Aurre-aukeraketa jadanik gertatu da. Donostia azken txanpan dago, aukeratutako seikotearen barruan. Memento aproposa, beraz, izendapen esanguratsu honek benetako etekin kultural, sozial zein ekonomikoa ekar diezaiokeen galdetzeko.
Europako kultur hiriburuaren izendapena, eskualdeak berpizteko, kultur eduki berriak txertatzeko zein nazioarte mailan ezagutarazteko aukera egokiena izan al liteke?
1995-2005ean izendapena jaso zuten hirien inguruko Palmer ikerketaren aburuz, egitasmo hauen arduradunen %80ren iritziz, hirien bilakaeran etekin gehien lor dezakeen gertaera kulturala omen da. Hara nola, item ekonomikoari soilik dagokionez, euro bakoitzeko, 8-10 euroko etekina eraginez, garapena eta enplegua sortuz.
Testuinguru honetan, kultura sektoreak Europa mailan zein Euskal Herrian sortzen duen eragin ekonomikoa gogoraraztea beharrezko da. Hara nola, kultur ekimenak BPGaren %3,10 omen dira, jabetza intelektualari lotutako ekimenak, berriz, %3,85 -azken urteetako batez bestekoak-.
Nolanahi ere, ekimen erraldoi guztietan bezala, aukerek arriskuak dakartzatela onartu beharra dago. Izendapenak, era zuzenean Europar Batasunaren diru laguntza «urri» bat baino ez duelako suposatzen -zuzena zein zeharkako batzuetan parte hartzeko aukera-. Beraz, egindako kudeaketaren arabera lortuko dira etekinak. Zorretan bukatu duten egitasmoen kopurua arrakastatsuak suertatutakoak baino nagusiagoa dela argi izan behar dugu eta.
Beraz, Donostiaren ekimenaren inguruan, honako galdera hauek sortzen zaizkit:
Maila honetako hiri batentzako, horrelako izendapenak badauka indar nahikorik? Zein da, Europako-Estatuko hirien arteko rankingean Donostiaren lekua?
Merco-ciudad enpresa eta hiri monitoreak hainbat item neurtuta egindako ikerketaren arabera (2008-09), Donostia Estatu mailako hirien artean 10. postuan dago. Aldiz, Europako hirien arteko «sailkapen-zerrendetan» (Cushman & Wakefiled ikerketan, kasurako) lehenengo 50en artean ez da aipatu ere egiten. Antzeko dimentsioarekin, Europar hiri kulturalaren izendapena lortu zuten hainbat hirik, ordea: Brujas 2002 (117.000 biztanle), Graz 2003 (250.000), Lille 2004 (225.000), Cork 2005 (120.000), Luxenburgo 2007 (103.000), eta Stavanger 2008 (123.000), kasurako.
Prozeduraren hasierako urratsetan egonda ere, ekimenaren kudeaketa egoki bat egiten ari dela esan genezake?
Izendatutako urtearen barruan egingo diren ekitaldi kulturalak oinarri badira ere, etorkizunari begira egitasmoak hirian eragin dezakeen ekimen eta egitasmoen iraupena eta indarra egitasmoaren barruan ezarri beharreko irizpidea behin betikoa da. Badaude ere Hiriburu kulturala suertatu, urterako oso egitasmo indartsua antolatu, eta gero ezerezean birrindu diren adibideak -Sevillako Expo-aren adibidea birsortu behar gabe, hor dago Salamanca 2001 egitasmoa, kasurako...-. Hari horretatik tiraka, zein izan behar da hirian jadanik suertatzen diren ekimen kultural esanguratsuenen kokapena, rola?
Ekonomiaren egoera kaxkarra kontuan izanik, jadanik urriak diren baliabideak gehiago banatu behar izana ez da bada kaltegarria suertatuko? Hirian errotuta dauden ekimenak, alegia, nortasuna eta ohiko business-a ematen diotenak, gaur egun aurrekontuari dagokionez kilikan dauden Zinemaldia, Tabakalera eta Antzerki azoka moduko kasuetarako?-herri kulturari dagokion zenbait ekimen xumeagoak ahaztu gabe-.
Aurre-aukeraketa egin duten epaileek onartu bezala, Donostia 2016 egitasmoaren ideia-indarra zein ardatzak baliotsuak direla badirudite, horrelako ekimen batetik suerta daitezkeen aukerak bereganatzeko oinarriak jartzen ari dira?
Arrakastaren oinarrizko elementua, bertako bitartekari kultural, sozio-ekonomiko zein populazioak, oro har, parte hartzeko eta sentiarazteko egitasmoak daukan abilezian datza. Horra hor, Lille hiriaren kasu esanguratsua. Aurrekontuaren %20 laguntzen bidez lortzeaz batera, hiritarren zein Frantzia osoko zenbait baliabideren konplizitatea lortu baitzuen -SNFC kasurako; hiria eta Europako metropoli garrantzitsuenak trenez lotu zituen-.
Donostia 2016 egitasmoaren arduradunak ildo hauetan beharrezkoak diren lan ildoak bultzatzen ari dira? Udaletxeak ez ezik, onarpen formaletatik harago, inguruko instituzio publiko zein pribatuen elkarlana eta konpromisoa bideratzen ari dira? Edo alkatea eta bere ingurukoen ekimen baten aurrean baino ez gaude? -Ez dut uste, hiriaren aukeraketa eta Odonen hauteskundeetarako berraurkezpen asmoa publikoki lotzeak mesede askorik egiten dionik egitasmoari-.
Laburbilduz, erronka honek egitasmo orekatu bat behar du izan, europar kulturaren adierazgarri legez hiriaren berezko ikurrak agertu behar dituenak, hiriaren nazioarte mailako irudia indartu eta txukunduz -hain modan dauden hirien marketin estrategiak landuz- herritarrak zein kultura bitartekariak nahaspilatuz, asmatutako harreman sare-egiturak, ekimenak zein baliabideak etorkizunean uztartuz.
Ene uste apalean, ekitaldi liluragarri batzuetatik haratago, 2016ko Europako Kultura Hiriburuaren izendapena, Donostian zein Gipuzkoan, oro har, ezarri beharreko kultura politika berri baten adierazle gertatu beharko litzateke. Kulturaren oinarrizko gaitasun sinbolikoa erabiliz, herrialde bat osatzen duten sentsibilitate, gizarte agente, instituzio zein bitartekariak aurrez xedatutako helburu batzuen ildoan ibilbide metatzailea abian jarriz.
Europako Kultura Hiriburua 2016
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu