Frantses iraultzan emakumeak indibiduo?

Tere Maldonado.
2006ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Oso egoera deserosoan dakusat neure burua. Jon Suduperekin ados egonik (Indibidualismoaren goraipamena, BERRIA 2006-10-20), eta ez ordea Suduperen kritikatzaile agertu den Andoni Eizagirrerekin (Indibidualismoa kalakan, BERRIA 2006-10-24), Suduperi erantzun behar zaiolakoan nago.

Esker txarreko mundu honetan ez dugu sarriegi parada izaten egunkarietan gure gustuko idazkiak aurkitzeko. Horregatik irakurtzen ditut nik hain gustura Jon Suduperen artikuluak eta saiakerak (egungo etika eta filosofia politikoarekin arduratuta dagoen edonork Ilustrazioaren Kriseilupean bere liburua irakurri behar luke lehenbailehen). Gizatiarra da oso atsegin izatea beste baten ahoan edo izkribuetan gure iritzia argi azalduta ikustea (gure iritzien aurkako ikuspuntuak oso lagungarriak badira ere, pentsarazten baitigute, argudioak bilatzera bultzatuz). Hori gertatu zitzaidan Suduperen indibidualismoaren goraipamenarekin topo egin nuenean. Esaldi bakar bat kenduta. Baina oso garrantzi handiko esaldia, ikuspuntu batetik behintzat.

Hain zehaztasun handiko artikulu batean guztiz engainagarria den zorioneko esaldia irakurri behar izatea zeharo harritzekoa iruditu zitzaidala esan behar dut, hasteko. «Iraultzaile frantsesek, beren aldetik, morrontza guztietatik askatu nahi zituzten gizon-emakumeak», dio Sudupek.

Jakin badakit pertsona guztiak aintzakotzat hartzen dituen lengoaia erabiltzeak gustu gutxiko bromak sortzen dituela egun, ustezko zuzentasun politikoa modu errazean irrigarri utziz (begira zelakoak entzun behar dituen Ibarretxe Lehendakariak gaztelerazko los vascos y las vascas erabileraren kontura). Ikuspuntu honetatik, eskertzekoa da emakumezkoak ere edozein diskurtsotan sartu nahi izatea. Baina ez da batere bidezkoa edozein modutan sartzea, bereziki horrela egiteak errealitatea eraldatzen duenean.

Hain zuzen ere, gizonezko filosofo ilustratuek guztiek, salbuespenen bat salbu (Condorcet lehenengo garaian, J. S. Mill geroago), eta zer esanik ez iraultzaile frantsesek, haiek beraiek ustez gizateria osorako aldarrikatutako printzipio politikoak esplizituki ez zieten aplikatzen emakumezkoei. Hor sortzen da feminismoa mugimendu politiko gisa. Beti egon baziren ere emakumeak euren menpeko egoeraren aurka altxatu zirenak, feminismoa sortzen da Ilustrazioren eta Frantses Iraultzaren koherentzia eza salatzeko, Celia Amoros filosofo feminista eta azken Saiakera Sari Nazionala jaso duenak -sari hori erdietsi duen lehenengo emakumea- azaldu duenez. Sudupek argi azaldutakoak (giza eskubideen aldarrikapena, gizabanakoari lehentasuna ematea, gizakia helburu eta sekula ez baliabide edo bitarteko hartzea, eta abar), hots, Ilustrazioaren filosofiak lehenengoz mahai gainean jarritako ideia berriek (benetan berriak eta iraultzaileak garai hartan), bai eta hauen gauzatze politikoak Iraultzan (Askatasuna, Berdintasuna eta Anaitasuna lelopean), berehala argitu zuten ideia eta praktika politika horiek guztiek ez zutela zerikusirik emakumezkoekin. Argigarria da oso irakurtzea ilustratu gehienen iturria den Jean-Jacques Rousseau-k esandakoa gizarte berrian emakume paperaren gainean, batez ere Émile ou De l'education idazlanean. Mary Wollstonecraft feministak erantzun nahi izan zion bereAVindication of the Rights of Women (1792) lanean, erantzun ere harriduraz jota, bere burua Rousseau-ren ideien jarraitzaile baitzuen, eta ezin baitzuen ulertu hain argitasun handiko pentsalari batek holako argitasun falta nabaria erakustea emakumeei buruz hitz egitean. Wollstonecraft-en Errebindikazioa baino urtebete lehenago atera behar izan zuen Olympe de Gouges-ek bere Déclaration des Droits de la Femme et de la Citoyenne; izan ere, aurretik aldarrikaturiko Deklarazioan (esan dezagun, deklarazio ofiziala 1789koa, Rousseau-ren borondate herritarra kontzeptuan oinarritua, izenez Déclaration des droits de l'Homme et du citoyen eta benetan gizonezko hiritarrena) emakumeen eskubideak ez baitziren kontenplatzen. Jakina denez, Olympe de Gouges gillotinatu egin zuten iraultzaileek 1793an. 1793ko azaroaren 19an, Moniteur Universel izeneko egunkari iraultzailean irakur daiteke Olympe de Gouges-ek Estatu gizon izan nahi zuela, eta legeak derrigorrean zigortu behar zuela emakume hori bere sexuaren bertuteak zeintzuk ziren ahaztu izanagatik. Hurrengo egunean, urriak 20, debekatu zituzten jakobinoek emakumeen elkarteak. 1795eko maiatzaren 24ko Dekretuak emakumeen parte-hartze politikoa debekatu zuen, emakumeek ez zutela gaitasunik inolako asanblada politikora joateko esanez. (Horregatik esan dezagun bide batez, hain da egokia Plazandreok izena, Donostiako feminista batzuek hartu zutena hauteskundeetan emakume zerrenda aurkezteko, eta orokorrean militantzia politikoan feminismotik aritzeko). Hau guztia emakumeen ahaleginak eta ekarpenak itzelezkoak izanik Iraultza garaile ateratzeko. Ez naiz gehiago luzatuko iraultzaileek gauzaturiko emakumeen kontrako egintzekin. Ez genuke lekurik izango, hain luzea izango baitzen zerrenda.

Ez zen hori, ordea, emakumezkoen azken dezepzioa ustez askatzaile izango ziren iraultza eta aldaketa prozesuekin. Gehienak, guztiak ez esateko, emakumeen kontra zapaltzaile bilakatu baitziren, modu desberdinetan. Esaterako, Estatu Batuen esklabotzaren kontrako borrokan edota XX. mendeko 60ko hamarkadako mugimenduetan, ezker berriaren eskutik, bigarren planoan geratzen zirela ikusi zuten emakume konprometituek, eta gauzak argitu behar zirenean, ezkerreko eta iraultzaren aldeko gizon gehienek emakume eskubideen aurka jokatzen zutela lasaitasun handiz eta inolako lotsa gabe gainera. Hortik sortu ziren mugimendu sufragista lehenengo, eta feminismo erradikala geroago.

Jon Sudupek eta egungo teoria etikoarekin eta politikoarekin arduratuta dagoen edonork aukera ezin hobea du orain feminismoaren ekarpen interesgarri eta baztertu ezinak ezagutzeko, aipaturiko Celia Amoros-en lana irakurtzen hasiz gero. Ez baitago feminismoa ezagutu barik politikan aritzerik, ez maila teorikoan ezta praktikoan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.