Eliza, gero eta urrutiago
Bere gurutzada atzerakoiaren beste urrats bat egin zuen atzo Eliza katolikoak Euskal Herrian, Mario Izeta Bizkaiko gotzain izendatuta. Hedabideetan garrantzi handia ematen bazaio ere, nabaria da Elizak gero eta indar txikiagoa duela gizartean. Horri aurre egiteko, gotzain atzerakoien aldeko apustua egin du Vatikanoak, eta horrek ondorio bat baino ezin du izan: oraindik ere gehiago urrutiratzea nahiko urruti dagoen gizartetik.
Euskal Herriak estatuekin duen gatazka nazionalean bost gotzainek duten iritzia gorabehera, XXI. mendeko gizarte libre batean ezinbestekoak diren balio zenbaiten aurka tematu dira Elizaren hierarkiako arduradunak. Ez dute onartzen emakumeek beren amatasunaren gainean erabakitzeko eskubidea, ez sexu askatasuna, ez antisorgailuak erabiltzeko aukera...
Garai batean Euskal Herrian zuen boterea amets, aldaketa prozesuan murgildu da Eliza. Balio atzerakoien alde lerratuta, gizartearekiko zubiak eraisten ari da, ordea. Eta, hortik, sektarizazioa baino ezin du espero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu