Idazlea. Josu Iraeta

Demokrazia garatuz, negoziaketa helburu

2011ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Azken hilabete hauetan, tentsio goratze azkarra sumatzen da, eta bertatik bertara bizitzen ari garen prozesu honi, ongi begiratuz, esan daiteke egoera guztiz korapilatsua eta zaila gertatzen ari zaigula. Beharbada uste genuen baino luze eta gogorragoa. Hori baieztatu besterik ez du egiten, egun indarrean dagoen espainiar gobernuak, azken boladan emandako urratsak. Espainiar demokraziak txingoma dirudi.

Nahiz azalean gauzak nabarmen aldatu, —Francoren garaian bezala— gaur aurrean dugun etsaia betikoa da. Hemen denek dakigu zer nahi duten eta zer nahi dugun. Nor dugun alde eta nor aurka. Azken berrogei urte hauetan, politikaren ikuspegia ez da gauza handirik aldatu.

Horretaz gain, nahi duenak, jakin badaki, Madrilen eta Madrilekin bat egiten dutenek, abertzale eta ezkertiar garenorekin daramaten konfrontazio luzean, behar adina laguntza eskura dezaketela bere betiko bidea jorratuz. Hor, indarrean – eta alde – inkisizio hutsa besterik ez den «entresaka» politikoa.

Orain EAJren ahuldadea nabaria izanik, bozka asko galdu arren, matematikak dituzte lagun. Harritzekoa beste behin ere alde izatea. Horrela, Arzalluzek Aznarrekin egin zuen bezala, gaur protagonistak dira berriro, eta agintea berreskuratzeko aukerak eskatu dituzte.

Duten guztia emateko prest azaldu dira, eta horrek errepresio neurriak indartzeko bidea dakar. Jakinik gainera, emandako laguntzak demokraziaren ezaugarri gehienenurraketa areagotzen lagunduko duela. Beraz, ez du askorik balio, Gipuzkoatik bidalitako mezu kontrajarria gizarteratzeak. Hemen balio duenak ez baita Egibarrrek esandakoa, Urkulluk egindakoa baizik. Ajuria Enearen giltzarekin amesten dute, eta horrek suposatzen duen boterearen truke, berea eta besteena saltzeko prest daude.

Ikusten duzuen bezala, ez dugu ezeren beharrik, denetarik badugu. Herri zanpatua, etsaia, arazo larria, etsaien kolaboratzailea, errepresioa…. dena bertan, demokrazia ezik.

Gertakizunakez dira alferrikakoak izaten ari, beharbada horregatik azken boladan entzuten dira lagun eta adiskideen urduriz betetako hitzak, baita ingurukoen zalantzak. Baina garbi esan beharra dago, hemen, inor ez dago lasai, ez ni, ez inor. Ez da komeni, ezinezkoa da.

Egia da burua hotz baina bizkarra bero ditugula aspaldidanik, baina ez alferrik, berotik ez baitator argirik. Ukaezina baita, nahiz beti gorde eta ezeztatu, —eta ez gaitu harritu behar— etsai diren indarrak, negoziatu nahi dutenean, indar harremanen egoera bereganatzea. Honek —besteak beste— esan nahi du eskuin muturreko espainiarren asmoak ez direla beteko. Asmoak asmo izango direla eta ez besterik. Demokrazia garatu beharrean ematen diren negoziaketek, ez baitira garaile-garaituen terminoetan ematen. Demokrazia beste zerbait da.

Bidea lantzen jarraitu beharra dago, ezin dugu inoren eskuetan utzi euskaldunen sufrimendu eta ilusioaren kudeaketa. Euskal Herria noizbait aske izan dadin, denen ahalegina da ezinbesteko; zahar eta gazte, eskuin eta ezkerrekoek, ETAkoek eta ETAkoek ez direnek barne. Aurrera begira eta prozesua askatzen doan neurrian, oker ugari eta ezusteko asko eta berriak, izango dira. Denak kontuan hartzekoak eta beharbada inork uste baino latzagoak. Agian latz eta zailena, gizarte espainiarrean poliki-poliki baina urte luzeetan hedabideek ereindako mezu ezkor, maltzur eta gezurtia.

Irlandan gertatukoari begiratzen badiogu, esan daiteke, borondate politikoa ere ez dela aski izango. Adimen sendo eta argia beharrezkoa izango da, batez ere aldaketaren susmoa gizarteratzen denean, une gogor eta tentsio sakonak sortuko baitira.

Litekeena da parrafo hauetan idatzitakoa gogor samarra iruditzea, litekeena da. Baina zintzo izatekotan, ezin dut idatzi hemendik ehun edo berrehun urtera izango diren euskaldunentzat. Gaurkoari, oraingoari eman behar zaio duguna, zerbait emateko badugu behintzat. Noizbait izatekotan, orain baita elkarlan eta babesaren garaia.

Bizi dugun une politiko interesgarri honen bidez, laster hasiko gara jabetzen, EAJk Madrilen jasotakoaren ordaina nolakoa den, eta batez ere, nork ordainduko duen. Dena dela, nire ustez, EAJk daraman mozorroa betirako kentzeko garaia heldu zaigu. EAJrenibilbide osoak frogatzen baitu, aberria erabiltzen duela alderdia egiteko eta ez alderantztiz. EAJ Estatu espainiarrak eskainitako erreforma barruan bizi da. Espainiar interesei men eginez, beraien aginte politiko-ekonomikoarekin erabat lerrotuta, eta ez badugu sahiesten, bertan geldirik eta isilik bizitzea behartuko gaitu. Horregatik,—bere jarrera espainolista nabarmenduz—Aralarrek ezker abertzaleari atea itxi izana, aurrera pausotzat jotzen du.

Baina zorionez, agian Franco hankamotzaren azpian hezitakoak garelako, ongi ikasita gaude, arerioa aurrez-aurre dugunean, ezin garela gibelatu – ezin dugula atzera egin, alegia – eta badakigu nola jokatu behar dugun. Beti egiari zor zaion begirunean bizi, eta sekula ez gezurraren aurrean makurtu, dirua eta bizibide obeak badakarkigu ere. Lehen ere nahiko aizun baditu gure Euskal Herriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.