Errauste plantaren egiak

Imanol Azpiroz
2011ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Udalak eta mankomunitate batzuek errauste plantaren beharra defendatu nahi izan dute; baina, atez ateko bilketaren bidez agerian gelditu da Donostian eginnahi duten errauste planta ez dela beharrezkoa. Mediatikoki ezkutatzen saiatu arren, teoria praktikara eramanez, udal batzuek erakutsi dute hiri hondakinak kudeatzeko beste eredu jasangarriagoa, merkeagoa eta ingurugiroa eta osasuna errespetatzen dituena badagoela. Urteak daramatza Gipuzkoako Diputazioak bistan dagoena ukatzen eta bestelako kudeaketa aldizkakoak ezarri nahi dutenei mota guztietako oztopoak jartzen. Ez dira lotsatu ordezkatzen duten erakundearen boterea eta dirua horretan erabiltzen, okerreko datuak erabiltzen, tratamendu plantetan edozein gauza egiten.

Errauste plantak eta horren atzean dauden interesak hori guztia merezi du. Hori gauzatzeko gezurrezko gaztelutxo bat eraiki du Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak. Hona hemen erabilitako gezur batzuk:

1. Zergatik sortu dute partzuergoa?

Esan zaigu Gipuzkoako udalek beraiek bakarrik hiri hondakinak behar bezala kudeatzeko nahiko baliabiderik ez zutelako eta hutsune hori gainditzeko sortu zutela partzuergoa.

Egia, berriz, bestelakoa da: udalak dira hiri hondakinak kudeatzeko eskuduntzak dituztenak. Partzuergoak eskuduntza guztiak mankomunitateen eskutan baleude bezala jokatu du, nahiz eta hori horrela ez izan. Besteak beste, San Marko mankomunitatearen barruan sortzen diren hondakinen %70 udalek kudeatzen dituzte, eta ez mankomunitateak. Zein da helburua?

Argia da; errauste planta eraikitzea. Foru Aldundiak ez du eskumenik hiri hondakinak kudeatzeko, baina, partzuergoaren bidez, gehiengoa lortu du.

2. Zer behar dute errauste planta egiteko?

Errauste planta hondakinak kudeatzeko dagoen modurik garestiena da. Hori finantzatu ahal izateko, Gipuzkoako hondakin guztiak behar dituzte; gizarteak orain bezala hondakinak sortzen jarraitzea edo oraindik gehiago sortzea nahi dute. Gipuzkoako udalei beraiei dagokien eskuduntza bat aurrera eramateko modua moztu nahi zaie. Udalei ukatu egiten zaie euren kabuz birziklatzearen alde egitea, ez zaie utzi nahi gaikako bilketaren alde egitea. Orain arte egin den bezala jarraitzea nahi dute; zabor gehiena batera biltzen jarraitzea behar dute, hori delako errauste plantaren lehengaia.

Gaikako bilketa bultzatzea errausketaren aurka egitea da. Hondakinak atalka bilduz gero, birziklatze prozesua izugarri errazten da, eta, birziklatuz gero, material horiek ezin dira erre.

Atez ateko bilketarekin, organiko guztia biltzeaz gain, ontzi arinen eta paperaren kopuruak ere aldi berean igotzen dira, errefusa kopurua minimizatuz, %15-20an geldituz. Hori gutxi balitz, errefusa horrek organiko kopuru txikia du, erraza da egonkortzen eta ez du paperik edo plastikozko ontzirik. Atez atekoarekin errefusa gutxi sortzen da eta sortzen dena erretzeko ez da interesgarria, erregairik ez daramalako, erretzeko interesa duten materialak birziklatzera bideratu direlako.

3. Zer erre nahi dute?

Teorian, birziklatu ez daitekeena bakarrik erreko luketela esan ziguten, baina azpiegiturak dimentsionatzerakoan guztiz kontrakoa egin dute. Ahal den guztia erre nahi dute. Baimenak lortzerakoan, zaborraren konposizioarekin jokatu dute, erregai gisa erabiltzeko duen ahalmena edo PEIA aldatuz. Zaborrek daramaten oihal kopurua izugarri handitu dute, ia ontzi arinen kopuru bera. Erraustea balorizazio gisara onartzeko, efizientzi bat bete behar du, eta, horretarako, egun martxan dauden errauste plantetan lortzen ez dutenez, energi maila paperean jarri dute. Badakite jarritakoa ez dela lortuko, baina errauste planta behin eraikiz gero, hondakinetatik bero gutxi sortuko balitz, gaika bildutako ontzi arinak edo papera erabiliko lituzkete.

4. Zer lortuko dute errauste planta egiten badute?

·Milaka tona hondakin biloika mikropartikuletan, dioxinetan, furanoetan, metal astunetan eta egun ezagutzen ez diren beste hainbat toxikotan bihurtzea.

·Errefusa kopurua atez ateko bilketan gelditzen dena baina handiagoa izatea, eta gainera, toxikoa.

·Errauste planta ordaindu bitartean, beste 21 urtetan birziklatzeko ekimen guztiak gutxiaraztea.

·Udalak ekonomikoki itotzea ekarriko du: gizarteak hondakin kopuru handia sortu beharko du. Egun sortzen diren Tn baino gehiago erretzeko aurreikusi da. Nonbaitetik tona horiek sortu beharko dira.

5. Zeinen beldur dira?

Gipuzkoako gizartearen beldur dira. Beraien politika indarraren politika da, badakite herritarrek gauzak ondo egitea nahi dutela eta hiri hondakinen konponbidea ez direla milioika euro ordainduz egindako azpiegiturak, konponbidea jendea bera dela. Horrek jartzen ditu urduri.

Beste beldur handia juridikoa da. Partzuergoaren mamua lokatzaren gainean egin dute.Nahikoa dute jarritako helegiteren batek arrazoia ez ematea, sortutako erraldoia goitik behera erori arazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.