Gizaki egiten gaituena

Txema R. de la Piscina
2011ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Hurrengo aste eta hilabeteak erabakigarriak izango dira. Legez kanpo dagoen ezker abertzaleak bere estatutu berriak aurkeztuko ditu. Alderdien legea zintzo asko beteko dute. Legeztatuko al dute? That's the question. Horren arabera, Euskal Herriko panorama politikoa dezente alda daiteke. Estatutu horien edukia jakin baino lehen, Perez Rubalcaba, Ramon Jauregi eta Conde Pumpido, besteak beste, garbi mintzatu dira: «Edo ETA behin betiko desagertzen da edo ETArekin duten harreman oro hautsi behar dute. Bestela, jai daukate». Jomuga garbia dute hitzok: epaileen lana baldintzatzea, agenda euren terminoaren arabera mugatzea. Estatu-arrazoiak arrazoiaren indarraren gainetik. Estatuaren arrazoia menderatzeko ez da aski arrazoia izatea, ordea. Arrazoi izatea bezain garrantzitsua da arrazoi horiek behar bezala defenditzen jakitea, modu koherentean, logika erabiliz, jendaurrean eta konplexurik gabe, han eta hemen.

Alderdi berria legeztatzeko egongo diren eragozpenak handiak izango dira, baina lege horren kontra dauden guztiak gai izango balira oinarrizko estrategia bat adosteko eta aurrera eramateko, helburu hori gauzagarria dela iruditzen zait.

Hamaika arrazoi egon litezke Batasunak ordezkatzen duen sektore politikoaren legeztapena defenditzeko. Nire ustez, edozein demokratak onartzeko modukoak dira ondorengo hiru. Bat: demokrazian aukera-berdintasuna bermatzea guztiz oinarrizko printzipioa da. Bi: egoera berri honetan mintzakide ofizialak behar dira (nola sina litezke akordioak legez kanporatutako ordezkariekin?) eta hiru: gaur egun dagoen argazki instituzionala ez dator bat gizartearekin.

Legez kanporatutako ezker abertzaleak soilik baliabide demokratikoen alde egin duen apustua eta bortxakeria forma ororen errefusapenaz sinatu duen adierazpena «ez dira aski» alderdien legea defenditzen dutenentzat. PSOE eta PPk ETAren gaitzespen esplizitua nahi dute. Nik ez dakit zer esango duten alderdi politiko berriaren estatutuek horren inguruan. Ideiarik ere ez daukat. Agian sorpresak egongo dira. Baina, hiru galdera xume dauzkat: noiz gaitzetsi du PPk frankismoa esplizituki? Noiz azaldu du alderdi berak gutxieneko begirunea matxinada faxista hark erail edo errepresaliatu zituen ehunka mila biktimaren senideekiko? Noiz arte zuritu behar du PSOEk Gonzalez jaunak GALen auzian izan zuen erantzukizuna?

30 urteko ibilbidea

Bitxia da gero gauzak nola aldatu diren azken 30 urteotan. 80ko hamarkadan HBk ordezkari dezente zituen instituzioetan, baina ez ziren ohikotasunez joaten erakunde horiek «nazionalak ez zirelako». Orduan, gainerako alderdiek hauxe zioten: «Zatozte hona eta defenditu zuen printzipioak». 90eko hamarkadan parte-hartzea areagotu egin zen, guztiz normaldu ez bazen ere. Bizkitartean, gatazka politikoa usteltzen eta euskal gizartea aspertzen ari zen. 2003an «zatozte hona» zioten berberek «zoazte hemendik» esaten hasi ziren. Alderdien legea etorri zen, eta horrekin batera 2004az geroztik ezagutzen dugun egoera anormal hau. ETAk lehenago utzi behar zuela bere jarduera? Guztiz konforme. Oraingo su-etena hau berandu datorrela. Ados. Baina gauza jakina da: baleuko eta balitz elkarren ondoen dabiz.

2011n gaude. Egoera objektiboki desberdina da. Printzipio demokratikoetan sinesten duten eragileek oinarrizko prozedura batzuk adostu, euren interes partikular eta legitimoak alde batera utzi eta ondorengoa aldarrikatzeko gai izan beharko lukete: «Honaino iritsi gara; gehiagorik, ez». Ozen, sinetsita, erabakimenez. Era horretan, agenda politikoa ez lukete bakarrik Rubalcaba, Raxoi, Patxi Lopez, Basagoiti, Jauregi eta enparauek mugatuko.

Duela gutxi Manuel Azañaren heriotzaren 70. urtemuga izan da. Bera izan zen Espainiak demokratikoki hautatu zuen Errepublikako azken presidentea. Mingarria eta esanguratsua da oso ikustea nolatan Espainiako ezkerrak baztertu duen haren irudi eta ekarpen intelektuala. Izquierda Republicana alderditik Espainiako presidente izan baino lehen, Manuel Azaña kartzelan egon zen. Orduko eskuindarren jazarpen ideologikoa jasan zuen. Alcala de Henareskoa zen bera, baina Bizkaitik hautatu zuten diputatu 1933an. Hizlari trebea zen oso. Eskuinak ez zion inoiz barkatu jendea mugiarazteko zuen ahalmen berezia. Gogoeta interesgarri franko utzi zituen. Politikaria baino lehen pentsalaria eta idazlea izan zen. 1930ean, Madrilgo Ateneoko presidente zelarik, estatu laikoaren aldeko defentsa sutsua egin zuen. Hitzaldia harribitxi honekin biribildu zuen: «Lagunok: askatasunak ez gaitu gizakiok zoriontsuago egiten; ez, soil-soilik gizaki egiten gaitu, gizaki».

Legeztapena orain lortzea betebehar demokratikoa da, printzipio kontua. Eskubide guztiak guztientzat. Askatasunaz ari gara, gizaki egiten gaituen horretaz, hain zuzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.