Erlijioak, aniztasuna eta elkarbizitza

Tere Maldonado.
2010eko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Interesgarri ez ezik, guztiz saihestezin ere bihurtu diren gaiak aztergai egon ziren Bilbon orain dela aste pare bat, Alhondiga eraikin berri eta ederrean, Erlijioak, aniztasuna eta bizikidetasuna lelopean. Politikan edo kulturan bezala, erlijioan ere gurea gizarte aniztuna dela esatea errealitatearen isla hutsa besterik ez da. Baina geure buruari galdetu beharko genioke ea aniztasun hori baloretzat hartzen dugun eta, horrela balitz, beste galdera bati erantzun ere: nola eta noraino babestu behar den gizarte berean fede ezberdinetako herritarrak egotea, fedegabekoekin batera, jakina.

Gure herrian ez da laikotasunaren aldeko tradizio handirik egon, Frantzian egon den legez. Hala ere, erlijioek eremu publikoan zein eginkizun jokatu behar duten eta abar eztabaidatzen denean, gure artean joera nagusia omen dago: erlijioak modu frantziarrean tratatzekoa. Izan ere, suposatzen da laikotasun mota desberdinak daudela, bata Frantziakoa, muturrekoa dena, nolabait erlijioen kontrakoa; eta herri anglosaxoniarretakoa bestea, askoz gehiago estimatzen dituena sinesbide eta praktika erlijiosoak. Azken horren barnean AEBetakoa, non pentsatzen duten erlijioa errespetatu behar dela beti, aintzat hartu gabe zer eskatzen dieten fededunei.

Iritzi arrakastatsu horren kontra, demokrazian erlijioen eginkizuna eta eremu zuzena zein diren mahai gainean dagoenean, AEBen modura tratatzeko joera agertzen dugu gero eta gehiago. Eta hori arrazoi oso bestelakoak direla medio. Batzuetan, ezker politikoaren eskuz, kultur aniztasunaren izenean, inolako kritikarik egin gabe den-dena errespetatu behar dela defendatzen dugunean. Beste askotan, eskumatik, lotsarik gabe planteatzen denean geurea [sic] hoberena dela.

Alhondigako kongresuaren interesa egon da, neurri handi batean, proposamen teorikoaz gain, administrazio kudeatzaileen ikuspuntuak ekartzean. Osasun arreta, heziketa, gizarte-zerbitzuak, gizarte-politika, hileta-zerbitzuak eta antzeko beste arlo askotan aritzen diren kudeatzaileen planteamenduak entzun genituen. Eztabaidetan agerian geratu zen zein den gure arduradun publikoen kezka nagusia; alegia, nola erantzun erlijioek administrazioaren aurrean ezarri ohi dituzten eskaerei, eskaera horien artean gurtza egoitzak, janaria jantoki publikoetan, hileta errituak eta lan egutegia bezalako kontuak sartzen direlarik.

Katolizismoak, denbora luze(egi)an Estatuko fede ofizial eta bakarra izandakoak, gaur egun ere pribilegio ikaragarriak ditu. Baina nagusitzen ari den aniztasun erlijioso handiko gizarte batean pribilegio horiek gero eta onartezinagoak dira, neurri desberdineko bidegabekeriak erakusten dituztelako. Konstituzioak eliza katolikoa bera aipatzen du, eta erlijio horrek bere laukitxo propioa dauka errentaren aitorpenean. Estatuak 1979an Vatikanoarekin sinaturiko Akordioek (1953ko Konkordatua mantentzen dutena) elizaren aldeko onurabide asko ezarri zuten, heziketan eta kulturan, ekonomian, armadan eta kontu juridikoetan (akordioak irakurtzea merezi du benetan, zelako astakeria diren ikusteko). Gauzak horrela, ulergarria da oso gainerako erlijioak errenkadan kokatzea «nik ere nahi dut» esateko. Izan ere, katolizismoa esplizituki aipatu arren, Konstituzioak esaten du estatuak ez duela «bere egingo ezein erlijio» eta kultu askatasuna bermatzen duela. Hortik, 1980ko legea, erlijio askatasunari buruzkoa, eguneratzearen garrantzia. Oraintxe, hain zuzen ere, Zapateroren gobernuak atzeratu du eguneratze hori sine die. Laikotasunarekin arduratsu gabiltzanok eliza katolikoaren pribilegioak gainerako kredoetara zabaldu nahi dituzten jakin nahi genuke, zoritxarrez horrelako susmoa baitugu batzuek. Hezkuntza publikoan katolizismoa era konfesionalean ematen duten irakasleak, apezpikuak izendatuta baina estatuak ordainduta? Ederto! Musulmanek, juduek eta protestanteek ere izan behar dute hori, komunitate horien ordezkariekin 1992an Estatuaksinatu baitzuen hori agintzen duen Akordioa. Geroago etorriko dira mormoiak, Jehovaren lekukoak eta budistak, horiek ere «errotze nabaria» [notorio arraigo izenekoa, kontzeptu juridiko iluna eta lausoa] estatusa lortu baitute.

