Atxiloketa horiek salatzeko, ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, HIRU eta EHNEk osatzen duten gehiengo sindikalak manifestaziora deitu zuen Donostian urriaren 17an; bertara EAJ, ezker abertzalea, Aralar, EA, Alternatiba eta ABko ordezkariak joan ziren. Ordutik hona ugari izan dira euskal eragile sozial, sindikal eta politikoak kalean elkarren ondoan ikusteko aukerak: Etxerat-ek deituriko eta Auzitegi Nazionalak debekaturiko urtarrileko manifestazioa, ekainaren 29ko greba orokorra, Egunkaria eta Udalbiltza kasuetan auzipetutakoen aldeko manifestazioak eta, azkenik, giza eskubide eta eskubide zibil eta politikoen alde urriaren 2an Bilbon ospatutako manifestazio jendetsua.
Manifestazio horrekin batera, azken asteetan gertakari ugari izan dira euskal gizartean gatazkaren konponbiderako itxaropena berpiztu dutenak. Gernikako adierazpena horren adibide garbiena da. Adierazpen eskubidea aldarrikatzea eta herritarren iritziak eta ekimenak kaleratzeko bideak exijitzea beti garrantzitsua da, baina inoiz baino premiazkoagoa aldaketa sakonak gertatzen ari direnean, orain Euskal Herrian bezala. Herritarrak dira, euskal gizartea da aitzindari eta protagonista eraikitzen ari garen egoera berri honetan, eta Euskal Herriko eragileek beren ahalegina eskaini behar diote Euskal Herriari zeregin horretan.
Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politikoen azken hilabeteetako elkarlanak bake eszenatoki batera hurbildu du euskal gizartea. Horregatik, bidezko eta beharrezkoa deritzogu euskal gatazkaren konponbide demokratikoaren aldeko apustua egin zuten pertsona guztiak prozesu honen garapenean aske lan egiteko aukera izateari, Euskal Herriak behar duen bakegintza eta normalizazio politikoan aurrerapausoak eman ahal daitezen. Zentzu honetan, giza eskubide guztien defentsa abiapuntu hartuta, Alderdien Legea baliogabetzea eskatzen dugu, kartzelan arrazoi politiko hutsengatik dauden pertsona guztiak berehala askatzea exijitzen dugu, eta aske daudenei politikan parte-hartzeko duten berezko eskubidea aitortzea.
Xabier Soto eta Amaia Agirresarobe (Alternatiba), Josu Murgia eta Begoña Campo (Aralar), Ikerne Badiola eta Santi Merino (EA), eta Miren Legorburu eta Niko Moreno (ezker abertzalea).
Euskal kultura ez dago tregoan
Ezin da ekimen-etenean egon, jan egingo gaituzte bestela. Vianako Printzearen armarrian idatzitako Utrimque roditur gaur egungo egoeraren adierazgarri aurreratua besterik ez da: herri bat, bi aldetik etengabe hortzikatua. Bi estatu indartsu, hiru administraziotan banaturik, libre bizi nahi duten herritarrei etengabe erasoan, Europako (balizko) Batasunean.Iparraldeko euskaldunek departamendu propioa ezin lorturik eta hizkuntzari egindako gutxietsiak gainditu ezinik, Nafarroa Garaiko politika atzerakoien atzaparretik irteera ezin aurkiturik eta, hiruko erkidego autonomoan, hogeita hamar urtetako koogobernu transbertsalaren ondorioz, euskarak irabazitako apurrei bi urtetan emandako astindu bortitzei ezin eutsirik; horrela gaude, egonean.
Franko-espainiarrek gure herria okupatu eta gure lanaren errenta beretu ondoren, identitate euskalduna erabat ezabatzeko erasoan datoz. Segur aski, konkistaren ondotik egindako ahalegin indartsu eta bortitzenean. Agian, geure-geureak izan ez arren, hemengo erakundeetan gehiengoa eskuratu-berreskuratuko dugu eta agindu ahal izango dugula amets egingo dugu; baina, orain arte baino modu tinko eta eraginkorragoan gauzak lotzen ez baditugu, hutsaren hurrengoaren pare geldituko gara berriro. Nazioa izan bagara, euskararen lurralde osoa batuko duen estatu propioa eta Europan homologatua izango dena egin behar dugu, egunerokoan, horretan sinesten dugunok etengabe, euskal kultura ezin da tregoan egon eta.
Beñi Agirre. Euskara irakaslea.
EITBk tortura isiltzen jarraitzen du! U-30 Donostiara!
Ez da berria, baina horrek ez dio larritasuna kentzen. Tortura lekukotzak bata bestearen atzetik datoz, batek konortea galdu duela, bestea ospitalera eraman dutela, bularrak ukitu dizkiotela hurrengoari. Ez dakit ohitzen ari ote garen, baina ezin gara ohitu.Komunikabide handiek berean jarraitzen dute. Zaborrontzi baten erreketak albistegiak irekitzen ditu, tortura lekukotza latzenek ez dute tokirik informatiboetan. Benetan tristea euskal telebista eta irrati publikoak mantentzen duten isiltasuna. Atera gaitezen kalera torturaren aurka. Hauts dezagun isiltasuna.
Urriaren 30ean aukera bikaina dugu horretarako. Torturarik gabeko herri baten alde, torturarik gabeko mundu baten alde.
Jesus Mari Etxebeste. Gasteiz.