Aspaldian, ETAk indarkeria armatua betirako noiz utziko duen publikokialdarrikatukoduen zain gaude. Bereziki, Ezker Abertzalea izan zen hori eskatu ziona indarkeria mota guztiak arma politiko gisa erabiltzeari uko egiteko erabakiaren ondoren. ETAk berak duela hiru hilabete erantzun zuen, aspaldian ez zuela pertsonen aurkako erasorik egin eta bide horretan aurrera egiteko prest zegoela esanez. Harrez gero, asko hitz egin eta idatzi da gai honetaz.
Gainera, «bitartekari» adituen esku-hartzeak ere izan dira, eta baita nazioarteko erakundeen babesa ere, hala nola EBrena. Hainbat iturriren arabera esan da Eguberri garaian ETAk Aldarrikapenen bat egingo zuela behin betirako baketze bidearen nahia azalduz. Egia da espektatiba horren inguruan oso jarrera desberdinak agertu direla. Nolanahi ere, delako Aldarrikapena orain arte behinik behin ez da plazaratu.
Askotxo gara pentsatzen dugunak isiltasun luze hau kaltegarria dela baketze bidean. Kaltegarria bere baitan, eta ez bakarrik beste ondorio batzuengatik, eta horiek ere ez dira ahaztu behar, esate baterako hauteskunde publikoetan libreki parte hartzeko eskubidea. «Guztien onerako» kaltegarria baita ezin aurkeztu ahal izatea, berez hauteskundeak horren zerbitzurako direla jakinik.
Ez da positiboa sozialki, elkarbizitzarako beharrezkoak diren ondasunen lorpenean, bakea hain zuzen ere, sortutako espektatiben inguruan «frustrazio» sentipena ematea. Frustrazio horri interes faltak jarraituko dio, baina horrek ez du esan nahiko arazo errealak desagertuak direnik. Ezkutatuak, ezikusiak nahiz ahaztuak ustekabean azal daitezke ondoez pozoitsu gisa. Kezkagarria da oraindik gainditua ez den indarkeriaren arazoa herri galdeketetan laugarrena izatera pasatzea, ETAk «militarki porrot egin duela» edo «babes soziala galdu duela» baieztatzen delako.
Ez da oharkabean pasa behar askok ETA eta «Euskal arazoa» delakoaren artean egiten duten identifikazioa. Ikuspegi honetatik ETA desagertzeak horrek sortutako arazoa desagertzea esan nahiko luke. Horregatik, bi arazo politikoen arteko desberdintasuna derrigorrezkoa da ezin dadin oinarri sendoekin esan arazo hori existitzen zela ETAri interesatzen zitzaiolako. Beraz, horren desagertzea nola gauzatuko den oso garrantzitsua da, Estatuaren errepresio botere legitimoaren bidez lortutako «garaipenagatik» desagerraraztea baino areago.
ETA garaitzea Euskal gizartearen garaipena izan behar du, eta hala ikusi behar da, hori izan baita hogeita hamar urte baino gehiagoan indarkeriaren ondorioak jasan dituena. Bere ordezkari politiko legitimo guztien bidez hitz egin behar duen Euskal Herria.
ETAk bere behin betiko desagertzeari buruz izango duen jarreraren inguruan, Euskal Herria, bere osotasunean, ezin da hark esan edo egin dezakeenaren «zain» egon, ezta Estatuak desagerpen horretan izan ditzakeen arrakasta txiki edo handien «zain» ere. Etorkizunari begira asko dago jokoan, eta horrek instantzia publikoek ahalbidetu behar dituzten jarrera aktiboa eta eraginkorra izatea eskatzen du. Baina zerbait egin al daiteke herri honetako subjektu soil izanda? Guk baietz uste dugu. Hauek egin ditzakegu:
• Iritzi publikoan bizirik iraunaraztea Euskal Herri osoarentzat ETA existitzea den arazoa, bere gaitasun potentzial baina ekintzarako erreala denarekin, eta indarkeria «erreserba» bere interes politikoen zerbitzura ebentualki erabilgarri duelarik.
• Arrazoi etiko-politikoengatik, ETAren aurkako borroka helburu politiko alderdikoien alde erabiltzea, indarkeriaren aurkako borroka eta garaipena interes orokorretik at dauden alderdien interesen zerbitzuko tresna gisa erabiltzea salatzea. Baketzetik lortutako ongizateak politikoki jarduteko askatasun giroa sortzeko baliagarria izan behar du, botere publikoaren erabilera interes alderdikoien zerbitzura egotea ekidinez.
• Argi eta garbi azaldu eta etikoki onartezina den ondorengoa arbuiatzea, alegia, ezin dela ETArekin edo bere izenean dihardutenekin hitz egin edo harremanik izan, horrek bere «legitimitatea» onartzea adierazi nahiko lukeela eta ondorioz indar ematea esan nahiko lukeela aitzakiatzat hartuta. Askotan erabili eta leporatu den arrazoia izan da.
• Izaera penaleko legeen aplikazioek legitimatu gabeko edozein eskakizun desautorizatzea, oinarrizko eskubide politikoak mugatu edo kentzea dakarrena ETA edo bere inguruarekin izandako ustezko harremanengatik.
• Bai Estatuari eta bai alderdi politikoei bakea lortzeko baldintza absolutu eta ukaezinekoak ez exijitzeko behar adinako malgutasuna eskatzea, edozein modutan ere, gutxi edo gehiago diskutigarriak diren interesak bakea eraikitzeko borondatearen pean jarriko direnak.
Denoi interesatzen zaigu indarkeria amaitzea. Baina horretarako, ez da nahikoa bakea egin dezaten «itxarotea». Beharrezkoa da denok eragile izatea bakegintzan.
Donostiako Elizbarrutiko Gizarte eta Justizia Idazkaritzako kideak. Patxi Meabe Pako Etxebeste Arturo Garcia
ETAk hitz egin zain egon?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu