Europako jainko bakarra: EBZ

Joseba Felix Tobar-Arbulu Ingeniaria
2010eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Greba orokor bat ezagutu dugu Europan, baita España una, grande y libre-n ere. Euskal Herrian joan den ekainean izan genuen aukera lan-indarraren eskubideak defendatzeko. Hona hemen azken grebari buruzko bi artikulu interesgarri.

Matthew Dalton-ek gogoratzen digu -29.09.10ko Wall Street Journal-en azaldutakoa http://online.wsj.com/article/SB10001424052748704116004575521553565342056.html- zeinek agintzen duen Europako Batasunean: Europako Banku Zentrala (EBZ)eta Europar Komisioa (EK), hots, Europako Batasunaren (EB) beso exekutiboa. Izan ere, greba egunean bertanEK-k proposatu zuen lege berria EBko estatu kideen gaineko politika ekonomikoaren kontrola are gehiago gogortzeko, krisiaren ondorioak baztertzeko asmoz. EK-k gobernu desberdinen finantza publikoa eta baldintza makroekonomikoak zuzentzeko erantzukizun handiago nahi du, baita neurriak gomendatzeko ahalmen handiak ere: gastu publikoa mozteko eta alokairuak gutxitzeko, besteak beste. Gainera, EK-k nahi du bere gomendioei segitzen ez dieten herrialdeak zigortzeko autoritatea izatea.

Zifratan, Europako gobernuen aurrekontuen defizitek beren urteroko BPGaren %3ren azpian egon behar dute, eta beren zor osoa BPGaren %60ren azpitik. Proposaturiko lege berriak ahalbidetuko lioke EKari, aurrekontuen defizitari buruzko gomendioak errespetatzen ez dizkieten herrialdeei BPGaren %0,2ko isuna ezartzea. Halaber, zor osoaren inguruko gomendioak ez badira betetzen, zorra BPGaren %60 baino handiagoko herrialdeek urtero zor horren gehitzearen %5 moztu beharko lukete. Beste neurri batzuen artean, EK-k EBko herrialdeen desoreka makroekonomikoak kontrolatzeko erantzukizuna ere nahi du, baita desoreka horien inguruko gomendioei segitzen ez dieten herrialdeei isuna jartzeko ahalmena ere -BPGaren %0,1era irits daitekeena-.

Sektore publikoen alokairuak moztearekin batera, espero da sektore pribatuko alokairuak ere jaitsiko direla, eta ondorioz, ekonomia lehiakorrago bilakatzea. Horra hor, beraz, datorkigun paradisu ofiziala.

Daltonen artikuluari jarraituz, Hudson-ekhonela dio (http://neweconomicperspectives.blogspot.com/2010/09/while-labor-unions-celebrate-anti.html): Europako egoera sakonagoa da langabeziaren eta atzeraldi ekonomikoaren kontrako erreakzioa baino. Funtsean, hurrengo belaunaldian Europak nola funtzionatuko duen kontua dago. Lan-indarraren kontra, oraingo europar neoliberalen saioek arrakasta lortzen badute, Europako Batasuna apurtuko lukete eta barneko merkatua ezabatu: finantzazko coup d'etat-en aurrean gaude.

Gainera, bankariek nahi dute beren mailegu-erreserbak berreraikitzea lan-indarraren kontura. Horixe da EK-k egin nahi duena, 1930etik ezagutuko den lan-indarraren aurkako kanpainarik gogorrena, «aspaldian Nazioarteko Diru Funtsak eta Munduko Bankuak Hirugarren Munduko herrialdeei jarritako austeritate planak baino askoz muturrekoagoak».

EBZ krisia erabiltzen ari da gobernuei isunak jartzeko, baldin eta alokairuak jaisten ez badituzte. Gobernuei esaten zaie bankuetatik interesetan maileguz bereganatzea, ez azken 50 urtetan egin dena, hots, zergen bidez beren errenta altxatzea. Interesak ordaintzeko gai izango ez diren gobernuek beren programa sozialak ezabatu beharko dituzte, eta horrek ekonomia murrizten badu -eta, beraz, gobernuaren zerga-errentak-, gobernuak gastu soziala are gehiago murriztu behar du.

Jakina denez, EBZ kontrol politikotik independentea da, eta Europan egoera hori txalotzen da demokraziaren aparteko lorpena balitz, egiaz, oligarkia finantzarioaren ezaugarri nagusia den bitartean.

EBko herrialdeek beren dirua (euroa) depreziatu ezin dutelako-ohiko neurria dena subiranotasun monetarioko edozein herrialdetan-, lan-indarraren aurka borrokatzen dute, ez higiezin erreala, finantza eta beste rentier-sektoreakzergapetu, ezta monopolioak erregulatu edo eta zerbitzu publikoak hornitu.

Edozein gobernuk kredituak (dirua) sortzeko daukan monopolioak ez du funtzionatzen Europan, eta ordaina Europa bera apurtzea izan daiteke. Munduko edozein banku zentraletan ez bezala, EBZren araudiak berari debekatzen dio gobernu-zorra monetizatzea -EBZ politika demokratikotik independentea den bitartean, ez da independentea merkataritza-banku kideen kontroletik-. Beraz, EBko gobernuek bankuetatik hartu behar dituzte maileguak, zeintzuek interesa daraman zorra sortzen baitute, benetako banku zentral batek kosturik gabe egingo lukeena -gobernu baten kontrol demokratikoaren menpe egonik-. EBZko ez-aukeraturiko kideek aukeraturiko gobernuen gaineko plangintza ahalmena kontrolatzen dute. Horixe da errealitatea.

Ondorioak Letonian, Islandian, Grezian... ikusi ditugu, baita hemen ere. Europaren atzeraldi ekonomikoaren aurrean, Keynes-ek proposaturikoaren aurkakoa nagusitzen ari da, alegia, alokairuak jaistea. Hudsonen iritziz, Europa bere buruaz beste egiten ari da: suizidio ekonomikoa, demografikoa eta fiskala da.

Iraultza neoliberala martxan dago. Aberatsak gero eta aberatsago bilakatzen ari dira, eta pobrezia hedatuz doa: erruduna merkatua omen.

Baina merkatuak -politikatik at indar objektiboa ei dena- ez du bultzatu austeritate ekonomikoa. Askoz errazagoa izango litzateke higiezin erreala, jabego eta ondasun fiskala eta monopolioak zergapetzea, lan-indarraren alokairuak jaistea baino. Hau da, krisiari aurre egiteko, egon badaude beste fiskalitate mota bat, beste politika ekonomiko bat, beste jarduera finantzario bat -kapital ukigarrian inbertituz, ez espekulazioan-.

Aukera hauxe da: nor izango da menperatua, banka ala lan-indarra? Borroka hasi besterik ez da egin.

Europa hankaz gora jarri nahi du EBZk: Adam Smith, John Stuart Mill, Marx, Keynes... alboratu behar dira. Funtsean, ekonomialari klasikoen irakaspena, hots, prezioa eta balioa bi kontzeptu ezberdin direla, lurperatu nahi du. Klase-borroka berria hemen dago, mendekuz beteta gainera.

Eta Euskal Herrian, jakitun ote gara krisiaren sakontasunaz, EBZren rolaz, gobernu baten ahalmen monetarioaz, kredituen erabileraz, politika fiskalaz...? Ala oraindik XIX. mendeko eskema zaharkituekin eta errezeta erabat zaharrekin erantzun nahi zaio egoera berriari?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.