Gaur, eguerdian, San Marko Mankomunitateko junta deitua dago. Bertan, EAJ eta PSE-EEren botoek lehendakaritza kenduko didate. Bien bitartean, Joseba Egibarren Batu gaitezen horretaz gogoratzen ari naiz. Egibarri sinestea gustatuko litzaidake, bai. Baina ezin. Gehiengoa izanik, hiru urtez aritu gara lanean San Markon, gau eta egun, hondakinen arazoari irtenbidea eman nahian. Gaur, Egibarren botoek erabakiko dute ezetz, abertzale batzuek, gipuzkoar zati baten ordezkaritza zabal batek ezin duela politikarik egin. Eta abertzaleon artean adostasunera iritsi beharrean, PSE-EErekin ezkondu da Egibar, Ibarretxeri lehendakaritza kendu zioten horiei boterea emateko. Abertzaleok batzeko modu xelebrea Egibarrena.
Hondakinen gaian, abertzaleon artean akordioren bat lor ote genezakeen eztabaidatzeko bilera eskaerei muzin egin eta gero -GBBk zeregin garrantzitsuagoak izango baititu- dator Egibarren gezur berri hau. Ez zara sinesgarri, Egibar. Ez duzu nahi politikarik egin dezagun. Horregatik errauste planta eraiki nahian egiten ari zareten irregulartasun guztiak auzibidean jarri ditugu, errauste planta hori finantzatzeko udaletxeak itotzeko ahaleginari aurre egin diogu, eta beldur zarete mamua bide erdian ziplo geldituko den. Nik bezala, Europako Inbertsioetarako Bankuak ere ez zaitu sinesten, Egibar jauna. Larri zabiltzate.
Hondakinen negozioak ez du etenik -begiratu bestela Italiara, mafia nola ari den borrokan pastela ken ez diezaioten- eta, orain, Gipuzkoan errauste planta toxiko bat behar omen dela esaten digu Markel Olanok zuzentzen duen Foru Aldundiak. Mendi zuloan zaborra bota eta bota aritu direnak orain ustezko puntako teknologiarekin datoz. Pastela kenduko dieten beldur.
Hondakinen pastelak, orain arte dirutza jasotzeko balio izan duen negozioak, gipuzkoarron arazo larri horrek, konponbidea du. Gure seme-alaben osasuna arriskuan jarriko ez duen errauste plantarik gabeko konponbidea duelako.
Pertsonengan sinetsita, zero zabor politika bat ezarrita, herri eredugarri izan daiteke gurea. Abertzaleon esku dago hori, Egibar jauna, zure esku neurri handi batean. Nola liteke, orduan, gure herriaren alde ezer egingo ez duen PSOEri kudeaketa ematea?
Zaborra gutxitu beharra dago. Eta hori egin nahi duen herritarrari lagundu egin behar zaio. Autokonpostatzen duen herritarrari hobariak eman behar zaizkio. Denok atsegin dugu ongi egindakoa baloratzea. Gainera, administrazioari ekonomikoki merkeago irteteaz gain, ingurumena zainduko du. Eta konposta dezakeen arren konpostatu nahi ez duenari kutsatzeko eskubiderik ez duela esan behar zaio. Konposta dezakeenak konpostatu egin beharko du. Eta ez aipatu inposizio hitzik, nik konpostatzen dudan neurri berean ordaintzen baititut zergak. Ala zergak ordaintzeko prest diren boluntarioen diruekin soilik kudeatuko luke diputatu nagusiak Gipuzkoa? Milaka eta milaka familiak autokonposta dezakete Gipuzkoan, eta ehunka batzuek besterik ez dute egiten. Hor da lehen erronka.
Bigarrena, organikoa birziklatzea. Honetan ere, boluntarioak soberan daude. Legea bete beharra dago eta argia da: konpostagarria den hondakin organiko guztia biltzeko betebeharra dute 5.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerri guztiek. Oiartzun, Hernani eta Usurbilez gain, nork egiten du hori? Legea betez gero, zentzurik ba al du errauste planta toxiko erraldoi batek? Sistema eragingarriak jarri behar dira gure zabor poltsaren %40 hori, organikoa den %40 hori, garbi bildu eta konpostatzeko. Hori lortzeko atez ateko bilketa baino sistema hoberik topatzen bada, horren alde egingo dut. Bitartean, birziklatze mailaren langa %80tik gora lortzen duen atez atekoak jarri behar dira martxan. Eta 20.000 biztanle dituen Hernanik egiten badu, aitzakia gutxi gelditzen zaie gainerako herri eta hiri guztiei.
Eta %80 birziklatuta, zer egin %20 horrekin? Gipuzkoako industria aitzindaria izan da maila askotan. %20 hori organikoarekin apenas zikindu gabe legokeenez, zabor garbia dei diezaiokegu. %20 hori dezente txikiagoa litzateke konpresa eta pixoihalak birziklatzeko gai bagina. Jar ditzagun plangintzak unibertsitateak iker dezan, I+G plangintzak marraz ditzagun teknologia norabide honetan joan dadin. Eredugarri eta liderrak izan gaitezke; ordea, inork nahi ez duen tximinia luze eta toxikoa inposatu nahi digute.
Hondakinen arazoak konponbidea du. Baina horretarako herritarren alde egin behar da, ez enpresen alde. Herritarren parte-hartzea sustatu behar da, hondakinen arazo honi irtenbidea emateko giltza herritarrok dugulako. Pertsonak gara teknologiarik puntakoena. Horregatik, egin dugunagatik, eta nola egin dugun jabetuta, larri zabiltza, Egibar jauna. Horregatik botako nauzue, gaur. Baina Gipuzkoan iragana zarete.
Gaur, lehendakari izateari utziko diot
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu