Gure etxean askotan entzundakoak gara, aitak gerra garaiko historiak agertzen zituenean, nola Donostiako Kursaaleko zubian, ia egunero aurrez-aurre ikusten zituen euskaldun gerra irabazleak. Aitak zioen, gerra garaian etxetik atera ez ziren batzuk, bertan etsaiari lagundu ziotenak, senide, lagun eta ingurukoen ondare guztiak bereganatu zituztenak —jabeak hilda edo kartzelan zirelarik—, horiek, euskaldun horiek, zirela gure herriko etsai madarikatuak. Aitak zioen; ezerezetik aberastu direnak dira, hor dabiltza harro eta tente, baita lotsagarri, baina gu ez bezala, barruan duten harrak janda hilko dira.
Nire ustez, gaur egun Lakuan iruzurrez sartutakoen artean horrelakoak, izan badaude. Bestela nola ulertu Lopez jaunak esandakoak: «Indarkeriaren bukaerak mesede egingo dio euskalgintzari». Orain arte, euskarak dituen oztopo, tranpa eta zerrikeri guztiak, ETAk inposatuak ote dira ba? Agian, beharbada ez dira Lopez berak esandakoak, euskaldun «hispainiartu» guztiak barruan daramaten harrak baizik. Xantai usaina sumatzen zaizu Lopez jauna.
Jode, zer nolako maila ematen ari den baskongadoen lehendakari berri honek.
Izan ere, espainiarrek euskaldunei zigortzen gaituzte euskaldunak garelako. Oharturik daude, nahiz eta ofizialki inoiz horrela denik esan ez, euskaldunak «besteak» garela, bai etnikoki, bai kulturalki.
Atzera begira jarriz, nik uste dut, Gerra Karlistak, 1936ko Errepublika, baita 1947ko grebak—gure aitak Pasaiako portuan bizitutakoa—ez dituztela ahaztu oraindik. Ahaztu balituzte, hainbeste saiatuko al lirateke euskaldunen hizkuntza suntsitzen? Niretzat argi dago —nahiz beraiek ez onartu — ekintza kolonial bat dela. Beraz, —jakina denez— Lopezen jarrera nazkagarriak baditu aurrekariak, eta ez nolanahikoak.
Jarrai dezagun atzera begira. Ehun urteetan zehar frantsesak Algerian arabeen hizkuntza suntsitzen saiatu ziren, eta lortu ez bazuten ere, gutxienez arabe literarioa irakasten ez zen hizkuntza hila bihurtu zuten.
Berdin egin zuten euskararekin Nafarroa behean eta bretoiarekin, Bretainian arrakasta desberdinak lortuz. Horrela mugaren bi aldeetan sinestarazi nahi zioten —gaurko antzeko zerbait— etnia oso bati, bere hizkuntza maitagarria bai, baina ez dela beharrezkoa, historian dagoen dialekto bat besterik ez baita.
Euskal Herriko hegoan ia-ia erabat galarazi zuten bere erabilera. Ikastolak eraikitzea debekatu, euskarazko argitalpenak mugatu, eskolak eta unibertsitateak zapaltzaileen hizuntza eta kultura irakasten zuten.
Irratiak, zineak, telebistak, baita egunkariak ere, Espainiako arazoak gaztelaniaz adierazten zituzten, —eta dituzte —espainiar «demokraziaren» propaganda eginez.
Zer esanik ez, administrazioko langilea eta maisu-maistrarekin, espainarra edo «hispainiartua» zegoen. Eta jakina, espainiar funtzionarioek gaztelaniaz egindako azterketen bidez hartzen zituzten, ia- ia gaur bezala.
Azken urteetako esperientziak agertzen diguna da, duela berrogeita hamar urte bezala, Unamunoren zoritxarreko esaldia «laster euskara hilko da» errepikatzen zutenek, gaur euskara hil nahian dabiltzala.
Zuek, euskaldun «hispainiartuak» ez duzue jakin nahi, euskara —Europako hizkuntzarik zaharrenetarikoa dela—, etazuek ari zareten bezala, indar ezberdinak erabiliz ezabatzea, benetako kultur genozidio dela. Kontinenteko ekonomia guztiz nekazaria zen garaian sortutakoa, gero gizartearen bilakaera malgutasunez egokitu ez bada ere, espainiar konkistatzaileek bere erabilera galarazi zutelako izan da.
Ez dut gauza berririk esango, espainiarrek euskararekin, betidanik desagertzea nahi dutena, euskal nortasuna dela. Hori argiaizanik, Ipar edo Hegoaldeko biztanle batentzat euskaldun izatea —besteak beste— euskara hitzegitea da. Ez bakarrik hizkuntzari dagokion iragana berreskuratzen duelako, batez ere, hiztunen multzoko partaide izatea heltzen delako baizik. Askotan bakardadean bada ere.
Nire uste apalean, hauxe da Euskal Herriko kulturaren ardatza, baina baita kolonizatzaileen kezka nagusia. Euskara desegitea lortuko balute, haiek betidanik nahi duten gizon abstraktua litzateke euskalduna, eta sekula berea izan ez duen eta izango ez duen hizkuntzan, gaztelaniaz, solastuko litzateke. Baina horrela izanagatik ere, kolonizaturik jarraituko luke eta bere kolonizatua egote horren kontzientzia hartzea, nahikoa luke, euskara berriro pizteko.
Hitz potoloak erabiliz, askok diote, «kultura, gizonak gizona sortzean datza». Bale, baina nik horri erantsiko nioke, ez dela kultura unibertsalik egongo zapalketa unibertsala desegiten ez den bitartean. Ukaezina baita gaur egun Euskal Herrian kultura unibertsalista dela. Euskalduna gizon unibertsala egin nahi dutelako, izaera nazionalik gabekoa, era guztietan espainiar antzeko hiritar abstraktua. Hori, espainiar gobernu guztien helburu nagusia.
ETAk jarrera militarra amaitu izanak, denontzat mesederako omen, horrela diote, baina Lopezek, eta bere alderdikide batzuek esandakoak kontutan harturik, ez dakit ba egi borobila ote den.
Euskal nortasuna desagertzea nahi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu