Gizarteak daroan bideaz

Andoni Canales Arrasate
2021eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Gardentasuna, konfiantza, umiltasunetik jokatzea, emozioez hitz egitea, ahalduntzea,xaxatzea... Horra hor, ikasleek euren onena eman ahal izateko irakasleak kontuan hartzekoak eta ezinbesteko aldagaiak.

Pandemiaren aurrean agintean dauden politikariek, aldiz, euskal gizartea osatzen dugun jendartearen aurrean autoritarismoz jokatu izan dute sarri, ez dute sinistu nahi izan populazioa heldua dela, pertsonok guregan konfiantza duen gobernu bat nahi dugula, informazioa gardentasunez jorratuko duena, enpatiko arituko dena eta biztanle guztion hobe beharrez lan egingo duena; azken finean, gu guztion langileak baitira.

Adin eta talde produktibotik kanpo dauden pertsonak gure agintarien politiketatik kanpo geratu diren sentsazioa daukat. Erabakiak hartu izan dituzten horien artean filosofo, soziologo eta gure gizartearen erdigunetik kanpo dauden sektore horien falta sumatu dut. Irtenbidea bakarrik zientziaren esku utzi izanak mahaia hankamotz utzi du.

Zahar-etxeetan egon izan diren gure nagusiek eta euren senideek bakarrik dakite zer-nolako egoeran aurkitu izan diren; hala ere, kanpotik bada ere, abandonuaren sentsazioa argia izan da. Ezin burutik kendu bizitza oso baten ostean, maite dituzten horiengatik dena eman eta gero, euren azken hatsa euren gertukoen laguntasunik gabe eman behar izatea. Krudela, zitala eta gizagabea laztanik, besarkadarik edo musurik ezin jasotzea. Eta horren atzean badago zahar-etxeak kudeatzeko modu zehatz bat, horren erantzulea izan dena.

Gazteei, eurenak eta bi entzutea egokitu zaie; egungo gazte belaunaldi hau printzipiorik gabekoa dela, beste astakeria askoren artean. Kritika sinplistak alde batera utzita, zer iruditzen zaizue gure telebista publikotik jasaten duten etengabeko jarraipen maltzur hori bestelako betaurrekoekin jarraituko bagenu? Benetan nahi dugu jakin zergatik egiten dituzten egiten dituzten gauzak? Hitza eman al diegu? Gu, gure belaunaldikook, aratzak ginen ala? Krikitika erraza alde batera utzi eta egin dezagun —gure agintariek izan behar lukete horren ardura—, behingoagatik, hausnarketa sakon bat: zer adinekin independizatu ahal dira?, zelan dago lan mundua gazteentzako?, zelan dago etxebizitza politika?, kultura eta balioak sustatzen dituen gazteriak agintarien kontroletik ihes egiten duelarik, gazte arriskutsuak bailiran aurkezten dituzte (nirekin edo nire kontra). Baldintza hauetan bizitza proiekturik eraikitzea ezinezkoa zaio inori. Kontua ez da ez dutela nahi, ez dietela uzten baizik.

Francisco Salmeron, Luc Montagnier, Kary Banks Mullis, John Ioannidis, Robert W. Malone, Didier Raoult, Karina Acevedo, Giuseppe De Donno lehen mailako zientzialariak —eta beste asko— isilaraziak, baztertuak izan dira pentsamendu bakarraren izenean. Eta zientzialaria ez baina bere gorputzaren eta pentsamenduaren jabe izanik lerro ofizialarekin bat egin ez duen oro, mespretxatua eta iraindua izan da, «negazionismoaren» zakuan sartu eta —komunikabide nagusien konplizitatearekin— osasun orokorraren eta norberarenaren osasunaren arteko silogismo faltsuarekin xantaia emozionala eta soziala erabiliz. Egin dezagun hausnarketa osasunaren oinarriez, eta beharbada konturatuko gara zenbait erabaki politikok osasun orokorraren kontra egin izan dutela...

Euskadin armak egin eta saldu egiten dira eta hori normalizatzera iritsi gara, eta erabaki horiek ekonomiaren mesedetan hartzen dituztenek, ondo egingo lukete klaserik gabeko gizartea bultzatuko balute (hamar urteko aldea dago Bilboko auzo behartsu baten eta auzo aberats baten artean, bizi-itxaropenari dagokionez). Gizarte klasista, elitista baterantz abiada betean! Noizko zoriontasuna gizartearen erdiguneko zutabe? Ah, klaro, horrek ez du dirurik ematen!

Eta azkenik... umeak. Etorkizuna osatzen duen gizarte talde hori ere jomugan kokatu berri duzue, txertoa gora eta musukoak behera. Txertorik jaso ez duen taldea (6-12 urte bitartekoak) osatzen dutenak dira ikastetxeetako patioetan musukoa eraman behar izango duten bakarrak. Ikuspegi kritikoaz, konfiantzaz, balioez, askatasunaz... jarduteko, bultzatzeko lekuan, umeak estigmatizatuta. Zer-nolako eragina izango du eurengan erabaki honek, ezpada, beldurra, errudun sentimendua, erabateko obedientzia, umearen naturaltasuna den galdetzeko eta protestatzeko jokabide horren etena? Zer gizarte nahi dugu sortu etorkizuna diren umeak hain gaizki tratatuta? Denborak esango du, baina etorkizun iluna, grisa, gizartea bera bezala.

Euskadi, auzolana!
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.