Hamalau urteko mutil kozkor bat hil da marokoar poliziaren eskuetan, eta inori ez dio dardarizoak ematen. Hamalau urteko mutiko batez ari gara hitz egiten, ez al du ezer balio gazte honen biziak?
Nayem Foidal marokoar poliziak eraila izan da, eta oraindik bada jendea lotara lasai eta barne korapilorik gabe doana. Barka, nor edo nor gaizki sentitzen bada hau entzutean, baina pertsona horiek izen bat eta bakarra dute: hiltzaileak. Ez du inporta nork zuen arma eskuetan gazte honek zuen eskubide bakarra, bizitzeko eskubidea, lapurtu baitzioten; ez du inporta, arma hori esku batek baino gehiagok eusten dute eta.
Argi dago zenbaitzuentzat ez duela inporta nor jartzen den beraien jomugan, berdin zaie agure, gizon, emakume... izatea, berdin zaie! Garrantzitsuena sahararren gatazka eta momentu hauetan Aaiuneko kanpamenduan bizi den izualdia ez ezagutzea da -ez dezagun ahantzi zauritu gehiago daudela eta beste baten heriotzaz hitz egiten ari dela-, finean saharar herriak bizi duen errepresioa ezkutatu eta ahaztuan erortzea.
Baina Ya-lah Gazte Ekimenetik gure indar guztiz salatu nahi dugu saharar herriak urriaren 9tik, kanpamenduak altxatzea erabaki zutenetik, jasaten ari diren bortizkeria. Bigarren mailako hiritarrak dira beraien lurretan; hezkuntza, osasun eta lan eskubide gabeak, bortxatu eta isilduak. Eta dena sahararrak direlako, beraien lurra maitatu eta bertan bizitzen jarraitu nahi dutelako. Gure elkartasuna eskaintzen diogu hildakoaren senitarte eta beste biktima guztiei. Ez dugu utziko Nayemen izena ahanzturan erortzen den beste bat gehiago izaten. Nahiz eta izen propioa duten zenbaitzuk herri hau zein bere arrazoiak ahazten saiatzen diren, gu ez gara isilduko! Ez da, espainiar gobernuko ministro berriak esan duen bezala, lasai egoteko garaia, gure ahotsak goratu eta bat egiteko garaia da. Utzi saharar herria bakean! Independentzia eta autodeterminazioa orain! Sahara askatu! Sahara hurra!
Birginia Pozo Gonzalez. Yal-lah Gazte Ekimenaren izenean.
'Existitu'
Azken bolada honetan, «existitu» gora, «existitu» behera... modan jarri da.Adibidez:
Gaur 8, Gara-ren eranskinean (2010-VIII-27koan), 3. orrialdean, Gorka Elejabarrietak, Terminologia artikulu luzean, hiru aldiz agertzen da :
1- «Gatazka existitzen dela ziurtatzeko batzuek ...».
2- «ETAren indarkeria bakarrik existitu balitz bezala ...».
3- «(letra handitan ) gatazka existitzen dela onartu gabe...».
Euskaraz oso ongi dakien Joseba Egibarrek berak ere, modari amore emanez, nonbait, hau idatzi zuen B
Goazen orain gure hiztegietara:
Larramendiren Hiztegi hirueledunean, (espainol / euskara ). ed.1853, bi liburukitan, lehenengoan, ( I, 416 orr.) hau dator:
Hau irakurtzen da: existir : izan, izandu, izatu.
R.M. Azkueren Hiztegian, existitu ez dakar.
Aita Lhanderen Hiztegian ( euskara / frantsesa ) existitu ez dakar.
Hiztegi berriagoetan, modan ez egoteko beldurrez, eta modari amore emanez, hau irakurtzen da:
Ibon Sarasolaren Zehazki Hiztegi bikainean: egon, izan (existitu).
Elhuyar Hiztegian: egon, izan, (existitu).
Adorez Hiztegian: egon , izan, (existitu).
Hala ere, erraza da kontua:
-Existitzen dela: dagoela esaten da orain.
-Existituko balitz: balego esaten da orain.
Uste dut, hitz batez, azkeneko urte hauetako berrikeria hau baztertu beharra dagoela.
Jose Luis Alvarez Enparantza, 'Txillardegi'. Idazlea (Donostia).