Aktibista eta gizarte ekintzailea

Ezpataren eta lepoaren arteko hizketa

Alex Karraskosa
2024ko apirilaren 17a
05:00
Entzun

Abel Herzbergek, Bergen-Belseneko kontzentrazio-esparruan barruratutako abokatu eta idazle judu holandarrak, honakoa idatzi zuen: «Ez dituzte erail sei milioi judu; judu bat erail dute eta hori sei milioi aldiz errepikatu dute». Gerraren Hondamendien lekuko horrek nahi zuen pertsona baten larruan ipin gintezela eta haren erailketa behin eta berriz irudika genezala, zorabiatu arte.

Gaurkoan, UNRWAk egunero argitaratutako Gazako Zerrendaren egoerari buruzko txostenak arakatuz gero, antzeko ariketa egin dezakegu. Ehun bat txosten dira urriaren 7tik hona. Bakoitzean eraildakoen kopurua azaltzen da. Hurrenez hurren: 232, 138, 190, 340, 200... Bigarren egunetik bertatik haurren hilketak ere xehatzen dira eta, 72 orduren buruan, goragaleek kontatzea galarazten dute, kopuruak esponentzialak baitira: 20 ume, 70, 200... Astebetean «begia begi truk» burutua zen. Hamaika egunean palestinar baten bizitzak israeldar batenaren erdia balio zuen. Eta sei hil bete hil betetzen diren honetan, kontuan hartuta 32.975 biktima direla (horien %70 emakumeak eta haurrak) ebazten da palestinar baten bizitzaren balioa 0,04koa dela. Ia zero absolutua.

Talioiaren legearen aldebakarreko inflazio horrek badu arrazoi argi bezain ankerra, bestearen desgizatasuna, alegia. Ezen, zer munta dauka zenbatzaileak zenbakarria hutsala bada? Zer garrantzi gizakiak bere espirituaz gabetua bada? Ghassan Kanafani idazle eta buruzagi palestinarrak ozen salatu zuen desgizatasun-eginahalen jatorria: sionisten setioa eta, zehazki, «hezkuntza-setioa», «arabiarren arimen antzutzea sionista-robot bihurtzeraino».

Kanafaniren aburuz, okupatutako Palestinaren hezkuntza-setioak ezaugarri hauek zituen: 1) emigratu ez zuten arabiar gehienen eskola-maila baxua, artista eta idazleen belaunaldi baten loraldia eragozten zuena; 2) landa-eremuko talentuaren usurpazioa; 3) mundu arabiarraren pentsamendu-fluxuaren etendura; 4) nazioarteko literaturari (eta haren itzulpengintzari) egindako boikota; 5) zehaztutako gune militarretatik kanpoko edozein interakzio oztopatzea; 6) zentsura eta baldintzapena okupatutako guneak literatura genero hutsaletara muga zitezen; eta 7) zeuden argitaratzaile urrien zaintza autoritarioa eta komunitate-sentimenduak adierazten zituzten argitalpenen debekua. Zazpi ezaugarri: blokeoa, abandonua, usurpazioa, etendura, boikota, zentsura, galarazpena. Zazpi. Menoraren besoak adina.

Presio horren pean, erresistentziako literaturak hamarkada bat baino gehiago beharko zuen berpizteko. Eta Kanafani bera izango zen pizkunde horren ordezkari. Haren nobelen bitartez —Gizonak eguzkitan (1962), Geratzen zaizun guztia (1966), Umm Sa'ad (1969) eta Haifara itzulera (1970)— narratiba bueltatu zien palestinarrei edo, bestela esanda, euren burua kontatzeko gaitasuna eta, narratibarekin batera, autokonfiantza eta burujabetza. Horrez gain, Kanafarik kuwaitar zein libanoar kazetaritza goren aldira eraman zuen.

Alta, Sei Eguneko Gerraren ondoko urteetan Beirut iraultza palestinarraren epizentroa zen. Hiriaren eferbeszentziak, literaturaz eta kazetagintzaz mukuru, nonahiko arabiarrak erakartzen zituen. Bertan, 1969an, Kanafani Al Hadaf («Xedea») Palestinaren Askapenerako Herri Frontearen astekariko erredaktoreburu izendatu zuten. Haren zuzendaritzapean, Al Hadaf truke kultural eta artistikoko hub bilakatu zen. Aldizkariak eskuragarri egiten zuen ezkerreko prentsa, mezu politikoak —Afrika, Asia eta Latinoamerikako borroka dekolonialistekin sarean— artearekin, kaligrafiarekin eta satirarekin konbinatuz.

1972ko uztailean Mossadek Kanafani eta bere iloba erail zituen haien autoan bonba bat leherrarazita. Palestinako zenbait agintari eta kultura-erreferenteren aurka Israelek abiarazitako atentatu-segida baten lehenengoetakoa zen. Libanoko Daily Star egunkariak epitafio hau dedikatu zion: «Kanafani sekula tiro egin ez zuen komandoa zen; boligrafoa zuen arma eta egunkariko orrialdeak gudu-zelai».

Eta orduko hautsek —Osloko Itun zapuztua tarteko— oraingo lohiak dakartzate: imajinarioz zein eskubidez gabeturik, gazatarrak erreakzionatzera bortxatu zituzten; matxino izanagatik, haien herrian bertan erbesteratu ziren; eta bestelako «kontzentrazio-esparruetan», 2024ko otsailaren 29an, aireko kamera termikoari esker, Israelek bilatzen zuen «argazkia» lortu zuen, janari-kamioien inguruko «puntu beltzen anabasa», eta argazkiari zerraion kontaera subliminala: «ezereztu beharreko izurritea».

1970eko elkarrizketa batean, Australiako ABC kateko Richard Carlton kazetariak galdetu zion Kanafaniri: «Zergatik ez hitz egin Israelgo buruzagiekin?». Berari eta herri palestinar osoari zetorkiena iragarri zuen idazleak: «Nola hitz egin, bada, gu sarraskitzera datorrenarekin? Izatekotan, elkarrizketa hori ezpataren eta lepoaren artekoa da». Eta akaso, Israelgo Defentsa Indarrak ere alegoriaren jakitun zeuden, abian dagoen operazioari «Burdinezko Ezpatak» deitu baitzioten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.