Euskoeuropeismoa 'ama-atx-landa' indoeuropeismoa

2015eko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Euskal Herriak mendebaldeko Europaren sorreran izan duen garrantzi historikoa erabat finkatua gelditu da azken urteotan, genetikaren bi ekarpenei esker. Batetik, horko herri asko (Irlanda, Eskozia, Gales, Ingalaterra…), hein handi batetan, glaziazio ostean hemengo aterpetik (Kantabria - Euskal Herria - Akitaniatik) joandako gure arbasoen ondorengoak direla. Bestetik, Joxemiel Barandiaranen teoria baieztatu da: euskal etniak gure lurraldean gutxienez 8.500 urte daramatzala zioen berak baina, horrez gain, epe hori 15.000 urtetara handitu da.

Bitartean, inbasio indoeuroparren datuei buruz zalantza berriak zabaldu dira. Zenbait genetistek esandakoaren arabera, inbasio indoeuroparrak ustez baino berantiarragoak izan dira (orain 4.500 urte), eta Anatoliatik baino, errusiar estepatik etorri zirela ondorioztatu dute.

Genetikak emandako datu berri hauek ez dira orain arte euskal hizkuntzalaritzara eraman, nahiz eta Europan hori kontuan hartzen hasi duten zenbait hizkuntzalari egon badagoen, Theo Vennemann, esate baterako. Horrez gain balio heuristikoa kendu zaio euskerari, hau da, teoria desberdinak proposatzeko eta berraztertzeko balioa.

Adibidez, hitz erro, hitz edo egitura bat berdintsua denean euskeran eta zenbait hizkuntza indoeuroparretan, indoeuroparrari onartzen zaio iturria, eztabaidarik gabe, hipotesi alternatiboen kontrasterik gabe. Beraien historia ñimiñoak gure aurrehistoria zabala zapalduz. Euskalari akademiko ausarten etorreraren esperoan, dena den, badago zer aldarrikatu euskaltzaleen ekarpenetan. Adibidez, indoeuroparrak beretzat dituen erro asko eta asko, zaharragoa den euskeran oso zabalduta izatean, zalantzaz betetako testuinguru baten aurrean jartzen gaituzte. Eremu askotan, toponimia eta hitz familia zabalak euskeran baditugu, eta familiarik gabeko kasu isolatuak hizkuntza indoeuroparretan badira, nola da posible euskerara indoeuroparretik etorri izana? beste norantzak askoz zentzu gehiago du.

Adibide xume bat: (h)aitz-atx lanabesen sendi osoa dugu euskaran. Latinen, aldiz, asciola delako hitz soltea. Hipotesi indoeuroparraren arabera, bai bitxia! euskal aizkora asciolatik dator eta, inplikazioz, beste haitz sendi guztia ere, nahiz eta sendi hori hizkuntza indoeuroparretan ez existitu. Askoz zentzu gehiago du honakoak: latineko asc-iola eta indoeuroparren beste adz-atx adibideak euskeratik edo Europa mendebaldeko hizkuntza baskonikoen sendi zabal batetik etortzea, atx-aitz forma eta sendia izan omen zutenek.

Bestetik, ez dugu ahaztu behar, paleolito garaian eta ostean ere, Asturiasko kobetatik Alemaniako hegoaldeko kobetaraino, ehiztari-biltzaile komunitateen arteko harremana oso handia izan zela, arkeologiak frogatu digun moduan. Toponimia, hitz sendiak, egitura sintaktikoak, eta abar, berrirakurtzeko garaian geundeke. Hainbat xehetasun dago kontuan hartzeko; adibidez, koba paleolitikoen inguruko toponimiak (Lascaux, Cromañoneko kobak…) euskal toponimoz beteta daude, baita beste lurralde askotan ere. Beraz, glaziazioaren ondoren hango biztanleak Europa osora zabaldu zirenean, genetikak frogatu bezala, irteera egunetik bertatik bere hizkuntza maitatua ahaztuko zuten?

Ondorioz, erro eta hitz asko non sortu ziren, nork zabaldu zituen eta jatorriz norenak diren baieztatzea, gure uste apalean, ez da erraza. Eta hemen tenisaren paradigma aipatu behar dugu. Nazioartean kirol ingelestzat daukate baina Jose Maria Bellido proposatu zuen moduan Iparraldeko joko garbian oinarritutako aldaera bat baino ez litzateke izango. Izan ere, tenisean sarearen altuera, bat dator guztiz joko garbian erabiltzen denarekin eta frontoietako aurreko aldeko txapekin. Horrez gain tenisean jolasteko ezinbestekoa den xarea ere hor daukagu, baita beste zenbait kontu ere: zenbatzeko sistema, zelaiaren zabalera, sake eta pasaren arteko aldea... Bellidok zioenez, Frantziako eta Nafarroako errege-erreginek Iparraldetik Parisko gorteetara eraman zuten, han zabaldu zen eta handik hartu omen zuten ingelesek. Arau desberdin batzuk jarri eta mundutik hedatu zuten geroago, euren kirola balitz bezala.

Indoeuropeismoaren proposamen askorekin tenisaren antzeko zerbait gertatu ote den susmoa dugu, hau da, jatorriz euskal hitzak hartu zirela eta horietako batzuk hedatu zirela Europan zehar. Bitxia da, adibidez, indoeuropeismoaren teoriaren bultzatzaileen gehien-gehienek euskera ez ezagutzea, ez aipatzea eta ikertu nahi ez izatea, nahiz eta gutxienez 15.000 urtez, bere milaka aldaerekin bada ere, Europan iraun duen hizkuntza bakarra izan seguraski.

Eta argi geratu behar da euskal hiztzat hartzeak ez duela esan nahi gaur egun Euskal Herrikotzat ditugunik, baina bai guk hizkuntza indoeuroparrek baino askoz lehenagotik —batzuk paleolito garaitik agian— erabiltzen ditugula.

Horregatik, indoeuropeismoaren teoriarekin batera euskoeuropeismoaren teoria ere eraiki behar dugulauste dugu, eta, horretan aritzeko, maiatzaren 9an Euskeraren Jatorriaren X. Biltzarra egingo dugu. Bertan, erro hauek ikuspegi anitzetatik ikertu dituzten eta zenbait lan argitaratu dituzten hizlariak izango ditugu Zestoan. Arratsaldean Ekain kobak bisitatu eta Oteitzaren eskultura txiki bat oinarri hartuta Una filologia para nuestro Preindoeuropeoargitalpenaren 20. urteurrena gogoratuko dugu. Amaitzeko Iruña-Veleiaren grafitoak egiazkoak izateko gero eta zantzu gehiago daudela azalduko da, azken bost urte hauetan indusketa erromatarretan faltsutzat emandako antzeko gauzak agertzen ari direlako.

Atzera begirako euskeraren lan honetan etorkizunera begirako ildoren bat ere izango da. Felix Zubiagak esaterako, patriarkalismoak hizkuntzen aldaketetan izugarrizko garrantzia izan zuela azalduko du eta, gizakiok bizirauteko, gizateriaren eta hizkuntzen sorreran egon zen amaren mundu ikuskera eguneratu bat behar dugula proposatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.