Eraztun hautsia

Juan Jose Ibarretxe. Jaurlaritzako lehendakari ohia
2010eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Orain dela ia hamar urte, etxera udaro etortzen zen Saharako haur baten familia bisitatzera joan zen alaba eta opari bat ekarri zidan Tindufetik: basamortuko harriak txertaturik dituen eraztun beltza. Ordu ezkero daramat behatzean. Plastikozko hodiz egindako eraztuna da, ez du ezer balio dirutan, baina niretzat balio sinboliko handikoa da. Beti aldean eramatea erabaki nuen, 1975 ezkero Saharako herria suntsitzen ari den injustizia salatzeko.

Aste honetan hautsi egin da eraztuna. Ohitua nago zergatiak arrazoian bilatzen, eta ez sineskizunetan; eta horrek narama pentsatzera halabeharra izan dela. Baina, hala ere, adierazgarria da eraztuna oraintxe hautsi izana; saharar herria unerik latzenetakoa pasatzen ari denean, hain zuzen ere.

Koloniatzat zuen Sahara inolako babesik gabe uztea erabaki zuen Espainiak, eta horrek aukera eman zien Marokori eta Mauritaniari sahararren lurraldeaz jabetzeko. Ordutik hona, okerretik okerrera egin dute. Autoritarismoz jokatu dute botere nagusiek, ez dute izan akordio demokratikoa bilatu nahi duenari dagokion jarrerarik.

Mauritaniak aitortu zuen badela saharar herria, nortasun propioa duela, bere hizkuntza eta bere kultura, eta mundua ikusi eta ulertzeko modu propioa duela. Aitortu zuen badela lurralde bat, eta baduela jabea, saharar herria. Eta, beraz, badutela eskubidea demokratikoki erabakitzeko nolako etorkizuna nahi duten. Baina Espainiaren axolagabekeriak kalte handia ekarri dio Saharari, aukera betea eman baitzion Marokori saharar herria existitzen dela ukatzeko.

Nazio Batuen Erakundeak berak ere aitortu zuen sahararrek herri bat osatzen dutela eta herri horrek baduela autodeterminazio-eskubidea. Sahararrek uko egin zioten indarkeriari eta gerrari eta sinistu zuten nazioarteko elkarrizketan eta demokrazian. Engainatu egin zituzten. Bai tristea, nazioen arteko lankidetza eta elkarrizketa oinarri izan behar lituzkeen nazioarteko ordena berrirako! Demokraziaren ordez, autoritarismo intrantsigentea eskaini die Marokok, eta nazioarteak, berriz, isiltasun konplizea, isiltasun izan arren, edo agian horrexegatik, gorgarri gertatzen dena.

Protesta baketsua egin zuten sahararrek okupaturiko Aaiunen; Marokok gogor suntsitu zuen, traba egingo zion lekukorik gabe. Horixe izan da sekula gertatu behar ez zuen historia honen azken gertakizun lazgarria. Felipe Gonzalezek ere esan zuen Espainia ez zela guztiz libre izango Sahara libre izan arte; ikusi baino ez dago nolako emaitza izan duten adierazpen demagogiko eta zentzugabe haiek.

Eta nazioartea isilik hainbesteko injustiziaren aurrean. Espainiak badu bere aldetik erantzukizun gehigarria, bera baitzen metropoli koloniala, baina orain ez da gai Sahara okupatuan Marokok erabilitako indarkeria salatzeko ere.

Gaur da eguna Aaiunen zer gertatu den zehatz-mehatz ez dakiguna. Hildakoak, balaz zaurituak, desagertuak, pertsona torturatuak, mehatxatuak... Eta bien bitartean, Espainia, Europar Batasuna distantziakidetasunaren aldeko jarrerara eraman nahian Maroko herrialde subiranoa dela argudiatuz; hau da, mendebaldeko Sahararen gainean ez duen subiranotasuna aitortuz magrebtar erresumari. Espainiak ez du onartu nahi zein erantzukizun duen garai bateko indar kolonial delako. Europar Batasunak ere badirudi ez duela ikusi nahi giza eskubideen urraketa eta europar itunetako oinarrizko printzipioetako bat urratzen dela Sahararen kasuan. Benetan zer gertatu den jakiteko eskubidea.

