El Corte Inglesek bidaia agentzia bat dauka edozein bidaia antolatzeko, kreditu-txartel bat edozein produktu epeka erosteko eta aseguru etxe bat.
Baina, kontuz! Bidaia erosten baldin baduzu eta bertan behera uztera behartuta bazaude -lanaren kontuagatik, adibidez-, hor hasiko da zure sufrikarioa: ez dizute erantzun zehatzik emango, itxoiteko baizik.
Eta, azkenean, gutun bat bidaliko dizute, esanez ez dela bere ardura bankuko kontua jakitea zure dirua itzultzeko; hau da, ezagutzen duten kontua dirua epeka kobratzeko, badirudi ezezaguna dela bueltatzeko. Esaten dutenez, El Corte Ingles bidaia agentziak ez dauka zerikusirik El Corte Ingles txartelarekin; batak dakiena besteak ez dauka susmorik ere. Hori bai dela lan banaketa ederra! Eta hori gertatzen da XXI. mendean, informatikaren mendean hain zuzen.
Agian El Corte Ingles, ingelesa denez, oraindik Ingalaterrara ez da hainbesteko aurrerapausorik ailegatu.
Rafa Garde eta Gemma Zubiaurre. Gasteiz.
PSN eta euskara
Noaingo Aireportuan errotuluak ele biz jartzeko PSNk egin berri duen eskaera dela-eta, AET Administrazioan Euskaraz Taldeak, harridura osoz, bere adostasuna adierazi nahi dio alderdi horri, baina galdetu nahi genizueke zergatik ez duzuen exijitzen zuen Madrileko Gobernu horrek Nafarroan dituen administrazioen egoitzetan, INEMen, Gizarte Segurantzan, Ogasunean, eta abar, dena, langileak barne, bi hizkuntzetan egotea ere?Eta, era berean, euskaldunon aldeko hain «borondate ona» ikusirik, eskatu nahi dizuegu, hurrengo hauteskundeak bitartean, beste hainbeste gauza eta egoeren aurrean berdin egitea: Diputazioaren eraikina eta gainontzeko departamentuak, adibidez, nafar guztiontzat dira eta. Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbideko eraikinak ere, hiritar guztiok erabiliak direnak, noski. Berdin egin daiteke Nafarroako Gobernuko Administrazioak argitaratzen dituen deialdien inprimakiekin edota Baluarte enpresa publikoaren programazioekin ere, adibidez.
Zuek, UPNk bezala, ez duzue zeuen legedia bera ere betetzen. Duela hogei urteko Ministerio Aginduak ezartzen zituen betebeharrak, euskara jakitea meritu moduan izanen zuten lanpostuak zehaztea, kasu, paper hutsean gelditu dira. Bakarrik bi langileri eskatu zaie euskara jakitea, adibidez. Zer eskatuko duzue hutsune hori ikusita?
Mila aldiz eskatu da nafarron partetik Gobernuak, gutxienez, Euskararen Legea betetzea leku eta gai guztietan, baina zuek lagundutako gobernu horrek ez du kasurik egin, eta zuek txintik ere ez duzue esan. Ezin dugu ahaztu zuen gobernu batek egin zuela gaur egun jasaten dugun esandako lege hori. Ezin dugu ahaztu zuek maneiatzen dituzuen administrazioetan berdin-berdin egiten duzuela.
Kasu zehatz honetan lotsagabekeria handia erakusten duzue, zuek baitzaudete Madrileko Gobernuan, eta horri dagokio aireportuen eskumena, bertan behar dena egiteko, inongo eskaerarik itxoin gabe.
Ala horrek guztiak ez al du etekin elektoralik ematen?
Rosario Huizi Vaquero. AET Administrazioan Euskaraz Taldearen izenean.
Kirolak, kultura orientalean
Kulturarik zabalduena delako, mundu osora gaur egun, horrek ez dakar pentsatzea unibertsala dela. Nik beste kultura bazter utzietatik begiratzen eta estudiatzen dut kultura orientala, eta ikasten dut erroak dituela gabetasun erabatekoa dagoen lekuetan, basamortuetan, hortik kapitalaren metatzeko bere joera argia, eta gerrarako joera ere (bertan unibertsal bihurtua izan da gerra gehienetan, azken kasua dugu Ernst Junger, zeinak modu homerikoan azaltzen zuen gerra modernoa) eta politikan guzti horrekin bat datorren despotismoa, despotismoa etengabea izan dena bere historian, eta ikasten ahal dena ere erlijio monoteistetan (ni Jesusen jarraitzailea naiz, eta haren baitan beste zerbait ere badut ikasten, beste karta batean, eta nire liburuetan, komentatu izan dudan moduan).Kiroletan ere guzti horren islarekin topatzea ez da batere harritzekoa, eta dena da konpetizioa, lehia estua, joko zikina ere goraipatua da Iliada-n bezala eta hola. Ez dakit nire paranoia izango den, baina gizon asko ikusten dut azken bolada honetan oso gihartsu daudenak, muskulazio gimnasioetan orduak emango balituzte bezala. Eta usain txarra, oso txarra, hartzen diot guzti horri, ideologia nagusia balitz bezala Ilunpe-azpi honetan (mundu honetan esan nahi dut, ez bakarrik mundu honetako leku bat, mundu guztia ikusten baitut intelektualki ilunpeetan).
Roman Garmendia. Donostia.