Ekonomian doktoregaia. Aiala Elorrieta

Erreskatearen atzaparrak

2010eko abenduaren 31
00:00
Entzun
Greziaren ostean, Tigre Zeltari egokitu zaio. Erreskatea heldu da, eta otso atzaparrak ditu: Nazioarteko Diru Funtsa (NDF) eta Europako Banku Zentralarenak (EBZ). Irlanda onik ateratzera datoz, baina ez herritarrak laguntzeko asmoz, baizik eta banku sektorea salbatzeko asmoz: Alemania, Frantzia eta Erresuma Batuko bankuak daude horren atzean, Irlandako kredituaren hartzekodun garrantzitsuenak, beraien dirutzak berreskuratu nahian.

Interbentzio horren trukean, Irlandako Gobernuak erreforma sakona aplikatzea onartu du, datozen lau urteetarako aurrekontu defizita 15.000 milioi euro murriztuko duela aginduz. Beste hitz batzuetan esanda, gobernuak inongo herritarrek hautatu ez duten erakundeen esku utzi du herriaren etorkizuna. Gastuen aldetik 10.000 milioi euroko murrizketa aurreikusten da, eta 5.000 milioi euroko hazkundea zerga-bilketaren aldetik.

Zifra potolo horien itzulpena herritarren ongizatearen terminoetan latza da oso, hain zuzen ere neurri horiekin kolektiborik ahulenak zigortzea erabaki delako: prestazio sozialetan 3.000 milioi euro murriztea, gutxieneko soldata merkatzea, erretiro adina atzeratzea, 25.000 funtzionario kaleratzea, unibertsitate-tasak garestitzea…

Dean Baker amerikar ekonomialariak ez du inolako zalantzarik esatean Irlandako langile-klaseak, eta Espainia, Portugal eta beste zenbait herrialdetakoak, krisia «ordaindu behar» izatea erabaki erabat politikoa dela. Bere hitzetan, NDF eta EBZren gisako erakundeei buruz sarritan azpimarratu ohi den izaera ez-politikoa, «klinikoki hilda dagoen pertsona batek baino ez luke sinetsiko». Langileriak ordaindu beharra norbere herrialdeko banku-sektoreak egindako sarraskia ez da inondik inora derrigor bete beharreko formula ekonomikoa, erakunde horien deliberamendu politikoa baizik.

Errezeta neoliberal horiek ez dira berriak. Urteetan, Irlandako ekonomiaren miraria goraipatua izan da, laudatua: 90eko hamarkadaz geroztik izan duen goraldi ekonomikoa (1994-2004 bitartean barne produktu gordinaren %7ko batez besteko hazkundea) eta aplikatutako politika ekonomiko liberalak eredugarri izan dira. Mirari ekonomiko horren oinarrian bi izar nagusi azpimarratu behar dira. Alde batetik, sozietateen gaineko zerga, %12,5eko tasa nominalera hondoratu dena eta atzerriko kapital inbertsio gosetiari ateak ireki dizkiona. Bestalde, eraikuntza sektorean oinarritu den hazkunde espekulatiboa, zorraren hedapen esponentzialaren eskutik etorri dena.

Horren harira, Vicenç Navarrok azpimarratzen du bai Irlandan eta bai Espainiako Estatuaren kasuan, banku eta eraikuntza sektoreen arteko bat-egitea izan direla delako mirariaren motor nagusia. Ez da hori bi herrialde horiek komun duten ezaugarri bakarra: biek dauzkate EB-15eko zerga kargarik baxuenetakoak (eta gastu sozialik baxuena, ondorioz). Datuak, gurera ekarrita, ez dira hobeak: EB-15eko batez besteko presio fiskala BPGaren %39,8 da; EAEn eta Nafarroan, berriz, %33,7 eta %32,5 dira, hurrenez hurren, Espainiako batez bestekoaren azpitik, eta soilik Irlanda eta Greziaren aurretik.

Hona, oraingoz, ez da erreskaterik heldu, baina krisiak eztanda egin aurretik eta ostean ere, korronte neoliberaleko politikak aplikatu dira eta aplikatzen ari dira. EAEn eta Nafarroan, erreforma fiskal garrantzitsuak eraman dira aurrera, bietan ere, errenta altuenak eta kapital errentak desfiskalizatzeko asmoz. Sozietateen gaineko zerga %28ra murriztu da, Irlandan baino maila apalagoan, baina Espainiako Estatuan baino gehiago (kontuan hartu behar da %28a tipo nominala dela, eta kenkari guztiak aplikatu ostean zerga likidatzen denean ordaintzen dena, zergaren tipo efektiboa, 12 puntu txikiagoa dela estimatzen dela). Horretaz gain, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren dualizazio lotsabakoa burutu da: lan errenten gainean tasa hazkorra aplikatzen da, eta baxuenek %23ko zergak ordaintzen dituzten arren (%45 ordaintzera iristen dira altuenak), kapital errentek %18 tasa finkoan tributatzen dute.

Krisiari aurre egiteko neurrien artean ez dira aipatzen kapital errentak eta errenta altuenak gehiago zamatzea, azken urteotako desfiskalizazioa zuzentzeko. Irlandaren kasuan ere «ez dira negoziagarri», eta halaxe esan du Mary Coughlanek, Irlandako lehen ministrordeak, %12,5eko sozietateen zergei buruz. Aitzitik, BEZaren gisako zergen igoera izan genuen joan den uztailean (Irlandan ere iragarri dute), lan erreforma ere onartu zen, eta hortxe dugu erretiroen erreforma ate joka…Urtero argitaratzen dira enpresen eta kapital errenten iruzur fiskalari buruzko estimazioak; zifrak zeharo beldurgarriak dira. Baina Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako kontseilariak berriki adierazi du noren atzetik joango diren: Eusko Jaurlaritzak laguntza sozialak jasotzen dituzten pertsonen espedienteak aztertuko ditu, zorrotz, eta formazio edo enpleguren bati uko egiten dietenei, diru-sarrerak bermatzeko errenta erretiratuko zaie.

Ziria sartu nahi digute izkina guztietatik. Erabaki politikoak direnak erremedio teknikoak direla sinestarazi nahi digute, eta, gainera, erreskaterik heltzen ez zaigun bitartean erreformak begi onez hartu behar ditugula. Ziria sartu nahi digute globalizazioaren izenean, erabakiguneak gure eskuetatik at daudela esaten dutenean. Baina badira erabakiguneak gugandik gertuago, eta horiek ere erantzule dira hein handi batean. Eta hori gutxi ez dela, krisitik atera ahal izateko gizarteko sektorerik ahulenak zigortzen eta kriminalizatzen ari dira, gaitz guztien errudunak, langabeak, laguntza sozialak jasotzen dituztenak, erretiratuak edota etorkinak direla aditzera emanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.