Ezinduen nazioarteko eguna

Iñigo Lamarca, Julia Hernandez, Iosune Etxeberria
2010eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Abenduaren 3a Ezinduen Nazioarteko Eguna da. Egun horretan ezagutzera eman nahi dira, indar handiagoz ahal bada, ezinduekin zerikusia duten gaiak, esaterako, gaur egun berdintasunean bizitzeko nozitzen dituzten eragozpenak, eta zenbait ekintza sustatu nahi dira pertsona horiek gizartean, politikan, ekonomian eta kulturan txertatzeko. Pertsona horiek, egiaz, eskubideen jabe direla onartu behar da, gainontzeko herritar guztien aukera berberekin. Ezberdintasuna errespetatzen bada eta dibertsitatearen eta gizatasunaren zati bat direla onartzen bada, ezinduak erabat eta modu eraginkorrean gizarteratu ahal izango dira.

Horregatik, guztion lana da, gizartearena oro har eta botere publikoena bereziki, zerbait gehiago lortzeko ahalegina egitea eta pentsamoldeak eta paradigmak aldatzearen alde egitea gure hiriak diseinatzean, gizarte-baliabideak antolatzean, aisialdiaz eta kirolaz pentsatzean, gure harreman pertsonalak irudikatzean eta gauzatzean. Gizakiaren funtzionaltasunen dibertsitateak nagusitu behar du aldaketa horretan, gure ahalmenen aniztasuna errespetatuz eta aintzat hartuz.

Premisa horretatik abiatuta, Arartekoa eman dioten eginkizuna betetzen ahalegintzen da, gure gizartean arlo honetan gertatzen ari diren aurrerapen garrantzitsuak bultzatzeko asmoz. Hala ere, badakigu oraindik asko dagoela egiteko. Gure lanaren lagin esanguratsua ikus daiteke egin dizkiguten banakako kexen biderapena eta erakunde honek proposaturiko jarduerak aztertuz. Kexa eta jarduera horiek botere publikoen jardueraren alderdi desberdinekin dute zerikusia.

Adibidez, azken bolada honetan, gure herrietan elementu mekaniko ugari jarri dira (arrapalak, eskailera mekanikoak) inguru fisikora edo hiriko ingurura errazago iristeko. Alabaina, elementu horiek ez diete pertsona guztiei erabilerraztasuna berdin bermatzen. Erabilerraztasunaren aldeko neurri gisa azaltzen dizkiguten dispositibo horiek, egiaz, ezin dituzte erabili mugikortasun urriko pertsonek. Horregatik, erakunde hau udalekin harremanetan jarri da aurten, zera eskatzeko: ahalegin handia egin dezatela hiri-inguruetan igogailuak jartzea lehenesteko, neurri hori lagungarria izango baita mugikortasun urriko pertsonen bizimodua hobetzeko eta diskriminatuak ez izateko duten eskubidea betetzeko.

Lerro hauen bitartez nabarmendu nahi dugu «guztiontzako diseinua» kontzeptuak bere baitan hartzen duela ezinduen aisialdia ere. Hori ikusteko, adibide adierazgarri bat aipatuko dugu: zinema-areto berri bat diseinatzen da eta, bertan, irisgarritasuna sustatzeko legean ezarritakoa betez eta aurrez finkatutako arauei jarraiki, aretoaren lehen ilaran jartzen dira gurpil-aulkian ibiltzen diren pertsonentzat gordetako lekuak, butaka guztiak kenduta. Agerikoa da hori egitean arauak agindutakoa betetzen dela (horrelako aretoetan berariaz toki batzuk gordetzea), baina harago joan behar dugu, eta gai honetaz gogoeta hau egin: zergatik ezinduek ez dute eskubiderik aretoan tokia gainontzekoek bezala aukeratzeko? Edo, zergatik ezin dira beren laguntzaileekin aretora joan edo aretoan egon?

Gauza bera gertatzen da futbol zelaietan, saskibaloi estadioetan, e.a. Oraintsu, ama batek hauxe salatu zuen erakunde honetan: 11 urteko bere semea gurpil-aulkian ibiltzen dela eta futbolzale eta saskibaloizale amorratua dela, baina ez zuela bere lagunekin esertzerik izan maiz joaten zen estadioetatik bakar batean ere, izan ere, gurpil-aulkia erabiltzen dutenek nahitaez beraientzat berariaz prestaturiko guneetan kokatu behar dute.

«Irisgarritasun unibertsala» eta «guztientzako diseinua» printzipioak beteko badira, inguruak dibertsitateari, herritar guztien beharrei erantzun behar die, eta ez da egokitu behar ingurua talde jakin batzuen behar berezietara.

Benetako berdintasuna lortzeko bidean, garraiobideak denok baldintza beretan erabili ahal izatea da beste erronka handienetako bat. Azken urteotan jarduera asko burutu diren arren, oraindik ere oso garrantzitsuak dira garraio publikoaren sistemak dituen egiturazko gabeziak. Inbertsio handiak egin beharko dira garraio publikoaren sistemek erabilera unibertsala izango dutela bermatzeko. Ondorio hori atera dugu erakunde honek Euskal Autonomia Erkidegoko garraio publikoaren sistemaren erabilerraztasunaz bukatu berri duen txosten-diagnostikoan. Txosten hori laster emango da ezagutzera.

Orobat, lan-merkatuan sartzea da ezinduak gizarteratzeko beste bide nagusietako bat. Laneratzea da ezinduen desio bizienetako bat eta, aldi berean, frustraziorik handienetako bat. Egiaztatu dugunez, aukeraketa-probak ez dira egokitzen pertsonaren ezintasunaren bereizgarrietara eta, horren ondorioz, ezinduak ezin dira funtzio publikoan gainontzekoak bezala sartu. Kasu hauetan, banan-banan modulatu eta egokitu behar dira aukeraketa-probak; beharrezkoa denean, ahozko edo idatzizko proben ordez, proba praktikoak egingo dira, edo proba burutzeko denbora luzeagoa emango da, prozesuan parte hartzen ari den ezindua lanposturako egokia den ala ez baloratu ahal izateko.

Horratx erakunde honetan aztertu ditugun gaien adibide batzuk. Horien berri eman nahi izan dugu ezinduen nazioarteko egun honetan, gizartea sentikorrago bihurtzeko ezinduek eguneroko bizimoduan beren eskubideak baliatzeko aurkitzen dituzten oztopo garrantzitsuez. Horrela, herritar guztiek eskubide berberak izatea eragozten duten edonolako oztopoak kentzen lagundu nahi dugu, oztopo fisikoak, gizartekoak, politikoak, ekonomikoak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.