Disimulatzen ere ikasi dugu

Jon Xabier Basogain Urrutia
2019ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Azalaren kolorea, sexua, genero identitatea, itxura fisikoa, jaioterria, adina, janzkera, balioak, sinesmenak, bizitokia, norberak egiten dituen gauzak, erosten dituen gauzak... Edozein aitzakia erabiltzen dugu guk —eta ez gizarteak, gu baikara gizartea— beste pertsona asko diskriminatu, zapaldu, gutxietsi edo haiei iseka egiteko. Arruntasun arruntenetik haratago dagoen edozer gauza aitzakia erabilita, besteak diskriminatzeko prest gaude, inpunitate osoz gainera; azken finean, bestea da ezberdin, eta ez gu.

Diskriminatzen duen pertsona horren atzean diskriminatua izateko beldurra ezkutatu ohi da, eta bera diskriminatua izan aurretik nahiago du besteak zapaldu eta gutxietsi; edozer gauza bere benetako arazoa onartu aurretik. Askotan, eta bereziki emakumeak zapaltzen dituztenen horien atzean, harrotasuna, agintea izateko nahia eta berekoitasuna besterik ez da izaten.

Edozein motatako diskriminazioa jasan dutenei gertatutakoaz galdetzean, ezpainek dena kontatu nahi dute, baina burmuinak ez du bizitako hura gogoratu nahi; ez du berriro besteen aurrean ahul iruditu nahi, ez du berriro diskriminatua izaterik nahi. Guztiok jasan izan dugu inoiz diskriminazioa, era batekoa ez bada, bestekoa. Eta guztiok daramagu diskriminatzaile bat barruan. Guztiok esan ditugu «Begira zelako arropa daraman horrek», «A zer-nolako txima luze itsusiak dituen horrek», «Zeinen baxua den mutil hori», «Gazteegia zara, ezin duzu; hau nagusientzako soilik da», «Zelako zakarra zaren, mutila izan behar zenuen», edo «Neska da, seguru adeitsua dela» bezalako esaldiak. Askotan, —behar bada, beti, etengabe— eta nahigabe bada ere, jendea diskriminatzen ari gara.

Zoritxarrez, mutil eta neska jarrerari dagokionez, oso estereotipo finko, hautsezin eta muturrekoak ditugu. Mutilentzako urdina, indarra, harrokeria eta ausardia; neskentzako, berriz, arrosa, adeitasuna eta fintasuna. Mutila gainetik jarri dugu, eta neska mutilaren aterkipean, beti babesean, ez baitu aterki propiorik, edo hori kontatu digute. Hasi dira, edo hori diote, gauzak aldatzen. Baina ez dadila enteratu aita bere semeak panpinak nahi dituela eta ez futbola, ez dadila enteratu ama bere alabak panpinak gorroto dituela eta futbolean aritu nahi duela eta ez daitezen neska-mutil horien gelakideak enteratu, berehala ipiniko baitiete mariquita eta marimacho abizena. Baina dena ondo doa, gauzak aldatzen ari dira edo dagoeneko aldatu dira; hori baitiote. Olentzero ezin da dagoeneko bakarrik atera, orain Mari Domingik ere joan behar du berarekin. Eta horrekin konpondu dugu dena. Baina Olentzero bera da bere zerrendan mutilentzako sukaldetxoa onartu ez eta kotxea jartzen duen gizon hori, eta baita neskei beti panpinak ematen dizkiena. Uste dut behin apurtu zuela Olentzerok bere arau hori, spinnerrak modan jarri zirenean. A ez, hor ere urdinak mutilentzako eta arrosak neskentzako.

Heldutan ere, begi txarrez begiratzen diegu etxearen ardura duten gizonei, neskekin dabiltzan neskei, mutilekin dabiltzan mutilei eta itxura fisiko ezberdina duten horiei. Txikitatik ari baikara gauza bera egiten: fosforitoz markatzen ezberdina den hori. Baina dena ondo doa, eta benetan aldatzen ari garela zin dagite komunikabideek. Eta hara non, ezetz eta ezetz, emakumeenganako indarkeria ez dela existitzen, ez dagoela gizon eta emakumeen kanon estetikorik, itxura fisikoak ez duela axola, azalaren koloreak ez diola inori axola, erabiltzen duzun kamisetaren neurriak ez duela zu baloratzen zaituzten moduarekin zerikusirik.

Bai, egia da, asko aldatu gara. Orain disimulatzen ere ikasi dugu. Baina, mesedez, ez ezazue alfonbra azpian begiratu, badaezpada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.