Sabin Intxaurragari gutunak

Gero arte eta ohore!

2010eko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Gaixorik zeundela jakin arren, bart zu zendu izanaren berri ematen zidan mezua jasota, zur eta lur geratu naiz. Niretzat, militantziako kide bat baino gehiago izan zara, nire gidari politikoa, hain zuzen. Beti adoretsu, lanean herri honen alde, errealitatea beste modu batez ikusteko grina piztuz, gure aberria egun batean aske ikusteko ilusioa zabalduz.

Inoiz ez dut ahaztuko nigan jarritako konfiantza hainbat plataforma, gogoeta taldetan aritzeko; beti ildo berari jarraiki, independentista eta ezkertiarron indar metaketaren alde jarduteko. Beti zure ideiei fidel, zu kalte egin ziezazuketen ondorioei jaramon egin gabe, horren gainean beti zeudelako/ daudelako ingurumenaren defentsa, justizia soziala eta abertzaletasuna. Inoiz ez ditut ahaztuko zure hauspo mezuak, e-mailak, gogoetarako testuz beteak. Zure hitzak, momentu latzetan zein pozgarrietan.

Bart, ohean buruari bueltaka, flash asko etorri zitzaizkidan zurekin igarotako momentuenak: Nazioeztabaidetako solasaldiak Koldo eta Martinekin batera, Aberri Egun bateratuan zure emaztearekin batera poz-pozik, EAren azken kongresuan nolatan zuk eta Koldok ni zirikatzen ninduzuen estatuetako ponentzian nengoelako, Araiako mahai-inguruak Euskal Herri independente baten aldeko urratsak nola egin pentsatzeko, asanbladetako zure esku-hartzeak, Lortu arte-ren sinaduraren osteko solasaldia, eta nola ez ahaztu joan den irailaren 11n Bilboko kaleetan Kafe Antzokirantz nindoala izan nuen harrotasuna, esanez «Sabin izan da manifarako baimena eskatu duena!» denon eskubide zibil eta politikoen defentsan.

Bizitza askotan oso bidegabea da. Zuk hainbeste landutako egoera berri bat fisikoki ikusteko atarian geratu zara, baina zuk egindako lana ez da debaldekoa izango. Zauden lekuan zaudela, argi daukat irribarre batekin agurtuko duzula Euskal Herriko independentistoi datorkigun etorkizun hobea. 2009an zuk esandako hitzak beti izango ditut gogoan: «Estitxu, gure ekimena bide onetik doa, eta laster gauza liteke ezkerreko alderdi eta gizarte eragile abertzale independentisten arteko bloke soberanista indartsu eta erabakigarria euskal politikan. Eutsi goiari!».

Gero arte, irakasle handi, abertzale zintzo eta euskaltzale amorratua. Zauden lekuan zaudela, argi daukat zure Zeanuri maitatuko Gorbeia menditik Euskal Herriari begira egongo zarela independentistoi indarrak emanez. Gero arte eta ohore! Ez zaitugu inoiz ahaztuko. Goian bego.

Estitxu Iturrate. EAko militantea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.