Idazlea. Josu Iraeta

Entzun nahi ez den oihu sakona

2010eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Herri baten oihu eta garrasi luzea bezain sakona isiltzea ez da lan erraza inorentzat, nahiz bai historikoki, bai soziologikoki edo kulturalki, herri desintegratu bat izan. Eta ez administrazio mailan soilik. Horrela entzutea gogor samarra dirudi, baina Euskal Herrian, hainbat froga ditugu egunero aurrez aurre. Bide horretan, badakit ez dela askoren gustukoa eta Vascongadas terminoa entzuten dutenean belarriak «tente» jartzen dituztela, baina gauzak horrela dira eta historikoki hala ulertu izan da. Ni vascongadas erabiltzearen alde nago, uste dut nire-gure ezadostasunaren ispilu dela, benetako helburua zein dugun kontzientzia mantentzeko balio duena.

Dena dela, desintegrazio honen gainetik integrazio borondate bat badagoela ukaezina da. Eta horiez da hauteskundeetan bakarrik sumatzen, nolabaiteko komunitate batean elkartu eta beharreko bideak abian jartzeko gogoa ere nabaria da. Baina Francoren garaian bezala, gertatzen zaiguna da geure historia ere besteek kontatuta ezagutzen dugula. Gure aurkarien esku jarraitzen duela, eta hori erro-errotik aldatu beharra dago.

Vascongadasen lehendakari espainiarrak agintzen duen ezkeroztik, integrazio hitza da gehien idatzi eta entzuten duguna. Baina integrazioa ez da posible, integratu nahi dituzten guztiek zeregin bat eduki gabe, bestela ez da integrazioa, inposaketa baizik. Gainera vascongadoen lehendakariak integrazio espainiarra bultzatzen du, eta euskaldun gehienek ez. Vascoak eta euskoak elkarrekin ikusi nahi ditugu. Bere garaian zeuden bezala.

Baina gauzak oker dabiltza, espainiar herriaren homogeneitatea bultzatzen dutenak ez baitira espainiarrak bakarrik. Eta bai, bada, Estatuak ematen diona,kultura espainiarraren historiak ematen diona. Homogeneitate espainiarra, baina ez dauka Euskal Herri bezala homogeneitate bat.

Euskal Herriaren konponbidea inoren eskubideak baztertu gabe, guztiontzat balioko duen egitasmo bat egitetik baitator, komunitate bat bezala nola integratu eta borondate bat garatuz.

Espainiar komunitate batean integratu nahi badugu, euskara utziz, eta «provincias del norte» bihurtu, oso erraza da hori.Hori aukera bat da, eta badirudi, batzuen ibilbide kolaboratzailea ikusita, horretara joan nahidutela, nahiz eta hori oraindikez esan.

Hori ez da Euskal Herri baten egitasmoa, hori da probintzia espainiar baten egitasmoa. Inkultura eta basakeriaren egitasmoa da. Kultural eta sozialki dagoen errealitate ederra erabat txikituko lukeena.

Kolaboratzaileek ez bezala, beste aukera ikusten dut, Euskal herri historikoaren inguruan, gure hizkuntza eta kulturaren inguruan. Hori izango litzateke Euskal Herri baten egitasmoa, bestea ez bezala.

Mota guztietako euskaldunek—espainolistak barne— oso ongi dakite herri honen gehiengo handia honen alde dagoela. Horregatik ehunka mila euskaldun «terrorista» izendatu gaituzte, gehiengo handi horren aurka, eskubide sozial eta politikoak erro-errotik ezabatuz.

Dena dela, ez da herri arazo bakarra, arazoa ez da hauteskundeetako herri honen borondatea, herri honen kontzientzia eta sentsibilitatea bera baizik. Hori bai, manipulazio luze, anker eta interesatuak sakon nahastuta duena.

Egia da garai batean uste genuen baina latzagoa izaten ari zaigula autonomia desmitifikatzea. Estatu espainiarrak herri honi eskainitako opari pozoitsua dela frogatzea, alegia. Oso zaila suertatzen baita, nazio askapen prozesu guztietan, autonomia—begira Saharan gertatzen ari dena— independentziaren antidoto gisa erabili egiten duelako botere menperatzaileak, aurreko tresna guztiak porrot egin eta gero. Eta horrela, subiranotasunik gabe, tarteko urratsa baino, tranpa hilkorra suertatzen dela, herri honetako askatasun aukerari begira.

Horregatik denbora asko daramagu bakea eta normalizazio politikoa lortu nahian, denon artean egitasmo bat egitea. Baina denok ez dugu bakea eta normalizazio politikoa berdin ikusten.Horregatik hainbeste denbora ezinean.

Ez dago zalantzarik, denok nahi omen dugun egitasmo hori konfrontaziorik gabea ez dela izango, euskal komunitatearen egitasmoa bada behintzat. Baina orain arteko identitate marka guztiei uko eginez, probintzia espainiar bezala integratzea bada helburu, nekez inork ekarriko du bakea eta normalizazioa herri honetara. Eta beldur naiz politiko euskaldun batzuk bide horretatik doazela.

Espainiar nazionalismoa —eta bere kolaboratzaile euskaldunak— aurpegi ezberdinez osatua dago, jakina, ez dira denak Basagoitiren antzekoak, baina orokorrean bere izaera demokraziaren zelaian kokatu arren, ustezko «batasun» sakratua galdu ez dadin, demokraziatik urruntzen ari dira. Bide horretan, instituzioak iruzurrez bereganatzeaz gain, sakela betetzea dute helburu, eta hor benetako beldurra. Galduko dutena ez baita aginte politikoa eta mikrofono erabilera bakarrik, diru sarrera erraldoi eta ugariak ere bai.

Ildo beretik uste dut komeni dela salatzea orain arte baino urrats luzeagoak egiten ari direla bide horretatik. Politikan ez baita sekula kasualitatearentzat tokirik izan, eta gaur ere ez. Bestela, nondik nora dator Burgosko txakolina? Zergatik txirrindularien «Vuelta a España» berriro gure lurraldean barna? Zergatik—duela hiru urte ez bezala— «Euskal Herria»-ren selekzioa uka eta espainiarrak gureganatu?

Hori horrela bada —eta nik hala ikusten dut— gure euskal komunitate hau puskatzen, hiltzen ari dira. Probintzia espainiar bat garatzen ari dira. Espainian eroso bizi eta agintea berreskuratzeko aitzakiarekin, aitaren etxe famatu hori oso merke saltzen ari dira.

Bide propio bat, guk, euskal abertzaleok, egitekotan, garbi eta zintzo eztabaidatu beharra dago. Baita mahai gainean geure aukera errealak soilik aintzakotzat hartu. Nire ustez, horrela eginez, jartzen ahal dugu gure herri txiki hau libre izateko bidean. Bestela, zertarako hainbeste urteko sufrimendu latza?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.