Groso modo, Estatu Batuetako laikotasunak -erlijio askatasuna eta erlijio jarduera bermatzeko ezarritakoa, neurri handi batean- herritar fededunekin salbuespenak egiteko ohitura du. Fededunen praktika egokitzea du helburu laikotasun mota horrek, eta praktika erlijiosoaren nagusitasunak bertan behera utzi ahal ditu herritar fededunaren betebeharrak, bere fedeak horrela egitea (ala ez egitea) agintzen baldin badio. Herritartasunak eskubideekin batera dakartzan betebeharren aurreko salbuespenak, arrazoi erlijiosoak direla eta, askotarikoak izan daitezke: azterketa edo lan elkarrizketa batean aurpegia niqab batez estalita agertzea, soinketa edo biologia klasera joan nahi ez izatea, baraualdi erlijiosoan lan egin ezina, epaitegian deklaratu ezina asteko egun jakinetan (egia da domeka atseden eguna izatea ez dela neutroa, erlijio edota kultur ikuspuntutik), substantzia psikoaktiboak kontsumitu ahal izatea, erritu erlijiosoaren barne egiten bada...

Egokitze xelebre horrek arazo asko ditu. Lehenengo eta behin legearen aurreko berdintasuna apurtzen du erabat. Baina ez da hori arrazoi bakarra hobe dugula Estatu Batuetako bidea ez hartzea iradokitzeko. Izan ere, ezinbestekoa da fedez kanpoko irizpideak izatea zer bai eta zer ez erabaki ahal izateko. Horrelako erabakia ezin da hartu fedearen barruan edo fedetik abiatuta, erlijio aniztasuna egonda fede jakin bat beti zerbait partikularra izango baita, eta, horregatik, guztiontzat baliagarriak diren arrazoiak behar ditugu. Ez ahaztu erlijioek ia edozer exijitu ahal diotela fededunari, eta baliteke gauza batzuk zilegi eta legezkoak ez izatea. Laikotasun printzipioak estatuaren eta elizen artean ezartzen duen bereizkuntzak ez ditu biak maila berean kokatzen. Aitzitik, estatuak zentzu askotan elizen gainetik egon behar du eta horien jarduera arautu behar du, erlijioen aktibitateari mugak jarriz, behar izanez gero.

Erlijio gutxiengoak errekonozitu behar ditu estatuak, zalantzarik ez. Erlijioek planteatzen dituzten eskaerei erantzuna eman behar zaie, bai. Baina horrek ez du esan nahi eliza katolikoak gozatzen dituen zilegitasunik gabeko pribilegioek eredua finkatu behar dutenik. Alderantziz, pribilegio horiek murriztuz joan behar dugu, beste kredoen eskakizun zilegiak bete ahal izateko. Zein diren eskaera onargarriak eta zein ez, eztabaida politiko eta publikoaren gaia izango da beti. Baina apezpiku, errabino, artzain, imam eta gainerako predikatzaileek ez lukete azken hitza izan behar halako aferetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.