Euskal hizkuntza politika baterako

2015eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Harritzekoa da hizkuntza-politiken emaitza kaxkarrek pizten duten erantzun ezaxola. Noizean behin halako ika-mika sortzen da, diru kontuak tarteko, bakoitzak bere paperari eusten dio, eta ondoren garrantzitsuari heltzen diote: «herritarrak kezkatzen dituzten arazoak», «politika sozialak», «adiskidetzea», «estatus berria»... Deigarria da hainbat aurrerakoi, intelektual, eta mugimendu sozial-etan ere antzerako ardura falta sumatzea. Beti dabiltza babestu beharreko baztertuen bila eta plataforma kultura-anitzak bultzatzeko gertu. Euskararen inguruan, aldiz, nahikoa izaten dute noizean behin ateraldi bitxiren bat botata. Tamalez, antzerako noraeza edo suma liteke herri mugimendu abertzalean. Ematen du bere praktika politikoa ere hainbat mugimendu sozial-en eta GKEren diskurtso doktrinario zibilistek mugatzen dutela, eta hemen ere euskara (eta beste hainbat gauza) alboan geratzen dela.

Horren arrazoietako bat da euskararen inguruko edozein planteamendu eskubide subjektibo hutsen eremura baztertu dela, eta eskubide subjektiboena tranpa mortala da euskararako bi arrazoirengatik: 1) Eskubide subjektiboez hitz egiten denean berehala agertzen dira hierarkiak, eta lehentasuna izango dute «eskubide (subjektibo) unibertsalek», eta hor ez da euskara sartzen. Are gehiago, euskara trabatzat jotzen da eskubide unibertsal horiek gauzatzeko, bazterketarako tresnatzat. Samur ahazten da Euskal Herrian benetan beti egon den, eta orain dagoen, bazterketa, jazarpena, herri baten aurkakoa dela, bere hizkuntzan hitz egiten duen herriaren aurkakoa. 2) Eskubide unibertsalen zelaia ez da neutrala eta beti epaile interesatu batek kudeatzen du. Alde horretatik, esan daiteke eskubide subjektibo unibertsalen ideologia praktika etnozidarako aitzakia ere izan dela, espainiar eta frantziar estatuek erabili dutena euskarari egin zaion eraso sistematikoan.

Aldaketa garaietan ei gaudenez, unea da euskara edozein adostasunetarako lehentasunen artean ipintzeko, eta, lehenengo aldiz, euskal hizkuntza-politikarako ardatzak zehazteko. Horretarako, hiru eremu politikotan zatitu gaituztenez, hiruretarako puntu hauek joko nituzke oinarrizkotzat: a) Euskara eskubide hutsen kontua izatetik aitortza eta betebehar kontua izatera pasatzea. Erkidego bateko kideak garen neurrian denok ditugu gure betebeharrak, legezkoak, moralak eta politikoak, eta betebehar horiekin datoz eskubideak, ez lehenago. Praktika totalitarioen oinarrian dago betebehar bariko eskubidedunak egotea. b) Onartzea azken bi mendeetan zehar, gutxienez, eman den praktika etnozida, glotozida, espainiar eta frantziar estatuek bultzatu dutena eskubideak, berdintasuna, aitzakiatzat hartuta. c) Hizkuntza zorra-ren aldarrikapena. Hain samur esaten dutenek euskaran egiten den gastua gehiegikoa dela, edo euskara eremu pribatura baztertu gura dutenek, jakin beharko lukete gastu horrek, berez, espainiar eta frantziar estatuen kargura joan beharko lukeela, eurak izan direlako euskara egoera honetara ekarri dutenak. d) Edozein adostasunen abiapuntuan hizkuntza-burujabetasuna onartuko lukeen estatus politikoa egon beharko litzateke, euskara egon ez dadin eten bariko erasoak eta trabak jasaten, legedi arrotzak aitzakiatzat hartuta. e) Hainbat bazterketarekin hain sentibera den Europaren betebeharra izan beharko litzateke euskararen, azpiratutako hizkuntzen, babesa eta berreskurapena. Horretarako estatuen gainetik legokeen tresneria juridiko eta politiko europarra bultzatu beharko litzateke.

Horrek denak bere ondorio praktikoak ditu, eta eskatzen du plangintza serioak egitea euskal hiru eremu politikoak kontuan izanda. Ez dago aitzakiarik EAEn hamar urte barru funtzio publiko osoa euskalduna ez izateko. Datorren funtzionarioen belaunaldi aldaketarekin, eta gazteek euskalduntzeko izan dituzten aukerekin, zentzu gutxi dauka euskaraz ez dakien jendea hartzeak, gero eurak euskalduntzen dirua eta denbora gastatzeko. Garaia ere bada horien pareko neurriak hartzeko ekonomia pribatuari dagokionez, berdintasuna eguneroko bizitzan ere txertatu behar delako. Betebeharraren eta aitortzaren ereduak kontuan izan beharko luke azken hamarkadetan jende askok euskara zintzo ikasteko konpromisoari eutsi diola. Jarrera hori erakutsi duenari aitortu behar zaio dagokion eskubidea. Eta baten batek erabaki badu, bere eskubide liberal unibertsalak direla eta, euskararik ez ikastea, beti izango du aukera euskaltegietan maila egokia lortzeko.

Ez du arazorik egon behar termino horietan adostasun politikoetara heltzeko. Bi estatuetako eskuma eta ezkerraren tradizioa ezaguna zaigu, baina eurek ere eguneratu beharko dute noizbait euren diskurtsoa eta praktika zapaltzailea. Ezin da beti euskararen mamua astinduz bizi. Dena dela, badago motiborik hegoaldean Ahal Dugu talde berriarekin zorrotzagoak izateko eta eskatzeko jarrera gardenak euskararen inguruan. Ez du balio «txikikeria identitarioak» eta «gehiegikeria nazionalistak» aipatuz ezkutatzea, edo frankismoaren erreformaren garaian jartzea muga. Euskararen arazoa sakonagoa eta askoz lehenagokoa da. Azkenik, era guztietako «bazterketekin» hain sentiberak diren intelektual, aurrerakoi eta mugimendu sozial horien aldetik, ez legoke gaizki euskararen egoera salatu eta garai berri baten aitzindaria izango den plataformaren bat bultzatuko balute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.