi dugun horretara hurbiltzea.

Hamarkada eta hamarkadatan errepikatzen ari den bidegurutzean gaude. Beraz, ez da berria. Uste dut une egokia izan daitekeela aitortzeko orain arteko joan-etorri osoa begirada luze batez onartzeak ez nauela itsutzen ez ikusteko adina nazio batek bere askatasuna lor dezakeela, odol tantarik ere isuri gabe. Bale, baita hori dela—ahal izanez gero— jarraitu beharreko bidea. Baina bitarteko baketsuak erabilita, indar moral hutsarekin. Nazioartean aitortutako eskubideak eskatze soilarekin. Hori guztia lotuta euskal gizartearen gehiengoaren borondate zalantzagabeari, nahikoa izango ote dugu?

Hain gutxi trebatuta dagoen espainiako demokraziak ba ote du gobernu britaniarrak Irlandan adierazi zuen adinako sendotasun nahikoa? Erregimen zaharretik eratorriz oraingoan txertatu direnak, gaur bertan aska galtzeko zorian daudenak, aseko ote ditu? Argiago esanda, trantsizio berriak eskatzen duen guztiari eutsiko dio? Horrela izan dadila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.