Erantzukizunez jokatu

Patxi Meabe Pako Etxebeste Arturo Garcia
2011ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Urtarril honen 10ean, aspalditxoan espero zen agiria kaleratu zuen ETAk, aurrez berak iragarritako indarkeriaren etena gai hartuta. Testuak honako hau zioen: «Nazioarteko komunitateak egiaztatu ahalko duen su-eten iraunkor eta orokorra adieraztea erabaki du ETAk. Horixe da behin betiko konponbiderako prozesuarekin eta konfrontazio armatuaren amaierarekin ETAk duen konpromiso irmoa».

Kolore guztietako erreakzioak etorri dira esandako agiriaren ondoren, Euskal Herri barruko eta kanpoko posizio politiko desberdinetatik eta sortu diren itxaropenen eta interesen arabera. Harrigarria da eta, era berean, kezkatzekoa, postura horien pluraltasunak nahasmena ekartzea ETAren adierazpenaren aurrean, egindako iruzkinetatik ondorioztatzen den bezala.

Errealitate honen aurrean, hona, ondoren, zenbait gogoeta:

1. a) ETAri ustez ordaindu beharreko prezioa indarkeria amaitzeagatik.

Zilegi da galdetzea ETAk prezio politiko bat ordaintzea eskatzen ote duen ala ez, indarkeria armatuaren erabilerari behin betiko uko egitearen truke. Prezio hori honako hau litzateke: prozesu demokratiko bat abian jartzea, behin betiko euskal gatazka konponduko lukeena, euskal herritarren erabakitzeko eskubidearen errekonozimenduan oinarrituta. Independentzia alboratu gabe, jakina, esandako Agirian ETAk esaten baitu «prozesu demokratikoa sustatzeko eta burura eramateko ahaleginean eta borrokan etsi gabe jardungo duela, Euskal Herrian egiazko egoera demokratikoa erdietsi arte».

Baina, era berean, ETAk dio nazioarteko komunitateak egiaztatu ahalko duen su-eten iraunkorra, orokorra eta egiaztagarria erabaki duela. Azpimarratzen da, beraz, bere erabakia alde bakarrekoa dela, baldintzarik gabea. Hala, ETAk izaera politikoko prozesu demokratiko bat aurrera eramatea onartuko luke, Euskal Herriaren askatasunaren zerbitzuan, eta aurrera eramate horretan ez luke parte hartuko bere indarkeriarekin hura baldintzatuz.

Ematen du azkeneko hori dela ETAren hitzen arrazoizko interpretazio bakarra. Horrela izan ezean, agiria kokatzen den testuinguruak, nazioartean hartu duen dimentsioa barne dela, ez luke inolako oinarririk eta egiazkotasunik izango eta oso leku txarrean utziko luke, ETA bera ez ezik, baita ezker abertzalea ere, betiko «markatua» geratuko bailitzateke talde politiko gisa.

b) Demokrazia politikoa ETArik gabeko Euskal Herrian.

Euskal Herriko biztanleriaren parte garrantzitsu baten iritzian «gatazka» politiko bat dago gure herrian, ETArekin nolabaiteko lotura duena baina haren existentziarekin inola ere identifikatzen ez dena. Gatazka horrek bi dimentsio lituzke, bata Herri barrukoa eta bestea kanpokoa, Euskal Herriak espainiar Estatuarekin duen erlazio moduan gauzatzen dena. Gatazka hori guztiz konpontzetik letorke gure Herriaren «normalizazio» politiko osoa. Baina egia da ere, bestalde, gatazka hori, bai Euskal Herrian bai hemendik kanpo, ETAren interesen zerbitzuan ipinitako sorkuntza artifizial gisa hartu izan dela. Hori hala balitz, behin ETA desagertuz gero, Euskal Herrian gatazka politikoa dagoela dioten planteamenduek ez lukete inolako zentzurik.

Pluraltasun politiko hori Euskal Herriaren errealitate historikoa denez, herri honen baketze demokratikoa ETAren desagertzearekin lotu nahi izateak ez luke inolako oinarririk. Arazoak bere horretan jarraituko du pentsaera desberdina dutenengan.ETA desagertzeak, besterik gabe, ez du esan nahiko, euskal herritar guztientzat, demokrazian daudenik. Horregatik, euskal arazo edo gatazkaren konponbidea ez da nahastu behar ETAren desagertzearekin, beste gabe. Aldiz, desagertze horixe izan liteke biderik egokiena arazoaren planteamendu zuzen eta egokia egiteko.

c) Euskal Herriaren normalizazio politikoa eta pluralismo politiko-soziala.

ETAren indarkeria amaitzeak, hortaz, Euskal Herriaren normalizazioan aurrera egitea esan nahi du, bere eskubide sozio-politikoen egikaritze askearen bitartez. Alde horretatik, Euskal Herri osoa aterako da irabazten bakea sendotuta geratzetik. Baina Herri honen berezitasuna dela-eta —bere dibertsitate sozio-kulturala, hain zuzen— normalizazio politikorako funtsezko eskaeretako bat, ezinbestean, bere pluraltasun politikoaren errekonozimenduak izan beharko du. Aitortza horrek aukera kultural eta politiko-sozial jakin bat Euskal Herriaren errealizaziorako benetako aukera bakartzat hartzea eragotzi beharko du.

Euskal Herriaren normalizazioa, beraz, ez da nahastu behar aukera ideologiko-politiko jakin baten helburuak lortzearekin, non gauzatuko litzatekeen, ustez, Euskal Herriaren benetako errealizazio demokratiko osoa. Kontu handia izan beharko da aukera politiko-sozial alderdikoi eta baztertzaileen zerbitzuan jarritako zilegi usteko «jabetzeak» eragozteko.

2. Askatasun politikoa eta parte-hartze zibila.

Normalizazio politikoaren elementu ezaugarrietako bat kudeaketa publikoan askatasunez parte hartzeko eskubidearen errekonozimendua da, botoa emateko eskubidearen egikaritze askearen bitartez. Estatu demokratikoek aldezten eta arautzen dute eskubide horren egikaritza lege egokien bidez. Hala, Zuzenbide Estatuaren osagai funtsezkotzat hartzen da oinarrizko eskubide horren egikaritza. Eskubide pertsonala da, herritarrari ezin kendu liezaiokeena, ez baldin bada pertsonalki ezarritako zigor baten indarrez.

Horregatik, ez da ulertzen jada existitzen ez den alderdi batekoa izatea, beste gabe—herritar bakoitzari alderdi hartakoa izateagatik zigorrik ezarri ez zitzaionean—, nahiko arrazoi izan daitekeenik herritarrari, bai banaka eta bai talde gisa, botoa emateko eskubidea ukatzeko. Nola baiezta daiteke Zuzenbide Estatua indarrean dagoela alderdi sortu berri batekin bat egitea —zeinaren estatutuak legezkoak diren eta, ondorioz, «zilegi» direnak— nahiko arrazoi jotzen bada pertsonei kudeaketa publikoan askatasunez parte hartzeko eskubidea ukatzeko? Ez al da hau nahiko arrazoi Zuzenbide Estatua zalantzan jartzeko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.