Euskal nortasunaren giltzarriak

Eider Mendoza, Aitor Kerejeta, Xabier Iradoy
2010eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Gaur egun gero eta indar handiagoa ari da hartzen identitatearen defentsa, norbanakoarena eta herriena, gizarteak gauzatu nahi dituen helburuak aurrera ateratzeko, helburu politikoak nahiz ekonomiaren garapen jasangarriari lotutakoak, eta gizakia erdigunean jartzen duten egitasmoak garatzeko». Horra Juan Jose Ibarretxe lehendakariak defenditzen duen ideietako bat, Batu Gaitezen: Bakea eta erabakitzeko eskubidea dokumentalean ageri dena.

Erdigunean, pertsona. EAJren ikuspegi politikoaren ardatza da, eta aipatutako dokumentalaren oinarrietako bat. Irizpide honen lehen ondorioa, norbanakoaren giza eskubide guztiekiko konpromisoa da, aurren-aurrenik bizitzarako eskubidearekikoa. Giza bizitza errespetatzetik eta zaintzetik dator gainerako guztia. Oinarri hori gabe dena urratzen eta erortzen da. Orain sumatzen ari gara badatorrela ETAren amaiera eta bere indarkeriak ez duela gehiago sufrimendurik ereingo gure artean; Gobernu espainiarrak presoen zigorrak gizalegez betearazi behar ditu; herri erakundeek bakezkoak egiten lagundu behar diote gizarteari. Gure herriaren bakeak normalizazio politikoaren ildoko urratsak ere eskatzen ditu, bazterketarik gabe eta «hemen bai, hor ez» jokoan ibili gabe. Printzipio horiekin bat gatozke gehienok, baita gure bailaran ere.

Baina gizakia erdigunean kokatzen dugunean, bere ikuspegia arazo politikoaren eta indarkeriazkoaren eraginak baino areago doa. Gure harremanen duintasunari eta zuzentasunari ere badagokio. Krisi garai honetan bereziki, gure jarduera indibidual nahiz publikoen bihotzean pertsona jartzeak, ahulenak zaintzera eraman behar gaitu. Zertarako dugu Bidasoaldea, Gipuzkoa, diruz eta medioz aberatsa elkartasunez eta eskuzabaltasunez pobrea baldin bada? Uste dugu gizakia bazter batera uzten duen eta guztiontzako bizitza duinaren alde egiten ez duen eredu sozio-ekonomikoa ez dela urrutira joango, huts egingo duela, baina hori bai, larrutik ordaindu beharko dugula bide horretatik joz gero. Gizakia hautsi egiten du eta gizartea zatitu eredu horrek. Ez da gure bidea. Batu Gaitezen ekimenak pertsonari dio muin-muineko balioespena, eta horixe aitortzen du batzen gaituen lehen nortasun-ezaugarritzat. Baina gizakiak ez gara izaki isolatuak; gizakiak gizartekoak gara, izaki sozialak, alegia. Horregatik, ezin ditugu banatu norbanakoaren giza eskubideak eta eskubide kolektiboak, azken hauen baitan garatzen baitira aurrenekoak.

Motorra, erabakitzeko eskubidea. Pertsonarentzat bizitzeko eskubidea dena, herrientzat existitzeko eskubidea da, bere ondorio guztiekin. Izan ere, herri orok, baita Euskadik ere, izateko daukan eskubideak berekin ditu beste herri baten menpe ez egoteko eskubidea eta bere etorkizuna askatasunez erabakitzeko eskubidea. Euskadik, herri denez, eta guk, bertan bizi garen euskaldunok, eskubidea dugu gure eredu sozial, kultural, ekonomikoa diseinatzeko eta hori gauzatzeko nahi dugun marko politiko eta juridikoa erabakitzeko. 171 urteko gatazka politikoa konpontzeko giltza izateaz gain, Euskal Herria eraikitzen jarraitzeko motorra da erabakitzeko eskubidea. Eta motor horrek iturri batetik hartzen du indarra: euskal nortasunetik, bakarra eta berezia nahizdinamikoa eta bizia. Gure identitatea ez da hutsaren hutsetik osatu. Mendez mendeko demokraziaren eta burujabetzaren ariketan ondutako identitatea da gurea, foru-sistemari esker. Gure erabakien jabe izateak arrastoa utzi du Euskal Herriaren nortasunean eta Euskadiren egitasmo politikoan, gure historiaren eta eskubideen oroimen bizia. Demokrazia da gure etorkizuna erabakitzeko eskubidearen taupada, eta taupada hori herrian sendotzen ahaleginduko gara Batu Gaitezen ekimeneko gizon-emakumeok.

Indarra, nortasunak. Gaurko Euskadirik ez zen izango geure nortasunaren kontzientziarik izan ez bagenu, euskaldun izateaz poztu ez bagina, herri hau maite izan eta bere alde lan egin izan ez bagenu. Identitatea eragile erabakigarria da gizaki gisa eta elkarte edo kolektibitate gisa hazteko. Hala gertatzen ari da globaltasun garai honetan. Ez dugu gure inguruan begiratu besterik: ez dago eskaintzarik ez hezkuntzan, ez merkataritzan, ez industrian... bere nortasun ezaugarriak nabarmentzen ez dituenik; hain mundu ugari eta irekian gero eta garrantzi handiagoa ari da hartzen norbera zer den zehaztea, norbere identitatea zaindu eta garatzea. Hor dago etorkizunerako gakoetako bat.

Batu Gaitezen-eko gizon-emakumeok konpromisoa hartzen dugu Euskadin errotutako nortasunaren alde lan egiteko. Azpimarratuta utzi nahi dugu gure nortasunaren muin-muina, guztiz era berezi eta bakanean euskalduntzen gaituen huraxe dugula: euskara. Gure hizkuntzaren bidez, pentsamendu, sentimendu eta bizipenen unibertso oso bat ematen eta hartzen dugu euskaldunok, eta aldi berean beste ezerk ez bezala batzen gaitu euskarak gipuzkoar, nafar, lapurtar, bizkaitar, arabar, zuberotargarenok.

Erroak nahi ditugu bizitzeko.Gure herririk eta gure nortasunaren errorik gabe,edozein tsunami politiko, kultural edo ekonomikok zapaltzeko zorian geratuko ginateke. Beharrezkoa dugu hau guztia zainduko duen erakunde-sistema, elkarrekin arraun eginez Euskadi norabide berean eramateko indarrak behar ditugu erakundeetan, aurrera egin dezan bake-bidean eta giza eskubideen errespetuan, demokrazian eta erabakitzeko eskubidearen gauzatzean, beste kulturetara zabalik dagoen euskal kulturaren sakontzean. Irizpide hauetan bat gatozenok badugu zer egina: gure nortasun berezia errealitate espainiar nahiz frantziarrean ito nahi duten indarrei aurre egitea. Gehienok bat gatoz gauza hauetan. Beraz ba, Bidaso aldean ere, Batu Gaitezen!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.