Idazlea. Patxi Juaristi

Euskal gazteak eta euskara

2010eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Orain arteko ikerketek erakutsi duten bezala, gazte mota ugari eta oso desberdinak bizi dira Euskal Herrian; bizimodu, ideia eta gizartearekiko ikuspuntu oso desberdinak dituztenak. Dena dela, badaude euskal gazteek identifikatzen dituzten zenbait berezitasun.

PISAren emaitzen arabera (Ekonomia, Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak bultzatutako Ikasleen Nazioarteko Ebaluaziorako Programa), Hego Euskal Herriko ikasleek hobetzeko asko dute, baina munduko herrialde garatuenetako ikasleen parean dabiltza. 2006ko datuen arabera, euskal gaztetxoak ez dira beste herrialde garatu batzuetakoak baino jakintsuagoak, baina ezta ezjakinagoak ere.

Eusko Jaurlaritzak argitaratzen duen Gazteen adierazleak2009 lanean, bestalde, argi agertzen da Hego Euskal Herriko gazteek Estatuko beste toki batzuetakoek baino prestakuntza akademiko hobea dutela. Adibide bat ematearren, 2006an, Nafarroako 20 eta 24 urte bitarteko gazteen %82,9k eta EAEko %81,2k bukatua zuten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, eta Estatu espainiarreko batez bestekoa, berriz, %61,6koa zen.

Baloreei dagokienez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteek garrantzi gutxi ematen diete erlijioari eta politikari. Aldiz, dirua eta ondasun materialak dira euskal gazteen kezkarik handienetarikoak. Modu berean, adiskideek edo familiak berak baino ardura handiagoa eragiten diete besteek eurei buruz dituzten iritziek edo norberaren irudiak edo itxurak. Horrez gain, EAEko 15-29 urte bitarteko gazteek gizarte sareetan duten parte-hartzea nahiko txikia da: bakarrik gazteen %3,4-k parte hartzen dute alderdi politiko batean edo ekintza-talde batentzat lan egiten dute, %5-4k sindikatu bateko kide dira edo bertan parte hartzen dute eta %8,4k elkarte edo GKE batean lan egiten dute.

Euskararen ezagutzari dagokionez, azken hamarkadetako gazterik gehienak euskaldunak dauzkagu, nagusiki eskolari esker. 1997-1998 ikasturtean, D ereduan ikasten zuten EAEko gazteen %34,97k, eta 2006-2007 ikasturtean, gazteen %50,46k.

Bukatzeko, esan behar da gure ume eta gazteak gero eta gehiago kontsumitzen dituztela Disney Chanel eta antzerako ikus-entzunezko komunikabide eta produktu kultural atzerritarrak, euskarazkoen kaltean.

Euskal gazteak herrialde garatuetan bizi diren beste gazte askoren antzerakoak dira: ikasteko gaitasuna badute, materialistak dira, gizarte sareetan gutxi parte hartzen dute eta atzerriko produktu kulturalak gustatzen zaizkie. Desberdintasun garrantzitsuenetariko bat da euretariko askok euskaraz dakitela eta gutxitutako komunitate linguistiko baten parte direla.

Euskaldun sentituko ote dira nagusitzen direnean? Euskararik erabiliko dute etorkizunean gaur egun eskolan euskalduntzen direnek? Ez ote dira materialistegiak gurea bezalako kultura txiki bat gordetzeko?

Onartu egin behar dugu euskal gazteei sortu diegun testuinguruak ez diela euskaldun izateko aukera askorik ematen. 2006. urtean egin zen euskararen kale erabileraren neurketaren arabera, Euskal Herriko zazpi biztanletik batek (%13,5) baino ez zuen kalean euskara erabiltzen. Bestalde,gazteentzako ikus-entzunezko euskarazko produktuen merkatua eta eskaintza txikiegia da produktu kultural atzerritarren aurka borrokatzeko. Gainera, 2005ean D ereduan ikasten zuten ikasleen %68k ez zuten gainditzen 16 urterekin beharrezkoa den euskararen ezagutza maila. Gazteak ez jakinez, zaharrak ezinez, egitekoak doaz gaizki eginez.

Azaroaren 19an, Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeak antolatuak, XV. Jagon Jardunaldiak egin ziren Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan, Gazteak, aisialdia eta euskara gaiaren inguruan.

Jardunaldian ikusi genuen agian ikuspuntu linguistikotik asko eskatzen diegula gure gazteei, eta gutxi ematen. Euskaraz hitz egiten jarri nahi ditugu testuinguru erdaldunetan. Euskal produktuak kontsumitzera bultzatu nahi ditugu, beste hizkuntzetako produktuak erakargarriagoak izan arren. Egiatan, gure frustrazioak proiektatzen ditugu beraiengan, bizi diren errealitate linguistikoa zaila dela konturatu gabe. Izan ere, nola eskatu ahal diezaiekegu gazteei euskaraz hitz egiteko, nagusiok erdaraz jo eta ke aritzen bagara?

Zalantza gabe, gazteen euskararen erabilera sustatzeko, dugun diglosia egoera gainditu beharra dago. Nagusion joera linguistikoak aldatu gabe, zaila izango da gazteen egoera soziolinguistikoa iraultzea. Egintzak ez badeutse berbei jarraitzen, honek ez dute balio ezertarako. Dena dela, Jone Miren Hernandezek jardunaldian esan zuen bezala, epe labur eta ertainean, garrantzitsua izan daiteke gazteen euskararen ezagutza, erabilera eta motibazioak beste parametro batzuetatik aztertzea. Izan ere, gaur eguneko parametroetatik abiatuta ondorioztatzen dena da euskara arrotza dela gazteentzat, eta, agian, ondorio horren arabera proposatzen diren irtenbideak ere ez dira aproposenak gazteak euskara eta euskal kulturara erakartzeko. Begiak noraino, nahiak haraino. Jone Miren Hernandezek esan zuen bezala, gazteek euskararekin duten harremana aztertzerakoan beste begi batzuekin begiratzen ikasi behar dugu. Ez da erronka makala!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.