Irtenbide bakarra eskaini zaie sahararrei: beren izateari uko egitea; onar dezatela ez direla herri bat, Marokok erabakiko duela zer izango diren etorkizunean. Baina kasu honetan ere, horrenbeste injustizia eta ahanztura ikusirik, badira zutik hil nahiago dutenak, belauniko bizirik iraun baino; eta Polisarioaren baitan gerrarako oihuak entzuten ditugu berriro ere ozen eta indartsu. Hala gertatzea nahi lukeenik ere ez da falta, ondoren terrorista deitzeko armak hartu dituztenei. Ez dut sinesten indarkeria dela gatazkak konpontzeko bidea. Ez dut uste hori denik irtenbidea hemen, gure kasuan, eta ez dut uste Sahararentzat ere indarkeriairtenbidea denik. Eta, berriro diot, badira hori noiz gertatuko zain daudenak, saharar herria behin betiko suntsitzeko indarrak guztiz desorekatuak izango lituzkeen gerra zentzugabean.

Eta, gainera, inork ez luke hitz erdirik esango. Ez dezagun ahantz nork ematen dizkion armak Marokori: honen gehiegikeriaren aurrean isilik geratzen direnek berek. Ez dezagun ahantz nork egiten duen arrantza Marokoren arrantza-gune aberatsetan -sahararrenak direnak barne-: honen gehiegikerien aurrean inolako sentiberatasunik erakusten ez dutenek berek. Nolako mundua ari gara egiten, pertsonen eta herrien eskubideak, guztiz bidezko direnak, hutsaren hurrengo egiten baditugu merkataritzaren izenean edo Marokok ustez terrorismo islamiarrari eutsiko diolakoan? Nire iritziz, ez gara ari gauzak zuzen egiten; merkataritzak eta terrorismo islamiarrari eusteak ez du eraginik, ez du zerikusirik saharar herrialdea badela aitortzeko. Sahararrek noizbait autodeterminazio-eskubidea gauzatuko balute, Marokok orain den bezalakoxea izaten jarraituko luke, orain bezalaxe jarraituko luke merkataritzan arrantza-akordioak sinatuz edo dagokion betekizuna geopolitikoa izanez.

XXI. mendean ez dugu izango aurreko mendean ezagutu dugun moduko diktadura tradizionalik. Bestelakoak izango dira menderakuntza mekanismoak, autoritarismo demokratikoaren jantzia hartuko dute. Autoritarismoa eta demokrazia: bi balio, ustez aurkakoak, baina elkartu eta nazioarteko antzeztokian agertu direnak. Maroko eta Saharako gatazka adibide paradigmatikoa dira herri batzuek beste batzuek azpiratzeko darabiltzaten modu berriez jabetzeko. Gaur 5.000 hizkuntza inguru hitz egiten dira munduan, eta hizkuntza horiek beste horrenbeste kultura eta nortasunen adierazle dira. Zenbait ikerketak diotenez, mende honen amaierarako 500ek bakarrik iraungo dute bizirik. Gainerakoak aurrean eramango ditu globalizazioak.Gaurko «demokrata autoritarioek» sinetsarazi nahi digute giza eskubideak zatigarriak direla, eta herrien utopiak, ezinezkoak. Esaten digute ez galtzeko ez denborarik eta ez indarrik nolakoak izan nahi dugun pentsatzen; beste batzuek erabaki dute dagoeneko gure izenean.

Une historikoa bizi du Saharako herriak. Erraldoiak dira aurrean dituen erronkak, eta horiei egoki erantzuten asmatu beharko du. Eta besteok ere garaiak eskatzen duenaren arabera jokatu beharko genuke, gure inguruan gertatzen diren bidegabekeriak salatuz. Mundua aldatzeko bizi behar dugu; zertarako bizi bestela? Mundu bidezkoago eta solidarioagoaren alde jarduteak, nazioen arteko elkarrizketa eta lankidetza oinarri hartuz giza garapen iraunkorraren alde lan egiteak, horrek guztiak ematen dio zentzua bizitzari.

Ez dut amaitu nahi besarkada handi bat bidali gabe Saharako gizon eta emakumeei; betiko daramatzat bihotzean. Eraztuna hautsi zait... baina badituzue gehiago... askoz gehiago.Eraztuna hautsi zait, baina katea ez da eten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.