Gihar ariketak Bilbon
Jende oldea bildu zen atzo Bilboko kaleetan, eskubide zibil eta politikoen eta giza eskubideen alde. Irailaren 11n egitekoa zen manifestazioaren debekuari erantzuteko deitu zuten jendea berriro Bilbora, eta, bizi dugun une politikoa benetan garrantzitsua dela jakitun, egoera iraultzeko gihar ariketa ere izan zen Bilboko manifestazioa.
Aterabide demokratikoa bide baketsuen bidez gauzatu nahi duten eragile batzuk ados jarri dira, eta atzera bueltarik izan behar ez lukeen ibilbidea marraztu dute Gernikako adierazpenean.
Baldintzak gorabehera, ETAk ere agertu du prestutasuna su-etenetik haratago joateko. Beste muturrean, berriz, estatu aparatuak jo eta su dabiltza. Ekinen eta Askapenaren aurkako operazioekin, giroa gaiztotu nahi izan dute. Bateko tortura salaketek eta besteko protokoloak erakusten dute Estatua nahierara ari dela jokatzen.
Egoera iraultzeko, ekimen eraikitzaileak izateaz gain, prozesua zapuztu nahiko duten indarrei ere egin beharko zaie aurre. Eta, pazientziaz gain, gihar sendoa beharko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu